25 urte metro batean

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Murgia Esteve 2020ko ots. 19a, 12:15

Bilboko Metroa 25. urteurrena ospatzen ari da aurten. Erabiltzailea bazara, konturatuko zinen azkenaldian geltokietan musika ikuskizunak antolatzen ari direla. 

Metro Music Fest da festibalaren izena eta, noski, mugimendu gehien daukaten geltokietan gertatzen ari da. Gora Lutxana! Aldi berean, erabiltzailea bazara, konturatuko zinen azkenaldian geltokietan ohi baino jende gehiago dagoela. Izan ere, matxura teknikoak egon dira egunotan eta metroen maiztasuna murriztu egin da; jende kopurua, ordea,  berdin mantendu. Ondorioz, metroak lepo, berokia kendu ezinik, motxila pultsuan mantenduta eta bakoitzaren akidura giroan. Atzo, egoera horretan murgilduta nengoelarik, nire ingurura begiratu nuen eta burura etorri zitzaidan zenbat pertsonarekin topo egin ahal izan dudan hainbat urtetan eta zein ezberdin izan gaitezkeen gure artean. Hots, zer motatako fauna aurkitu dezakegu metro batean?

Egunero geltokira korrika heltzen den pertsona berantiarra. Eserleku gorrietan tokia lortzeko besteak bultzatzen dituen ergela. Biloba eskolara eramaten duen amona maitagarria. Areetako geltokian sartzen den trajedun ABC egunkariaren irakurlea. Parekoaren aldizkaria irakurtzen duen aprobetxategia. Musika guztiontzat jartzen duen regetoneroa. Porru bat biltzen ari den gazte makarra. Metroa beteta dagoenean eserleku eraisgarrietan esertzen den lotsabakoa. Goizeko zazpietan Negurikoen zaintza lanak egitera doazen atzerriko emakumeak. Lo geratu delako bere geltokia saltatu duen parrandazalea. Parrandatik bueltan metro barruan botaka egiten duena. Motxila lurrean uzteko agintzen dizun segurata. La Isla de las Tentaciones programaren azken emanaldia komentatzen ari diren gaztetxoak. Deustuko Unibertsitateko karpeta urdina beso-artean daramaten neguritar pijoak. Egunero nasaren baldosa berean metroa itxaroten duen pertsona metodikoa. Bakarrik ozenean hitz egiten duena. Gitarrarekin abesti hegoamerikarrak kantatzen dituen gizon saiatua. Txanpon baten truke poemak kontatzen dituen emakume punkya. Aire girotuaren potentziagatik metrotik gaixorik ateratzen direnak. Ezagun batekin topo egitea ekiditen saiatzen direnak. Ezagun batekin solasean ibiltzeko desiratzen ari direnak. Lutxanan zigarro bat erretzera jaisten den plentziarra. Ezkerraldeara joan nahi eta eskumalderako metroa hartu duen tipo despistatua. Txakurra hanken gainean formal-formal daraman aitona. Goizetan lo geratzen dena eta jaitsi behar den momentuan esnatzen den pertsona trebea. Tabletean serieak ikusten dituztenak. Egunero liburuak irensten dituzten pertsonak. Metroko joan-etorrietan egunean ordu bat gehiago sartzen duten langileak. Unibertsitaterako bidean azken errepasoa ematen duten ikasleak. Besapeko usain jasanezina duen mutila. 10 minutu itxarotea asko dela pentsatzen duten Bilbozentristak. 15 minutu itxarotea gutxi dela uste duten uribekostarrak. Eskailera mekanikoetatik igotzeko ilara egiten dutenak. San Inazioko geltokian korrika egin arren tren-aldaketa egitean trena galtzen dutenak. Eserleku gorrietan manspreading egiten duten matxiruloak. Eserlekua benetan behar dutenei eskaintzen dien pertsona adeitsua. Nahiz eta zure tokia eskaini zutik bidaiatu nahi duten agureak. Barik txartela urte osoko txartelaren sarrera estutik sartzen saiatzen den hasiberria. Lamiakon kotxea utzi eta metroa hartzen dutenak. Bidaia osoan telefonotik hitz egiten  dabiltzanak. San Mamesen autobusa hartu behar duten periferiako ikasle eta langileak. Bagoi arteko gunean lurrean eserita doazen gazteak. Egun osoko nekea aurpegian marraztuta daukatenak. Euren artean euskaraz hitz egiten duten gutxiengoak. Mugikorraren datuak azkar gastatzen dituztenak. Astelehenetan manifestatzera doazen pentsiodunak. Surf ohola hondartzarako bidean paseatzen dutenak. Goizero ikustearen ondorioz agurtzen dutenak. Egunero ikusi arren erabat ezezagunak diren pertsonak.

 

Erabiltzailea bazara, hauek eta beste asko ikusiko zenituen metro batean. Badaukazu zerrenda osatzeko proposamenik?