Eskerrak baino ez urte guzti hauetan zehar Prest! eta Uriola sostengatu duzuen eta proiektuaren parte izan zareten pertsona bakotzari. Eskerrak eskua luzatu eta bidearen zati bat zuekin konpartitzeko aukera eman izanagatik, anbiziorik gabe erronka hau hartzeko paradagatik.
Alferrikakoaren balioaz idatzi nuen hemen lehenengoz orain dela bi urte luze, hilero zeuzertxo idaztearen erronka hartu nuen moduaren nahi gabeko adierazle edo. Helburu konkreturik gabe, egitearen plazerragatik, lehenengo aldiei dagokien bertigo txikiarekin.
Eta zein ederra izan den bidea, hilero leku bat hartu eta bertatik begiratzea, ingurukoekin elkarrizketak partekatzea. Azken urteotako lan pertsonal eta politena garatzeko aukeragatik eskerrak.
Komunitatea indartzen duten proiektuak bultzatzen dituztenei eskerrak. Etekin ekonomikoa neurri ez duten elkarlan sareei eskerrak. Lehenengo aldiei leku egiten dietenei. Digitalizazio betean paperari eusten diotenei. Etxeko buzoia zabaltzeko grina piztuta mantentzen digutenei.
Alferrikakoak irudi lezaketen egitekoetan dabiltzan guztiei eskerrak.