uriola.eus

Unibertsitate hiri… pribatua

Erabiltzailearen aurpegia   Iritzia

Publikoa dena, berriz ere, irabazi pribatuaren esku. Oraingoan hezkuntza da aitzakia. Bilbora etorriko diren goi-mailako hezkuntza proiektu pribatuen zerrenda egunez egun luzatzen doa; azkena, Navarrako Unibertsitatea (ez dezagun NUPekin nahastu). Berri txarra benetan Opus Dei Bilbora heltzea, noren eta udal gobernuaren eskutik.

Aburtok “talentuaren irla” izendatu duen Zorrotzaurreko eremuan, fundamentalismo katolikoak lekua izango du, elitismoa eta misoginia zabaltzea helburu duen entitate batek: Txalo bero bat alkate jaunarentzat.

Baina nafar unibertsitate pribatua ez da bakarra. Udal Gobernuaren komunikazio adituek buruari luze eraginez “Unibertsitate Hiria” bataiatu duten egitasmoak, beste hezkuntza proiektu elitista asko barnebiltzen ditu, ia denak Zorrotzaurren kokatuko direnak: IMQ eta Deustuko Unibertsitatearen Medikuntza Fakultatea, Mondragon Unibertsitatearen AsFabrik, DigiPen eskola estatubatuarra, KunstHal Diseinu Eskola, Cambridge Innovation Center, Erresuma Batuko beste bi diseinu eskola, eta batek daki oraindik zenbat sorpresa gelditzen zaizkigun egunkarietako azaletan ikusteke. Izan ere, horrelaxe izan dugu goi mailako ikasketa zentro hauen etorreraren berri: komunikabideen bidez. Gardentasun izpirik gabe eta aurretik inorekin eztabaida publikorik izan gabe, ez udal-taldeekin ezta hezkuntza eragileekin ere, eta are gutxiago Deustuko Erriberako bizilagunekin.  

Eta gaiak merezi du eztabaida, horrelako operazioekin gutxi batzuk etorkizuneko hiri eredua marrazten ari direlako, baina horren ondorioak, alegia, hezkuntza sistemen arteko desorekak, eta hiriaren garapen ekonomiko eta urbanistiko kapitalista basatiaren ondorioak, herritar guztion lepotik ordainduko direlako. 

Askok bere buruari galdetuko diote: Zergatik ari da Udala goi mailako ikastetxeak finantzatzen, ez bada bere eskumena, are gutxiago beren kudeaketa erakunde pribatu baten esku badago? Ez al da hezkuntza alorreko udal eskumena haurreskolak eraikitzea edo eskola publikoetan konponketa lanak egitea? zergatik ez zaio dirutza hori Bilboko eskolek dituzten beharren zerrenda luzea murrizteko erabiltzen? Nola justifikatzen dira diru publikoa esku pribatuetan uzteko operazio hauek?

Udalak berak diru xahuketa hau azaltzeko idazten dituen txostenetan aurki dezakegu erantzuna. Bertan hainbat ardatz estrategiko aipatzen dira, banan-banan: Atzekoz aurrera, bosgarrena “Bilbao gazte” ardatza da eta laugarrena “ezagutzaren hiria”, baina zein da lehena zerrendan? Lehentasuna ez dira gazteak; ezta ezagutza edota jarduera ekonomikoa sustatzea ere; lehengoa Zorrotzaurreko Proiektu Estrategikoa da. Hau da, proiektu sorta hauen helburuak ez du zerikusirik kalitatezko hezkuntza eskaintza bat egitearekin, ezta Bilboko gazteen etorkizuna hobetzearekin. Udal Gobernuaren helburua duela 20 urte diseinatutako Zorrotzaurreko proiektu megalomano hura aurrera ateratzea da. Baina hasiera batean “elkarkidetza publiko-pribatuaren oasia” izango zenaren aztarnarik ez dago eta gaur egun, eragile pribatuek ez dute “talentuaren irlara” etortzeko inongo asmorik, ez bada instituzio publikoek alfonbra gorria eta baliabide publikoak euren eskura jartzen dituztelarik. 

