Halako adierazpen batek gogora dakarkigu excusatio non petita, accusatio manifesta esaldi ezaguna; izan ere, benetan hain zuzen horretaz ari baita, espainiar Estatuak europar funtsetatik jasoko dituen 140.000 milioiko pastelaren zein zati iritsiko den gurera. Benetan, ez dakit beharrezkoa zen hori jartzea.
Funts horiek eskatuko dituzten Europar Batasuneko estatuek apirilaren 30eraino dute epea inbertsio eta erreforma planak aurkezteko. Alabaina, duela hainbat hilabetetik hona ELAk ohartarazi du diru hori tranpa bilaka daitekeela eskatzen duten herrialdeentzat. Izan ere, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa plazaratu zenetik -hau da, funts horien %90 bilduko dituen programa-, etengabe agertu baitira albisteak pentsioen erreformaz, Rajoyren lan erreforma bere hortan utzi beharraz edota espainiar Estatuak epe ertainean aurrekontuetan egin beharreko doikuntzaz, baldin eta funtsak jaso nahi baditu. Hori, alde batera utzita funtsak zertara bideratu behar diren: EBren proiektu estrategikoetara, esaterako digitalizazioa edo trantsizio ekologikoa delakoa, eta ez zerbitzu publikoak indartzera. Hots, plan hau betiko berdinen mesedetan egin dute, hori bai, kohesioaren eta erresilientziaren mozorropean.
Testuinguru honetan, Pedro Sanchezen gobernuak duela zenbait aste 36/2020 Errege-Lege Dekretua ezarri zuen, funtsak espainiar Estatuan kudeatzeko. Dekretu honek areago zentralizatzen du, inondik ere, kudeaketa eta sortu egiten du figura perfektua egunen batean erruz jausiko diren milioiekin estatuak gainez egin ez dezan lortzeko: PERTE direlakoak (Suspertze eta Eraldaketa Ekonomikorako Plan Estrategikoak). Hau da, zorioneko lankidetza publiko-pribatua: diru publikoa enpresa handien proiektuak finantziatzeko erabiltzea; arazoa da gero enpresa haiek ez diotela inori konturik eman behar izaten. Halaber, dekretuak autonomia erkidegoekiko interlokuzio-bide bat ere irekitzen du, inbertsio eta erreforma planak proposa ditzaten, pastelaren zati bat jasotze aldera. Horixe da Euskadi Next-en zentzua; oraingoan 2.0 bertsioa dugu, Eusko Jaurlaritzak berez beste asmo bat baitzuen, antzeko mamiarekin bazen ere.
Euskadi Next irakurrita -gaztelaniaz, euskaraz ez baitago- zalantzak sortu zaizkigu. Lehena, Euskadi Next eta Berpiztu ez ote diren programa bera (ardatz berak, aurrekontu bera, ildo berberak…), baina bitan zatituta, hobeto salduko direlakoan. Bigarrena, Euskadi Next nola finantziatuko den. Programak 13.135 milioi euroren kostua izango du, eta europar funtsetatik 5.706 eskatu dira: Gainerako 7.429 milioiak nork ordainduko ditu? Eusko Jaurlaritzaren proposamena da zenbateko hori administrazioen (Espainiako Gobernua, Eusko Jaurlaritza, Aldundiak eta Udalak) baliabide propioekin osatzea, baita finantziazio pribatu apalankatuaren bidez ere; hots, zorpetuz. Funts hauek jasoko dituzten enpresek bat ere dirurik jarriko ote dute?
Zer dio Jaurlaritzaren dokumentuak? Euskadi Next izango dela “PERTE handi” baten gisako zerbait, zeinak “krisi hau aukera” bihurtuko duen. Sinbiosi honen irudi bikaina izan da Hidrogeno-Korridorearen aurkezpen ekitaldia (Euskadi Nexten ikurra, energiari dagokionez): Euskal administrazioetako buruek Petronorreko zuzendariari babesa eman diote inguruan jarrita, hau da, flagship proiektu honen buru izango den enpresaren buruari. Bide batez, aipa dezagun egitasmo horrek kritikak jaso dituela, Petronorrek berak aitortu baitu hidrogenoa sortzeko berriztagarriak ez diren energiak baliatuko direla… Baina Eusko Jaurlaritzak nahiago du enpresa handiei hidrogenoa eman, langile-klaseari oxigenoa bermatzearen gainetik.
Euskadi Nexten beste must proiektu bat da Basquevolt Gigafactory, bateriak ekoizteko; hau Iberdrolak gidatuko du. Konpainia elektrikoak 2019an 2.800 euroren etekinak izan zituen, eta dirutza hori 3.600 milioiraino puztu du 2020an, inoiz izan dituen mozkinik handienak (beraz, ez ahaztu, pandemia betean). Aipatu beharrekoa da europar funtsak Covid-19ak sortutako krisiari aurre egiteko sortu zirela, baita hark eragindako kalte ekonomikoei ere. Haatik, guztion ahaleginarekin Iberdrola enpresaren proiektu pribatuak finantziatzeko baliatuko dira, zeinak azken urteetan etekin itzelak metatu dituen. Neoliberalismoak behin eta berriz harri eta zur uzten gaitu!
Gainera, Eusko Jaurlaritza prozesu guztia garatzen ari da gardentasunik gabe eta beste eragile sozialekiko harremanik gabe (EBko herrialde gehienetan bezalaxe, bestalde). Kritikatzeko modukoa da, noski. Baina funtsak horretarako sortu dira, indarrean dagoen eredua finkatu eta piska bat gehiago estutzeko. Hor ari dira ezkerreko indarrak funtsak zertarako baliatu behar diren eztabaidan, baina batetik, alternatibak proposatzeko beranduegi da, eta bestetik, ez genuke lagundu beharko tresna bat ezartzen zeinak gure pentsioak murriztu, langileon eskubideak erasan edota zor publikoa puzten denean austeritate politiketara makurraraziko gaituen.
Beraz, hitz gutxitan, Euskadi Nextek, Europatik etorriko den mana jasotzeko plan guztiek bezala, lehenetsi egiten ditu enpresa handientzako laguntzak; ordaindu, ordea, beste batzuek ordainduko dugu. Euskadi Next txostenak asmatu egin du esaterakoan bere logika ez dela “eta niretzat, zer?”; patronala ekuazioan sartzea faltatzen zen. Errealitatean, funts hauek “eta guretzat, zer?” logikaren arabera daude pentsatuta.