Bilboko Udalak iragarri du Lancor-Elgorriaga eta Consonni pabilioiak berehala eraitsiko dituela, eta segidan, Udalbatzan aurkeztu du lan horiek bizkortzeko proposamena, kontuan hartu gabe 80 pertsona inguru bizi direla bertan baldintza negargarrietan: euren ondasun
urriak babesteko eta aterpean lo egiteko aukera bakarra horixe dute, eraikina erortzeko arriskuak arrisku.
Ez da kontu berria, ezta bat-batean sortutako egoera ere. Pabilioi horiek hamar urte baino gehiago daramatzate okupatuta, baina gure kudeatzaileek “etorkizuneko” makineria interesatzen zaienean jartzen dute martxan, zenbakietan eta negozioan baino erreparatu gabe. Proiektu bat martxan jartzen dutenean, propagandaren distirarekin bat ez datorren guztia maketaren azpian ezkutatzen dute; ohituta daude oztopoak amen batean konpontzera eta jende xehea jakinaren gainean jarri gabe (ez ahal zaie oilategia asaldatuko). Arazoa lehertzen denean eta presio pixka bat sentitzen dutenean bakarrik onartzen dute egoera. Eta orduan bai, aitortzen dute egoeraz jabetuta daudela eta gainera esaten dute denbora daramatela konponbide bila. Une horretan baliabide faltaz hitz egiten dute, gaiaren konplexutasunaz, erakunde eta arlo guztien arteko koordinazio beharrari buruz, departamenduen artekoaz, gosari- eta lan-bazkariez... Ari gara gaia lantzen borobiltzen dute. Eta orduan, balizko aurrerapenak azaldu edo gutxienez hartutako jarrerak aipatu beharrean, zuzenean jotzen dute “ez etorri demagogiekin” eta “politika merkea egiten ari zara” moduko kontradiskurtso klasikoetara, eztabaida beren koto pribatuetan kokatzeko. Bla, bla, bla... Patio garaiko “eta zu gehiago!” hartan bezala.
Oso ondo... Orain behintzat badakigu arazoaz jabetuta daudela.
Jaun-andre kudeatzaileok, azaldu al dezakezue zein izan den zuen kudeaketa azken 20 urteotan? Denbora horretan sortu, hedatu eta finkatzen joan da espazio eta pabilioien okupazioa, Bilboko Manhattan proiektuaren maketa aurkeztu ondoren bat-batean hutsik geratu ziren eraikin horietan. Seguru aski txikikeria, huskeria izan da hau —edo guztiz gai irrelebantea— hainbat zenbaki, adreilu, zementu, sustatzaile eta higiezinen, IMQ, IDOM,
Mondragon... horien guztien artean. Edo agian izan da, bai, interes oportunistetan oinarritutako kudeaketa minimo eta aitorrezinik ere?
Eta garrantzitsuena: jaun-andre kudeatzaileok, konprometitu al zaitezkete gutxieneko duintasunez konponbide bat bilatzera? Pertsona horiek derrigor lekuz aldatu beharko dira, baina ez dadila izan polizia bidezko kaleratze hutsa, arazoa leku batetik bestera mugitzeko baino balioko ez duena.
Orain Lancor eta Consonni dira, baina laster beste pabilioi eta espazio batzuei tokatuko zaie antzeko ataka. Hamar urte baino gehiago izan dituzue egoera horiek kudeatzeko modua pentsatzeko, eta oraindik hasierako puntuan gaude. Eta orain presaka?
Jaun-andre kudeatzaileok, bada garaia propaganda eta zenbakien kudeaketa baino zerbait gehiago egiteko. Zuen soldatak —ustez— ardura-postuak betetzeagatik dira, ez arazo deseroso bakoitza saihesteko edo beste baten gain uzteko.
Erriberako bizilagunek duela hamar urte ere hitz egin zuten, eta pabilioi horietakoren bat —industriaren memoria gordeko omen zutenak, nahiz eta %80 propaganda-gezur hutsa izan— egokitzeko proposatu zuten, gutxienez behin-behinean, baldintza duineko ostatu gisa (dutxak, garbigailuak...), gero eta jende gehiago heltzen ari baitzen auzora. Handik gutxira, alkateak berak publikoki adierazi zuen ekimenak oso ondo hitz egiten zuela bizilagunez. Baina bizilagunek ez zuten nahi haiei buruz ondo edo gaizki hitz egitea, baizik eta Udalak eta Zorrotzaurreko Batzorde Kudeatzaileak zerbait egitea, benetan kudeatzen hastea eta babesik gabe zeuden pertsona horien egoera larria nolabait arintzea. Ezer egiten ez bazen, egoerak okerrera egingo zuen eta. Hamar urte geroago, oraindik ez da ezer egin.
Berriro ere Planaren presak aginduta jardungo da pertsonak kontuan hartu gabe? Konponbidea “zubi azpian lo egitera” bidaltzea ote da?
Jaun-andre kudeatzaileok, gauzak erraz datozenean bakarrik kudeatzeko gai bazarete, eroso ez den edozer saihestu eta ardura beste bati uzteko joera baduzue, orduan, Lancor eta Consonni eraitsi beharra justifikatzen duten arrakalak ez dira ezer, ez horixe, harro
ordezkatzen omen dituzuen erakunde publiko horien arrakalen aldean.
Eneko HERRAN LEKUNBERRI
(Soziologian lizentziatua)