Diotenez, berdin dio ondorioez zenbatetan abisatzen diegun: Mina hartu arte ez omen du ikasten gizakiak, ume izan zein, tamalez, heldu. Buruan darabilkit ideia alaba besoetan dudala eta irratian Zaldibarri buruz ari direla.
Azken asteotan pil-pilean egon da zabortegiaren gaia. Ez bakarrik komunikabideetan, baita lagun eta senideen arteko kafe-tertulietan ere. Horrelakoetan, bereziki harritu nau zer nolako ezjakintasun maila dagoen gure hondakinen kudeaketaren inguruan. Badirudi EAJk azken urteotan hondakinen inguruan egindako marketing kanpaina izugarriak bere helburua beteta zuela eta hala, iruditeri kolektiboan zabortegien irudi faltsu bat ezarri dela. Mugimendu ekologistak hamarkadak daramatza hondakinen inguruan ohartarazten: kutsaduraren ondorioak, ingurumenari kalteak, osasun arazoak, berrerabilpenaren zein birziklapenaren garrantzia… Hitz batean, eroriko ginela eta mina hartuko genuela esan digute mila aldiz. Baina gu, gurera; eta mina hartu arte ikasteko gogorik ere ez dugu agertu. Tamalez, irakaspen honen ohiko ondorioei -berez ikaragarri larriak direnak- bi lagunen heriotza gehitu zaizkie.
Etenik gabe sortzen dugun zaborra magiaren poderioz desagertzen dela sinetsi izan dugu; edo sinestarazi digute. Izan ere, nork pentsa zezakeen zabortegiak Teleberriko infografia zoragarrietan erakusten dizkiguten ekogune idiliko horiengandik hain desberdinak direla? Zeru urdin horren azpian, dena hain berde eta hain garbi zirudien… Baina halako batean, jendeak Teleberri horretan bertan zabortegi baten benetako irudiak ikusi dituenean eta hondakinen kudeaketaren inguruan dagoen gardentasun eza norainokoa den ohartu denean, zaplasteko ederra hartu du.
Zaldibarren gertatu dena, ezinbestean, gure hondakinen kudeaketa ereduaren inguruan hausnarketa sakon bat egitera garamatza eta, ondorioz, lehen galdera zera da: Gurean, zer? Ba gurean, Bilbon eta Bizkaian, birziklapen tasa %40 baino gutxiagokoa da (administrazioak kopuru altuagoak ematen ditu, baina adituek zalantzan jartzen dituzte urtero); eta hondakinak gutxitu, berrerabilpena zein birziklapenaren alde egin beharrean, zaborrak erretzea nahiago dute kudeatzaile jeltzaleek.
Bizkaia eta Bilbo ez dira eredugarriak, inondik inora, birziklapenaren arloan; datuek agerian uzten dute urrun gaudela Europak ezarritako kopuruetatik eta, egoera honek, lotura zuzena dauka errausketaren alde egin izanarekin. Argi eta garbi ikusi genuen 2019ko irailean, EAJko arduradun instituzionalek Europako errausketaren lobbyari Bilbon egindako harrera arranditsu bezain lotsagarriarekin. Orduan hainbat eragileek gogoratu zuten, Zabalgarbi, orain dela hamarkada bat abian jarritako azpiegitura alegia, ez dela errentagarria, ez sozialki, ez ekonomikoki ezta ingurumenaren ikuspuntutik ere. Baina kritika hauen aurrean, jeltzaleek argi utzi ziguten ez zutela inolako asmorik hondakinen eredu jasangarri baten alde egiteko.
Gardentasun ezari dagokionez, Zaldibargo kasuari darion kirats hori bera, beste hainbat kasuen inguan antzeman izan dugu hemen. Zero Zabor bezalako plataformek salatu dute
Zabalgarbik, Eusko Jaurlaritzaren eta Diputazioaren laguntzarekin, araudi autonomikoa, estatala eta europearra ez dituela betetzen errauskailuek sortutako hondakinak aztertzerakoan. Esaterako, egun aski ezagunak ditugu Zaldibarren eta inguruko herrietan hain polemikoak izan diren neurketak dioxinak eta furanoak bezalako elementuak antzemateko. Zabalgarbiren isurketen gainean ere, halako ikerketak egiten dira, baina asko jota urtean 32 orduz, eta sekulan ez dira egiten zentroan zer edo zer gaizki dabilenean, alegia, arazoak egon daitezkeen momentuetan. Gehiago esan daiteke, bere jardueran gas kopuru handia erretzen dutela eta susmoa baino gehiago dagoela behin baino gehiagotan birziklagarriak ziren hondakinak erre egin dituztela, labea gelditzea ekiditeko.
Batzuetan Bilboko Udalak are errazago jartzen dio lana Zabalgarbiri, eta zuzenean edukiontzi desberdinetan herritarrek bereizitako hondakinak kamioi berean nahasten zituztela ikusi izan dugu. EHBildutik salatu egin izan ditugu halakoak, irudiak eskuan, udal gobernuaren inolako azalpen onargarririk lortu gabe.
Hondakin organikoak biltzeko orduan ere, arduragabekeria berbera darabil PNVren gobernua. Sei urte behar izan dituzte bosgarren edukiontzia, konpostarako zaborrarena, auzo guztietara eramatea eta hautazkoa denez, hamar biztanletik bakar batek izena eman dezala baino ez dute lortu. Eta ezin besterik espero kontuan izanda, batetik, konplexua dela sisteman izena ematea eta, bestetik, organikoaren zati bat baino ezin dela beirizi, begetalak baino ez. Hanka sartzea borobiltzeko, ahalegin hori egiten duten herritarrak zerga bidez saritu beharrean, oso noizean behin haien artean antzerkirako sarrera batzuk zozketatzea da neurri positibo bakarra. Sinestezina.
Hondakinak kudeatzeko bestelako ereduak badira, eta are gehiago, martxan dira gugandik ez hain urrun. Atez ateko bilketa da birziklapen tasarik handienak lortzen dituen sistema eta ez genuke ahaztu behar Bildu Gipuzkoako Aldundian agintea izan zuenean horren alde egin zuela bete betean, gainerako alderdien eta komunikazio talde handiak aurka, eta oso oldarkor, azaldu zirela. Izan ere, errausketaren inguruan negozio ederra dute, eta ez zuten inork kolokan jartzea nahi.
Ez dakigu noiz arte ariko zaigun ama lurra ohartarazten ezin duela gehiago gure kontsumo joerekin eta, ondorioz, hondakinak kudeatzeko modu arduragabeekin. Guztiontzako lezioa da, txikitasunetik ere, asko delako norbere etxean egin daitekeena, Santutxuko Laboreko bazkide egin zaitez eta ikasiko dituzu hondakin askoz gutxiagorekin kontsumitzeko aukerak.
Esan, esango digute berriz. Baina atariko hausnarketara bueltan, galdera beldurgarriena da ea mina hartuta ere, benetan irakaspenik ateratzen dugun.