Baxu-jotzaileak ez dira izaten, salbuespenak salbuespen, musika talde baten protagonistak. Hala ere, abestien erritmoa mantentzeko ezinbesteko notak erreproduzitzen dituzte, hots, eskeletoa osatzen dute. Eta, batzuetan, nota sinple batzuk jota, geure buruan betiko geratuko diren erritmoak sortzea lortzen dute. Horren adibide argia: Queen taldeak eta David Bowiek elkarrekin egindako Under Pressure abestia, 2 nota nahiko izan zituena mitiko bilakatzeko. “Presioak estutzen gaitu” esaten zuten Freddiek eta Bowiek, “inork ez du eskatzen presiopean egotea”. Baina, 40 urte geroago, presio horrek oraindik hertsitzen gaitu.
Aurreko asteko asteazkenean, apirilak 10, munduko 36 herrialde aberatsenek sortzen duten Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakunde inperialistak eta hegemonikoak —ELGAk, gazteleraz OCDE— Under Pressure: The Squeezed Middle Class(“Presiopean: Zukututako Klase Ertaina”) txostena argitaratu zuen. Txostenak bi ondorio nagusi uzten ditu agerian: alde batetik, klase ertainaren beherakada, kolektibo horren bizitza-mailaren gelditze edo gainbeheragatik. Eta, bestetik, errenta altuek duten aberastasun metaketaren hazkundea. Azken datuen arabera, errenta altuenen %10ek aberastasunaren erdia daukate haien esku, errenta baxuenen %40k, ordea, aberastasunaren %3. Aberastasunaren banaketan Giniren koefizientea 1etik gero eta hurbilago dagoela guk badakigu, baina ELGA bezalako erakunde batek hori esatea paradoxikoa bezain lotsagarria iruditzen zait, geroxeago ikusiko dugun moduan.
“Inork ez du eskatzen presiopean egotea” zioen Mercury handiak, baina sistema horrek eskaintza eskariaren gainetik jartzeko abilezia handia daukan heinean, itotzeraino estutzen gaituela argi dago. ELGArentzat, urteko 11.488€ eta 30.531€ bitarteko errenta duten pertsonek osatzen dute Espainiako Estatuko klase ertaina; hortik beherakoak, aldiz, klase baxukoak dira . Eztabaidagarria, utopikoa ez bada, 11.500€-ko errenta duen pertsona batek, bakarrik, bizitza duina eduki ahal izatea. Txostenean sakondu ahala, klase ertainaren odolustearen klabeak aurki ditzakegu. Lehena, 80ko hamarkadatik hona sufritutako errenta igoeraren geldiketa, azken 10 urteetan %0,3 baino ez delarik igo. Horrez gain, oinarrizko ondasun eta zerbitzuak garestitu dira oso, izan ere, errentaren gainetik igo dira. Haien artean nabarmenena etxebizitza: errenta baino 3 aldiz azkarrago igo da eta pertsonen diru-sarreren herena suposatzen du.
Gaur egun, klase ertaineko bi etxetatik batek arazo ekonomikoak ditu eta familien %40 ez da gai ustekabeko bati aurre egiteko. Lan munduan dagoen ziurgabetasuna ere aspektu adierazgarria da. Klase ertainean mantentzeko kualifikazio maila asko handitu den bitartean, hezkuntza espezializatua eta graduondokoak nabarmen garestitu dira eta, gainera, automatizazio eta robotizazioaren ondorioz, klase ertaineko profesionalen eskuetan dauden sei enplegutatik bat desagertzeko arriskuan dago epe ertainera. Duela 30 urte ez bezala, klase ertainekoen seme-alabek, maila sozial horretan mantentzeko, 2 soldaten beharra izango dute “beheko solairura” jaitsi nahi ez badute.
Egoera lazgarria uzten digu ELGAren txostenak klase ertainari dagokionez, behe-klasea, berriz, guztiz ahaztuta uzten du. Baina, zorionez, erakunde potolo horrek egoerari aurre egiteko errezetak ere proposatzen ditu. Horien artean, errenta baxuen eta ertainen soldatak igotzea, emakumeen parte-hartzea handitzea lan munduan eta haien soldatak handitzea, errenta baxuen eta ertainen karga fiskala murriztea, lan egonkorrik ez dutenen diru-sarrerak bermatzea, etxebizitza, hezkuntza eta osasunerako sarbide duina izatea... Aurreko egoerara eraman gaituzten berdinek egoera horretatik nola atera gaitezkeen esaten digute. Lotsabako halakoak!
ELGA izan zen 2017ko martxoan Espainiako Estatuan Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga, BEZa eta zerga berdeak igotzea proposatu zuen erakundea. ELGA izan zen 2018ko uztailean Pedro Sanchezi 2012ko lan erreforma ez ukitzeko eta despidoagatik indemnizazioak kentzeko“gomendatu” ziona. ELGA izan zen 2018ko azaroan Espainiako Estatuaren erretiro baldintzak gogortzeko eta erretiratze adina 67 urtetara atzeratzeko proposatu zuena. ELGA izan zen 2018ko abenduan pentsionisten protesten aurrean amore ez emateko eskatu zuena, pentsioak ez igotzeko. ELGA bera da 2019ko apirilean plazaratu duen egoeraren errudun.
2008ko krisia behe-klasearen eta klase ertainaren azken kolpea izan da. Pentsa zitekeen ekonomiaren susperraldiak berarekin ekarriko zituela bizi baldintzen hobekuntzak, baina urteak pasa dira eta ekonomiak gora egin duen arren, gu, langileok, krisian jarraitzen dugu. Gero eta hiritar gehiagok uste dute sistema hori ez dela justua, jasotzen dutena baino gehiago ematen dutela, eta normala da injustizia hauen aurrean jendea kalera ateratzea. Gure ardura da ezinegon hori bide egokitik bideratzea, munduak eskuinera egiten ari den biraren aurrean. Sindikatu, alderdi politikoen eta mugimendu sozialen helburua izan behar kalea berreskuratzea, faxismoak irabazitako eremuei aurre egiteko.
Presiopean jarraitzen dugu presioa beti sentitu izan dugunok. ELGA bezalako erakunde batetik zerbait espero badugu, gaitza baino okerragoa izango da erremedioa. Under Pressure abestiak esaten duen moduan, “presioa jendearengan, jendea kalean”.