Krisi hau 2008koa bezain sakona izango da. Era askotako baieztapenak irakurtzen ari gara, filtrorik gabe irensten ari garen bonbardaketa komunikatibotik. Krisiak jotzen duenean, ekonomialariak(ok) atzera begira jartzen dira (gara) eta orain arte egondako krisi potoloekin konparatzen dituzte (ditugu). Lanbide honetan errazagoa baita zer gertatu den kontatzea, gertatuko dena kontatzea baino.
Konparazioak beti dira gorrotagarriak, eta egoera azaltzeko nahiago dut azken asteetan erabiltzen ari den beste topiko bat erabili: aurrekaririk gabeko krisia da hau. Izan ere, COVID-19a agertu den arte, ez dugu pandemia batek sortutako mundu-mailako krisirik bizi. Ekialdetik mendebaldera, iparraldetik hegoaldera, munduko herrialde gehienak jipoituko ditu gaixotasun horrek, kontuan izan gabe aberatsak edo txiroak diren. Koronabirusak, besteen gainetik, krisi sanitarioa ekarri du eta gure sistema sanitarioaren gabeziak eta zaintza lanen garrantzia utzi ditu agerian. Baina Eusko Jaurlaritzaren ildotik jarraituz, arlo ekonomikoari emango diot lehentasuna artikulu honetan, arlo horretan ere ondorioak oso larriak izango direlako.
Hilabete bat pasa da konfinamendua hasi zenetik eta, gutxienez, beste hilabete bat beharko da “deskonfinamendu” prozesu geldoa abiatzeko. Kontsumoa eta produkzioa gelditu dira. Milaka langile kaleratuak izan dira edo ERTEetara behartuak, eta enpresa txiki askok ateak berrirekitzeko zailtasunak izango dituzte. Horrek eragin zuzena izan du Barne Produktu Gordinaren beherakadan. Baina, azken horretan, ekonomialarien aurreikuspenak oso ezberdinak eta aldakorrak izan dira asteak aurrera joan ahala. Aurretik esan bezala, zer gertatuko den esatea ez da hain erraza.
Konfinamenduaren lehen asteetan, gaixotasunaren eboluzioa Txinaren antzekoa izan zitekeenez, BPGren tendentziak V forma izango zuen, hau da, jaitsiera azkarra, baina errekuperazio azkarra ere bai 2020.urtearen barruan. Konfinamenduaren luzatzearekin batera, aurreikuspenek beste letra baten itxura hartu zuten, U letrarena, hain zuzen ere, 2020an jaitsiera, baina 2021. urtean errekuperazioa. Baina, aste honetara iritsita, eta konfinamendua maiatzaren 10era luzatuta, gero eta eszenatoki larriagoetara garamatzate ekonomialariek. Letrak alde batera utzita, NIKE markaren logoak irudikatuko du ekonomiaren tendentzia. Hau da, bizitzen ari garen erorketa honi aurre egiteko, urteak behar izango ditugu. Azkenean, denborak esango digu zein irudi izango duen krisiak, errazagoa izango baita gertatutakoa azaltzea.
Irudiak irudi, eztabaidarik sortzen ez duena da krisi sanitarioaren eta ekonomikoaren korrelazioa. Zenbat eta luzeago izan lehena, orduan eta sakonagoa izan da bigarrena. Eta logika horrek lehenengoari aurre egitera eraman behar gaitu, BPGaren gainetik pertsonen bizitzak jartzera. Horregatik, ilogikoaz aparte, Eusko Jaurlaritzak krisi honetan hartu duen papera arduragabea iruditzen zait, eta patronalaren esanak jarri ditu pertsonen osasunaren gainetik. Hurrengo asteetan, produkzioa ez gelditzeko nahiak, baita lantokietako segurtasun neurri eskasek ere, kutsatu eta hildako kopuruak mantendu edota areagotuko dituzte. Horren ondorioz, ekonomiaren errekuperazioa atzeratuko da. Arantza Tapiak, ordea, hipotesi hori planteatzea antzua dela uste du. Datuek nor bere tokian jarriko dute.
Bitartean, osasun zerbitzuetan prekaritatea eta baliabide falta. Aitortu behar da koronabirusak sortutako egoera honen aurrean, inor ez zegoela prestatuta, baina azken urteetan egindako murrizketek agerian utzi dute gure osasun sistema ez dela pentsatzen genuen bezain indartsua. Ospitale edo osasun zentro batean lan egiten duen profesional bati galdetzea besterik ez dago. Egoera horrek baliabide mugagabeak eskatzen ditu eta ez mugak jartzea.
Jendearen bizitza jokoan dagoen honetan, lehentasunek argiak izan behar dute. Zaindu dezagun jendea lehenengo, eta ondoren eutsiko diogu ekonomiari. Are gehiago jakinda pertsonak direla ekonomia sostengatzen dutenak. Eusko Jaurlaritzarentzat garrantzitsuagoa da BPG. Paradoxikoa da aldagai horri lehentasuna ematea, lehentasuna emate horrek kaltetuko baitu aldagai horren etorkizuna. Urkullu, pertsona helburu. Just Do It.