PREST! badoa eta hau azken zutabea izango da, horregatik aukeratu dut izenburua, irakurleei agur esateko, aldizkariari ere bai. Euskaltzaindiako hiztegiaren arabera, agur da “norbaiti, ikustean edo eskutitz baten hasieran, eta bereziki harengandik urruntzean edo eskutitz baten bukaeran, esaten zaion hitza”. Primeran, beraz.
1914. urtean idatzi zen lehen euskarazko kronika euskaraz Deustun. Orduan ez zegoen semafororik, ezta smartphonic ere. Hektor Ortegak orriotan jasotakoaren arabera (PREST! 177 eta 233), “Ibarrekolanda” ezizeneko euskaldun bat da “Deusto-tik” idatzi zuena. Egoeraren berri eman zigun Euzkadi egunkarian: “Deusto’ko mutil gaztiok ezingo dabezala irakurri (leidu) emen idazten (eskribitzen) dodazan gauzatzubak, euzkeraz extakije-ta [...] baña bai-dakit be, berrogei urte ingeruko gixon eldubak, irakurri ta ulerrtuko dabezala gauzatxu onek”. Euskara atzerakadan zegoen, galbidean, eta lehen aldiz erdaldun hutsak ziren bertoko gazteak.
Gaur egun, ordea, egoera kontrakoa da, euskara transmisioari eta atxikimenduari esker bizi delako. Horregatik, umeek, nerabeek eta gazteek Ibarrekolandaren kronikak ulertuko dituzte eta adinekoek ez. Hori gutxi balitz bezala, gehien-gehienak euskaraz ondo irakurtzeko eta idazteko gai dira. Are gehiago, euskara nagusi den eremuan ikasi dute, gaur nagusi dena berton, ikastoletan ez ezik, hezkuntza publikoan zein itunpekoan ere bai. Nork esango zion Ibarrekolandari bere birbilobek euskaraz ikasiko zutenik “Escuela Nacional”ean? Nork esango zion gurasoek seme-alabei zekiten euskara transmitituko zietela eta erdaldunek seme-alabak euskalduntzeko apustua egingo zutela, katea eten ez zedin?
Ibarrekolandaren hitzei erreparatuz gero, nekez sinistuko zuen ume horietako batzuk Txantxikura edo Txepetxera joan eta begirale bihurtuko direla. Ez zuen sekula pentsatuko bere lobek “gure berbetea” sustatzeko elkarte bat sortuko zutenik, Berbaizu, edota bere burua euskalduntzeko euskaltegiak. Zer esanik ez, PREST! bezalako aldizkari bat jaioko zenik, euskaraz pentsatuta eta euskaraz idatzita, kronikak gustura bidaliko zituen tokia. Nork esango zion Ibarrekolandari hori dena gertatuko zela? Ez zuen imajinatuko, bada, hilzorian zegoen hizkuntza berpizten ahaleginak eta bi egingo genituenik?
Nik uste dut baietz, asko garelako euskaraz idazten dugunok, besteak beste, “emengo euzkeldunak, beti errderaz irakurrten ibilli barik, noz-edo-noz euzkeraz irakurrten asi deitezan”. Hori dela eta, nik ere uste dut, Hitzartu sortu zen moduan, sortuko direla besteak. Lehen bezala, hemen euskaldunak egon bagaudelako eta, lehen ez bezala, euskaraz nork idatzi ere badagoelako. Horregatik ere aukeratu dut izenburua, hain zuzen ere, “agur” hitzaren beste adiera “kaixo” delako. Beraz, agur bero bat PREST! posible egin zuten guztiei eta beste bat PREST! berri bat sortuko dutenei. Katea ez da etengo!