2020ko ekainaren 12tik uztailaren 12ra, Eurokoparen edizio berria ospatuko da. Eurokoparen 60. urteurrena ospatzeko, Europako Futbol Elkarteen Batasunak (UEFA) erabaki du ohiko formatua aldatzea, hau da, Eurokopa osoa herrialde bakar batean ospatu beharrean, Europako 12 herrialde ezberdineko hirietan antolatzea. Horien artean, Kopenhage, Budapest, Dublin, Amsterdam, Bukarest, Glasgow, Baku, Munich, Erroma, Leningrado (egun San Petersburgo), Londres eta, jakingo duzuenez, Bilbo. Gertutik biziko dugu Europako futbolaren jaia eta agian horregatik daukat lehen aipatutako abestia buruan. Izan ere, “tras la pelota hay mucha mierda”.
UEFA irabazi asmorik gabeko erakundea da eta lau urterik behin Eurokopa antolatzen du. Horretaz aparte, Txapeldunen Liga eta Europa Liga antolatzen ditu urtero, eta bertan Europako futbol talde onenek parte hartzen dute. Bi txapelketa horiengatik 2.800 milioi inguruko diru-sarrerak izan zituen 2016/2017 eta 2017/2018 denboraldi bakoitzean (UEFAk emandako azken datuak dira) eta 2015/2016an, Eurokopa urtea izanda, 4.576 milioi euro fakturatu zituen. Ondorioz, denboraldi honetan “kutxa” betetzea tokatuko zaio. Gero, “tartaren” zati handi bat txapelketa horietan parte hartu dutenen artean banatzen da eta taldeek zenbat eta txapelketan aurrera egin, orduan eta diru kopuru handiagoa irabazten dute. Horrek, UEFA aberasteaz gain, beste ondorio bat dakar: “tartaren” banaketa hori talde handien mesedetan egiten da, Real Madrid, Barcelona, Espainia edo Alemania kasu. Gizarteko esparru guztietan bezala, aberatsen eta “pobreen” arteko arrakala handitzen da futbolean ere.
Irabazteko asmo irmoa duen irabazi asmorik gabeko erakundea da UEFA. Diru iturri nagusiak txapelketek sortzen dituzten emisio-eskubideak (%81), merkataritza-eskubideak (%16) eta tiketen salmenta eta harrera (%1,4) izaten dira. Eta funtzionatzeko modua erabat monopolista. Monopolio batean, saltzaile bakarra egoten da, ez dago beste produktu edo zerbitzu ordezkagarririk, merkatuan sartzeko oztopoak oso handiak dira eta saltzaileak prezioan edo merkatuan eragiteko boterea du. Eurokopa bat antolatzean, UEFA da saltzaile bakarra, ez dago antzekoa izan daitekeen beste txapelketarik, ezinezkoa da beste erakunde batek Eurokopa bat antolatzea eta, nabarmenena, prezioan eta merkatuan eragiteko ahalmena du.
Bilbo EURO 2020ko egoitza izateko UEFAk baldintza batzuk jartzen ditu. Adibidez, zerga guztietatik salbuetsita egotea. Horrelako nazioarteko ekitaldietan ohikoa izaten da kenkari fiskalak egotea, %10-20 ingurukoak. Baina Eurokopagatik UEFAk ez du Sozietateen Gaineko Zerga, ez Pertsona Fisikoen Gaineko Zerga ordaintzen, ezta Ez-egoiliarren Errentaren Gaineko zerga ere. Ezer ere ez. Erabaki hori Espainiako gobernuak hartu zuen “Marca España”-ren izenean eta Eusko Jaurlaritzak berretsi zuen geroago. Dirudienez, “Basque Country” eta “Marca España” eroso sentitzen dira horrelako ikuskizun handiak antolatzen direnean.
Hala eta guztiz ere, UEFA ez da salbuespen fiskalekin konformatzen. Ohituta gaude Bilbon antolatzen diren ekitaldi handietan langileen prekarietatea ikusten; jardunaldi amaigabeak, soldata baxuak, baliabide urriak… Baina, Europako Futbol Elkarteen Batasunak prekarietatearen “Champions”-ean jokatzen du. Bere txapelketan boluntarioz hornitzen ditu lanpostuak. EURO 2020rako 12.000 boluntario “kontratatuko” ditu eta horietatik ia 1.000 Bilbon izango dira. Egingo dituzten lanen artean, ikusleei arreta ematea, komunikabide, babesle eta agintariei laguntza, zaintze lanak, informazio turistikoa,… Eta horren guztiaren truke, euro ziztrin bat ere jaso gabe.
Hori gutxi ez balitz, (zoritxarrez) Bizkaian gehien irakurtzen den egunkariak “pozik” esaten zuenaren arabera, 2.000 pertsonak baino gehiagok izena eman dute boluntario izateko. Lan zikina egin dute Bilboko eskoletan eta unibertsitateetan edota Bizkaiko futbol taldeetan propaganda banatzen, eta, gainera, Julen Guerrero honen guztiaren enbaxadore/gaizkide izan da. Non geratu dira nire idoloak... Ezberdintasun nabarmena dago enbaxadore eta boluntarioen artean: lehenengoak, poltsikoak beteko ditu eta, bigarrenak, antolakuntzaren petoa eraman ahal izango du. Eurokopa 2020ko petoa nahi baduzu, izena emateko aukera daukazu urriaren 31ra arte.
Ez naiz inoiz izan oso Eurokopa zalea, ziurrenik ez dudalako inoiz eduki nor animatu. Naziogintzak ere emango luke luze eztabaidatzeko aukera. Baina ereduari dagokionez, ezin dut babestu prekarietatea eta aberatsen onura oinarri duen eredu monopolistarik. Nire elkartasuna Eurokoparen modeloaren kontra borrokatzen ari direnentzat eta nire gaitzespena neoliberalismoari hiriko ateak zabaltzen diotenentzat. La Pollak esaten zuen moduan, “qué bonito es el fútbol para los que gobiernan”.