PNVren opari ederra bihar-etziko bizkaitarrentzat: 30 urteko hipoteka, lurraldean inoiz eginiko obrarik garestiena ordaintzeko. Badakigu zein den euren erantzuna, gehiegitan entzun dugulako, “garapenak ondorioak dituela; tortillarik ez dagoela arrautzak puskatu gabe”. Baina akaso kostako zaie kasu honetan halakorik esatea, arrautzak apurtu bai, baina inolako tortillarik ez dagoelako. Kotxerik gabeko errepide lotsagarria baita Super Sur; konparazioetarako hain ohikoa duten estatuko hegazkinik gabeko aireportuak edota jenderik gabeko trenak gogora ekartzen dizkiguna.
Arrautzak, oraingoan, Arnotegi eta Pagasarri mendien arteko haran ikusgarri bezain ederra da. Bilbotarron benetako altxorra, askok bihotzean daramatena handik egin dituztelako, txiki txikitatik lehendabiziko ibilaldiak gurasoekin, edota mendi irteerak lagunekin, Pagasarri edo Ganekogortarako bidean, nire auzotik, Santutxutik, asko abiatzen direlako Bolintxutik mendiotara.
Bolintxutik ibiltzea atsegin duten ororentzat, halako paisaia etxetik ordu erdira izatea da harro sentitzeko arrazoia, eta ez, Jose Luis Bilbaorentzat bezala, guztion dirua harropuzkeriaz xahutzea: 1.000 milioi euroko kreditua eskatu zuen eta horietatik 700 milioi ordaintzeke ditugu oraindik. Bizkaitarrok 40 milioi ordaintzen ditugu urtero interesetan eta orain beste 200 milioi gehiago xahutu nahi dituzte. Baina larria, oso larria, izanik ere, PNVren Diputazioak zamatu digun hipoteka ekonomikoa ez da gure seme-alabek eta ilobek pairatuko duten ondoriorik larriena. Super Sur Ez Plataformako kideek ongi azaltzen duten bezala, errepidea 4 kilometro zabaltzearen ordaina Bilboren azken paradisu naturala hondatzea da. Atzera egiterik izango ez duena zauria, beste zauri bat, egin nahi diote bilbotarron ondare naturalari eta, horren aurrean, Bilboko Udalak bilbotarren alde; gaurko, biharko eta etziko bilbotarren alde, egin behar du.
Obra honen atzean dagoen alderdia eta interes ekonomikoak ikusita eta ezagututa, imajinatu dezakegu zer nolako etorkizuna espero duten bere seme-alabentzat; akaso natura zer den ikas dezatela erakustazoka edo museo moderno eta garesti bat jarriko diete Bilbo erdian, ingelesezko izen itxuroso batekin, noski. Guk oso bestelako etorkizuna nahi dugu, guztion ondorengoentzat, eta guztiz gauzagarria. Etorkizun bat non gaur egun bezala, ehunka bilbotarrek astebururo egiten dutena, Bolintxuz gozatzeko aukera izatea alegia, hemendik 10, 20 zein 50 urte barru ere egin ahalko den. Ez diezaiegun pribilegio hori lapurtu herritarrei inolako etekinik ekarriko ez dien lau kilometroko obra ikaragarri garestia egiteko.
Tamalez, arduragabekeriaz jokatzen ari da Bilboko Udala, alderdiaren eta enpresa eraikitzaileen interesak bilbotarren etorkizunaren eta altxor naturalen gainetik jarriz. Arduragabea eta onartezina baita Bolintxu galarazten uztea, jakinda haran honi Super Surrek egingo dion zauria ez digutela gure ondorengoek barkatuko, etorkizuneko bilbotarrek beren inguruaz harro egoteko arrazoi bat gutxiago izango dutelako.
Mikel Markezek kantatzen duenez, galde diezaiogun gure buruari “non gordetzen ote dugun bihotza” atzo orlegia zen ingurunea “lehor eta garratz” bilakatzen uzteko prest bagaude. Tamalez, hitz zorrotzak baino gehiago beharko ditugu Super Sur, edota euskaraz askoz egokiagoa den Super Zor, gelditzeko. Lehenik borondate politikoa eta bilbotarren interesak defendatzeko kemena; bigarrenik gure ondare nagusia, ama lurra, babesteko sen ona; eta hirugarrenik, etorkizunean pentsatzeko eskuzabaltasuna.