Adibide argi bat KunstHal diseinu eskola pribatuarena da: Udalak Papelera eraikina 20 urtez lagako dio eragile pribatu honi dohainik eta, gainera, 1,2 milioi euroko konponketa lanak ordainduko dizkio eskola bertan zabaldu dezan. Gerora, gazte bilbotar batek bertan ikasteko asmoa badu, 6.000 euroko matrikula ordaindu beharko du gutxienez. Ez al zegoen alternatibarik Papelera eraikinarentzat? Diseinu eskola bat bertan kokatu nahi bada, zergatik ez aztertu Eusko Jaurlaritzarekin eta Euskadiko ID-arte goi mailako diseinu eskolarekin bertan kokatzeko aukerak? are gehiago kontuan izanda Jaurlaritzak bere garaian milioi bat euro inbertitu zuela eraikin honetan, eta diseinu eskola publiko hau prest dagoela Gasteizkoaz gain, Bilbon beste egoitza bat zabaltzeko. 

Hirigintzari dagokionez ere, argi dago Aburtoren gobernuak hezkuntza eragile pribatu hauen zerbitzura jartzen ari dela, interes publikoaren gainetik. Horren adibide argia da IMQ alboan eraikiko den medikuntza unibertsitate pribatuaren proiektuari udaletik ematen ari zaizkion pribilejioak, nahiz eta ondo jakin fabore-tratu horrek arazo juridikoak ekarri ditzakeela, Urretxindorra, Mercadona eta Udalaren arteko auzian gertatu den bezala. Bide batez: Nork ordainduko ditu kudeaketa txar horren ondorioak? Ikusteke dago, baina dirudienez herritarrok gure poltsikotik ordaindu beharko ditugu bere garaian udal honetako kudeatzaileek egindako okerrak.  

Beraz, argi dago non dauden lehentasunak: Zorrotzaurrerako aurreikusi zuten proiektuak aurrera egin behar du, bai ala bai, kosta ala kosta, eta edozein prezio ordaintzeko prest dago Bilboko Udala. Berdin die monokultibo ekonomikoa sustatzea edo gizarte desorekak eratzea. Duela 20 urte oso bestelako baldintza eta testuinguru ekonomiko batean diseinatutako proiektu batekin tematuta daude. Proiektu megalomanoen garaia zen, arkitekto famatuak Bilbora erakartzeko garaia, geroxeago helduko zen sariak irabazteko obsesioa… den dena diru publikoa xahututa noski. Eta hori bera da egun Zorrotzaurrerekin gertatzen ari dena. Gobernuak “aukera espazio” bezala izendatzen du, eta izan liteke, baina galdera da: Aukera horiek norentzat baliatzen ari dira? Herritarrentzat eta guztion interesari begira ez behintzat. 

Eta interes publikoaz ari garela, ezin ahaztu auzi honetan zentrala den hezkuntzaren ardatza. Nik neuk ez nuke planteatuko Unibertsitate publikoa Vs. Pribatuaren arteko dikotomia sinple baten modura. Izan ere, guztiek sortzen dute ezagutza eta talentua, baina ezin dugu inoiz ahaztu unibertsitate publikoa dela sarbidean aukera berdintasuna bermatzen duen bakarra, eta interes orokorra lehenesten duen bakarra. Horregatik instituzioen betebeharra da hezkuntza eragile publikoei lehentasuna  eta babesa ematea. Baina operazio hauek epe luzera kohesio sozialari dagokionez sortuko dituen desorekak saihestezinak izango dira, ez badugu hemen eta orain eztabaida publiko bat zabaltzen “unibertsitate hiri” honen inguruan: Eztabaida hezkuntza eragileekin, baita Bilboko sentsibilitate politiko ezberdinetako taldeekin eta nola ez, Deustuko Erriberako auzokideekin, etorkizuneko Zorrotzaurre hori heldu baino lehen, beraiek direlako gaur egun irla horretan bizi direnak, beharrizan errealak dituztenak, kutsadura, obrak eta uholdeak jasan behar dituztenak, eta instituzioen aldetik erantzun bat behar dutenak.

Erantzunak

Erantzuna | #1

Oso ona artikulua, behar-beharrezkoa, herritarrok ez baikara gauza hauetaz konturatzen zeuek kontatzen ez badiguzue. Nere zirkuluen artean elkarbanatuko dot ta, manifestazioren bat antolatzekotan, bertan egongo gera. Eskerrik asko!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa