Soldata-arrakala anitzak

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Murgia Esteve 2022ko abe. 2a, 08:00

Propaganda pixkat batekin hasiko dut hilabete honetako ekarpena. Azaroan, ELA Sindikatuak eta Manu Robles-Arangiz Fundazioak Azterketak bildumako azken alea publikatu zuten. Titulua, Soldaten bilakaera Hego Euskal Herrian: pobretzea eta prekarietatea. Lan hau egiteko Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako azken datuak erabili dira, 2020koak hain zuzen. Bertan, lan-etekinen, jarduera ekonomikoen eta sarien gaineko atxikipen eta konturako sarrerak agertzen dira. Datuak Gipuzkoakoak bakarrik izan arren, beste lurraldeetan egoera eta bilakaera antzekoak dira, ez badira txarragoak. Beraz, ondorioak Hego Euskal Herri osorako baliagarriatzat jo daitezke.

Zeintzuk dira ondorio horiek? Langileek 14.000 euro galdu dituzte 2008tik 2020ra, prezioak soldaten gainetik igo direlako. Honek esan nahi du soldata erreala (langileen soldatak eta prezioak uztartzen dituen aldagaia) eta eros-ahalmena murriztu direla azken hamarkadan. Hau, 2021 eta 2022ko inflazioa kontuan hartu barik. Beste ondorio bat produktibitatearen apropiazioa da; datuek adierazten dute langileak gero eta produktiboak direla, baina balio erantsi hori ez da gero islatzen haien soldatetan. Izan ere, 2008tik 2020ra soldatek % 3,7 galdu zuten termino errealetan, baina produktibitate erreala % 8,1 igo zen. Nor jabetzen da aberastasunaz, orduan? Ebidenteegia, enpresaria.

Ondorioekin jarraituz, diru-sarreretan arrakala ezberdinak daudela baiezta daiteke, denboran zehar betikotzen ari direnak. Genero-arrakala da horietako bat. 2020an, nahiz eta langile emakumeek langile guztien % 47a izan (ia langileen erdia), soldata irabazi guztien %40a baino ez zuten jaso. Honek esan nahi du emakumeek gizonek baino 6.875 euro gutxiago irabazi zutela urte horretan (% 23,3ko aldea). Genero-arrakala, gainera, ez da ia murriztu 2008tik hona.

Migratzaile eta ez-migratzaileen arrakala ere izugarria izan zen 2020an. Ez-migratzaileek 26.845 euroko batez besteko soldata jaso zuten, eta migratzaileek, berriz, erdia inguru, 14.033 euro. Gazteen egoera ere oso prekarioa da. Ikusi daitekeen moduan, batez-besteko soldatak gora egiten du adinak gora egin ahala. Gutxien irabazten dutenak 19 eta 25 urte bitarteko gazteak dira (8.570 euro), gehien irabazten dutenak 56 eta 65 urte bitarteko pertsonak diren bitartean (31.024 euro).    

Azken ondorio moduan errenta-mailen arteko arrakala aipatu nahiko nuke eta Bilbora ekarri. Lehen ikusi dugunez, soldata erreala murriztu da azken hamarkadan. Baina aldagai honetan sakontzen badugu, ikusi daiteke nola gehien galdu dutenak errenta txikiena dutenak izan direla. Biztanleria pertsona kopuru berdineko hamar taldetan banatzen badugu soldataren arabera (gutxien jasotzen duen % 10etik gehien jasotzen duten % 10era), emaitza argia da: soldata baxuena zutenek % 9,6ko galera izan zuten haien soldatetan 2008 eta 2020 urte artean, soldata handiena zutenek %11ko hazkundea izan zuten bitartean. Are gehiago, soldata txikienak izan zituzten pertsonen % 10ak soldata guztien % 0,5 metatu zuen 2020an. Soldata handienak jaso zituzten % 10ak, berriz, guztizkoaren % 27,3a.

Errenta irakurketa hau Bilboko auzoetara ere ekar daiteke, diru-sarrerei dagokionez auzo-arrakalak ere existitzen direlako. Eustat-eko 2020ko Pertsonen eta familien errentaren estatistikek argi erakusten dituzte desberdintasun hauek: Abandoko batez-besteko errenta (Bilboko altuena) Peñaskalekoa baino 3,7 aldiz handiagoa da (Bilboko baxuena) edo Otxarkoagakoa baino 3,4 aldiz handiagoa. Bilboko batez-bestekoa 22.464 eurokoa izanik, auzoen %70a zifra horretatik behera kokatzen da. Arrakala honetan ere, arazoak betikotzen ari dira hainbat auzoetan.

Arrakala bakoitzean azpi-arrakalak aztertu ahalko genituzke, desberdintasunak ez baitu amaierarik. ELA Sindikatutik jarraituko dugu arrakala guzti horiek txikitzen, desagertarazi arte, betiere aberastasunaren banaketa justuago batetik abiatuta. Asko dago egiteko, baina proposamen asko baita ere arrakalei agur esateko. Propagandarekin hasi naiz eta berdin amaituko dut. Zer egin dezakegu egoera honi aurre egiteko? Erantzuna hemen: https://labur.eus/ewnkV