2008ko krisiari aurre egiteko hainbat herrialde erreskatatu zituzten Europak Batasuneko beltzezko gizonek. Dohainik ez, ostera. Maileguen truke austeritate politika gogorrak inposatu zituzten herrialde horietan, horien artean espainiar estatuan, konstituzioa aldetzeraino, betiere finantza publikoen sostengarritasunaren izenean. Ondorioak ongi dakizkigu: murrizketak zerbitzu publikoetan eta politika sozialetan, gastu arauaren ezarpena, eskubide sozialen galera, 2010 eta 2012ko lan-erreformak,... Guzti honek Europarekiko desafekzioa ekarri zuen erreskatatutako herrialdeetan, PIGS bezala ere ezagunak (Portugal, Italy/Ireland, Greece, Spain). Arrakala nabarmena zen kontinente zaharreko iparraldearen eta hegoaldearen artean.
Eta ondorioak pairatzen genituen bitartean etorri zen pandemia. Produkzioaren hondoratzea, aurrekaririk gabeko BPGren jaitsiera eta langabeziaren igoera. Europak, zabalik jarraitzen zuen arrakalaz jakitun, bestelako erantzun bat eman behar izan zuen. Edo behintzat aurreko krisian eman zuen erantzuna mozorrotu. Kapitalismoak erreproduzitzeko zirrikituak aurkitzen dituen bezala, Europa ere aldatu egin da, denak berdin jarrai dezan.
Erreskateak orain Next Generation du izena. Aurrekaririk gabeko diru zaparrada jarriko du Europako Batzordeak herrialdeen esku, transferentzia zein mailegu bidez. Diru horrek berdez marraztuko ditu inbertsioak, digitalizazioari ere bere garrantzia emanez. Funtsez aparte arau fiskalak malgutu ditu, lagunkoiagoa bilakatu da herrialdeekin, epe motzean behintzat. Europar Batasunaren estrategia aldaketa baten aurrean gaude? Askok, behintzat, diskurtso hori erosi dute.
ELAtik denbora daramagu estrategia berri hau zalantzan jartzen. Izan ere, funtsak erabat baldintzatuta datoz. Eta baldintza horien emaitza pentsio-erreforma eta hurrengo astean bozkatuko den lan-erreforma dira. Pentsioetan murrizketak, erretiro adinaren atzeratzea, etorkizunean murrizketa gehiago egiteko aukerak. Lan-erreformari dagokionez, beto eskubidea eman zaio berriro ere patronalari.
Beste baldintza bat baitzen erreformen neurriak elkarrizketa sozialaren markoan hartzea. Eta lan-erreforma marko horren baitan eman da. Patronalak gustura amaitu izanak ohartarazi beharko liguke adostu dena lan-erreformaren derogaziotik urrun dagoela. Azken finean, CEOEk patronalarentzat ezinbestekoa zena mantentzea eta iraunaraztea lortu du. CCOO eta UGTk garaipen historikotzat saltzen dute akordioa, lan-merkatua errotik aldatuko balu bezala.
Ondorioa argia da: akordioaren sinatzaileek epe laburrean eutsi nahi diete 2012ko lan erreformaren elementu nagusiei, aldaketa sakonei uko eginez eta indargabetzeko borrokatutakoak zapuztuta. Gainera, ez dute saihestuko etorkizuneko balizko murrizketak. Hau da Europak benetan nahi duena: berak nahi dituen erreformak inposatu, nahi duen baldintzetan eta Elkarrizketa Sozialaren barruan. Hau da Europaren mozorro berria.
Hurrengo astean bozkatuko da lan-erreforma kongresuan. Oraindik aukera dago lan-erreformaren dekretua atzera botatzeko. Horregatik, igandean kalean ikusi dugu elkar.