Guggenheim Fundazioa Europan museo bat eraiki nahian zebilen, eta ezezko batzuen ondoren, Bilbo suertatu zen irabazle. Eta museoarekin, hiria birmoldatu zen: industria-hiria zerbitzu-hiri bihurtu zen. Askoren ustez, Guggenheim museoa izan zen Bilbo zuri-beltza koloreztatu zuen ekimena, eta kolore berriekin, ekonomia berpiztea lortu zuena. Imajinatzen dut ekonomiaren mundu mailako eboluzioak berak nolabait eragingo zuela eraldaketa horretan.
Covid-19ak eragindako krisiak Europa astintzen jarraitzen du. Bigarren olatua surfeatu ezinean gaude eta gertuago gaude itsasoak irenstetik, itsasertzera onik iristetik baino. Udaberrian aurreikusten ziren bi eszenatokietatik (Covid19a kontrolpean izatea edo bigarren olatua) txarrenean gaude eta tunelaren amaieran ikusten genuen argia gero eta urrunago dago. Krisi sanitario honek ekonomian izango duen eragina aurrekaririk gabekoa izango da. Aurreikuspenen arabera, Eusko Jaurlaritzak EAEko BPG %10 inguru jaistea eta 30.000 lanpostu galtzea espero du urte honetan, baina herenegun hartutako neurri zorrotzek eragin latzagoa izan dezakete aldagai horietan. 2020 urte hau ez dugu erraz ahaztuko.
Ez-ohiko egoera honen aurrean ez-ohiko erantzunak beharrezkoak ziren. Baina Europar Batasunaren erantzuna ohikoa izan da, ez-ohiko mozorrotu badu ere. Horren adibiderik argiena Europar Batzordeak aurkeztutako Next Generation Europe (NGEU) programa da, hurrengo urteetan Europako herrialdeen eskuetan 750.000 milioi euro jarriko duena: 390.000 milioi transferentzietan eta 360.000 milioi maileguetan. Hori guztia Europak batera jaulkitako zorrarekin finantzatuta. Ez gaude ohituta EBren funtzionatzeko modu horretara, baina, kontuz, elkartasunaren mozorro horren azpian betiko erakunde bera baitago.
Izan ere, herrialdeek eskatzen duten finantziazioa, itzuli beharrekoa edo ez, erabat baldintzatuta egongo da. Baldintzatuta herrialdeetan erreformak hartzera, hala nola, pentsioen edota lan merkatuaren inguruko erreformak, edo aurrekontuak kontrolatzeko politikak. Baldintzatuta, herrialdeen beharren gainetik (osasuna, hezkuntza, prestazio sozialak,...), Europak zehaztuko duelako dirua zertan gastatu behar den (trantsizio ekologikoa deritzena eta digitalizazioa). Baldintzatuta, diru-kantitate oso handia izango dutelako herrialdeek proiektuak aurrera eramateko eta oso denbora gutxi planifikatzeko, eta proiektuen epeak ez betetzeak dirua itzultzea ekar dezake. Baldintzatuta, Europak zehaztuko duelako noiz eta zenbat diru jasoko den.
NGEU programa, ez-ohiko laguntza izan ordez, Europako eredua iraunarazteko mekanismoa baino ez da, eta pandemia aitzakia bikaina izan da aurreko urteetatik zeuden proiektu estrategikoak aurrera eramateko. Beste modu batera esanda, trantsizio ekologikoaren eta digitalizazioaren izenean diru-kopuru publiko ikaragarriak enpresa handien esku jarriko dira megaproiektu pribatuak finantzatzeko.
Espainiar estatua da horren adibide argia. NGEU programatik 140.000 milioi esleitu zaio proiektua finantzatzeko, nahiz eta hasiera batean transferentzietan esleitu zaiona baino ez duen eskatuko, 72.000 milioi. Horren ordez, erreformak egingo ditu, adibidez, pentsioena, egun hauetan abian jartzen ari dena. Erkidegoek proiektuen proposamenak aurkeztuko dituzten arren, espainiar estatuak dauka azken hitza. Eta dirua eskatzeko erkidegoetatik lehena, zein? Ba, gurea. Orain dela aste batzuk Eusko Jaurlaritzak Pedro Sanchezi bidalitako proiektuen dokumentua publikatu zen, 10.000 milioi euro baino gehiago mahaian jartzen zituena eta bete-betean konfirmatzen zuena aurretik esandakoa: diru publikoa enpresa handien esku jarriko da.
Aurrekontuaren laurdena AHTren obrak finantzatzeko, trantsizio ekologikoaren izenean. Beste laurden bat Petronor edo Iberdrola enpresen proiektuak finantzatzeko. Proiektuen erdia "garapen kontzeptual" fasean, edo gauza bera dena, ideia daukate, baina ez dakite ez nola, ez noiz, ez zenbat, ezta zertarako izango den proiektua ere. Zorionekoa Urkullu; Sanchezek diruaren erdia eskatuko duenez, "garapen kontzeptual" fasean dauden proiektuak baztertu ditzake haien lanketan hasi aurretik.
Badakigu Eusko Jaurlaritzaren azken dokumentua ez dela izango publikatu zena, baina argi uzten du zein zen haien lehen ideia.
Baina proposamenen dokumentu horretan sinesten dudan bi proiektu daude, krisi ekonomikotik ateratzen lagunduko digutenak. Lehena, Asier Atutxaren esku geratuko den Ekintzailetzaren Dorrea, edo Unai Rementeriak izendatu zuen moduan "ekintzailetzaren Guggenheim". Eta bestea, markarekin jarraitzeko, Gernikako Guggenheim. Izan ere, hasieran esan dudan bezala, Guggenheim marka gure talismana delako, gure giltza krisitik ateratzeko. Nork behar ditu zerbitzu publikoak titanioa badaukagu?