uriola.eus

Aurrekontu "kapitala"

Erabiltzailearen aurpegia   Iritzia

Horrela definitu zuen astelehen honetan Pedro Azpiazuk, Eusko Jaurlaritzako Ogasun Sailburuak, EAJk eta Elkarrekin Podemosek lortutako akordioa 2020rako aurrekontuen inguruan: ezinbestekoa “egonkortasun politikoa eta instituzionala” ekartzeko eta herritarren bizi baldintzak hobetzeko.

Ezbaian jartzeko bi baieztapen; badakigu EAJri ez zaiola gustatzen alor instituzionaletik aldentzen dena, eta sindikatuak edo herri-mugimenduak desegonkortasunaren sortzaile gisa aurkezten gaituela. Eta badakigu 2020rako aurrekontuek herritarren bizi baldintzei baino, kapitalari egingo dietela mesede. Agian, horregatik aurrekontu “kapital” gisa aurkeztu ditu.

“Zer eskatuko diozu urte berriari?” galdera maiz entzuten da garai honetan. “Osasuna, dirua eta maitasuna” erantzun ohikoa izaten da. Aurrekontuek, hein batean, zerikusia daukate aurreko galderarekin. Zer eskatuko diogu gobernuari? Argi daukagun arren, urtez urte gure desioak betetzen ez direla ikusten dugu. Osasunari dagokionez, Osakidetza gaixorik dago: behin-behinekotasuna, murrizketak eta zerbitzuen kalitatearen jaitsiera dira pairatzen dituen gaitzak. Diruari erreparatuz, aurreko urteetan baino gehiago bildu den arren, gastu arauak marrazten duen “alkandora hertsagarriak” mugatzen du bere erabilera, gehiago daukazunean gehiago gastatzeko legearen logikaren kontra. Azpiazuk berak erabili zuen metafora hori Espainiatik etorritako gastu araua definitzeko. Maitasunarekin konformatu beharko dugu, sentimendu hori askoz ere biziagoa baita beheko klaseetan goiko esferetan baino.    

Komentatu dugu aurrekontu hauek herritarren onerako baino kapitalari egiten diotela mesede. Izan ere, bizi garen oasi honetan urak ez du guztien egarria asetzen eta palmondoaren itzalak ez du jende guztia erreduretatik babesten. 2020ko aurrekontuen datuetan sakontzen badugu, hurrengo ondorioak atera ditzakegu:

  • 2019ko aurrekontuarekin konparatuz, 200 milioiko hazkundea egon dela tranpa hutsa da. 2020an 88,9 milioi euroko igoera egongo da eta 112,6 milioi hurrengo 6 urteetan esleitzeko dira, zehaztasunik gabe. Horrek, 2020rako %0,75ko igoera suposatzen du. Edo hobeto esanda, kontuetan ez da aldaketarik egongo.

  • AHT eta zorraren partidak barneratuta, 2019ko itxiera aurreikuspena handiagoa da 2020ko aurrekontu proposamena baino. Hau da, atzerapausoa emango da etaaurreko urtean baino diru gutxiago gastatuko da.

  • DSBEren %4ko hazkundea saldu dute, baina 2008ko legea aplikatuta lortuko genukeen zenbatekoarekin konparatuz, %25eko murrizketa dago DSBEan.

  • Azken urteetan gertatu den moduan, 2020ko aurrekontu proposamenarekin, osasunak eta hezkuntzak Barne Produktu Gordinarekiko duten pisua gehiago murriztuko da. 2009an osasuna %5,39ko eta hezkuntzak %4,34 pisua zuten BPGan, baina proposamen honekin %4,34 eta %3,54 izango dira, hurrenez hurren. 

  • Azken 2 urteetan, defizit muga izanda ere, Eusko Jaurlaritzak superabitarekin amaitu du eta, momentuz, 700 milioi euro baino gehiago metatu ditu. Hurrengo urtera begira, aurreko urteko superabita handitzea espero da, metaketarekin jarraituko da, alegia. Horrek, gero, ez du ondoriorik gastuan.

  • Eusko Jaurlaritzarentzat aurrekontu proposamen honek garrantzi handia ematen dio ekologismoari. Ez du esaten, ordea, ekologismoaren aldeko partida horietan AHTren edo industriagune batzuen berriztatzeko obrak sartzen dituela. Hain zuzen ere, Euskal Herriko inguru naturala gehien kaltetu duen proiektua izango da ekologismoaren irudi. 

  • Genero ikuspegiaren garrantzia nabarmendu nahi izan dute aurrekontuekin, 1.241 milioi genero-berdintasunerako politiketara bideratuko direla esanez, hala nola, soldata arrakalaren murrizketara, emakumeen aurkako indarkeriari aurre egitera edo bestelako politiketara. Baina datu hori ez da zehatza. Izan ere, zenbateko horretatik 330 milioi euro bideratuko dira partida horietara eta 911 milioi etorkizunean genero ikuspegia duten bestelako jarduera batzuetara bideratzeko aukera dagoela.

  • Aurrekontu proposamen hau EAJk PPrekin adostu zuenaren ia berdina da. 

Eta horren guztiaren lekuko da Elkarrekin Podemos (Podemos eta Equo). Nik uste nuen ezkerretik eskuinera 180 gradutako diferentzia zegoela, baina ikus daitekeenez 360 gradu omen daude. Edo, agian, ezin dugu Elkarrekin Podemos ezkerrean kokatu. Aurreko urtean, 1.500 milioi euro eskatu zioten Eusko Jaurlaritzari aurrekontuak onartzeko negoziaketetan. Orain dela hilabete bat, 350 milioi euroko igoera proposatu zuten. Eta, azkenean, 88,9 milioirekin konformatu dira. Dezepzio handia izan da hartu duten erabakia eta min handia egingo digu aurrekontu eta zerga sistema eraldatu nahi dugunoi. Guztia aldatzera etorri ziren horiek guztia berdin mantentzeko geratu dira.

Eta zer eskatuko diogu guk urte berriari? Murrizketen aurrean, konfrontazioa eta proposamen berriak. Gastu arauak sortzen duen alkandora hertsagarriari loturak askatu. Zerga sistema aldatu eta gutxien daukatenen zerbitzura jarri. Politika neoliberalen aurrean neurri sozialak ezarri. Prekarietatearen aurrean lan, pentsio eta bizitza duinen alde borrokatu. Nik, 2020ari greba orokorra eskatuko diot. 

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa