Okupazioaren alarma faltsua

Erabiltzailearen aurpegia Alba Fatuarte 2020ko urr. 6a, 08:20

Irudia: Wikimedia. CC lizantziapekoa da

Euskaltzaindiaren arabera, demagogia da “herri xehearen grinak kilikatzen eta erabiltzen dituen politika” egitea. Eta horixe bera da hainbat komunikazio talde eta sektore politikoetatik azken aldi hontan okupazioaren aurka zabaltzen ari diren kanpaina sutsuaren oinarria: demagogia hutsa. Izan ere, krisialdiak bete-betean jotzen ari gaituen momentuan, herritar xumeengan gatazka sustatzen ari dira, pertsona pobretuen arteko gerrari hauspoa emanez, helburu argi batekin: Gizartearen egiturazko arazoen benetako errudunengandik arreta desbideratzea.

Eta nola egin aurre demagogiari? Egiarekin. Datuak eskuan, ustezko “arazo” honek ez du inolako oinarririk: Euskal Autonomia Erkidegoan okupazioarekin zerikusia duten salaketak ia %3 jaitsi dira azken urtean. Gainera, badakigu okupatutako etxebizitzen %70 bankuenak direla eta %5 soilik direla jabe txikienak. Beraz, ziurtatu dezakegu une honetan, edozein bilbotarren ohiko etxebizitza okupatua izateko aukerak oso eskasak direla.

Horrek ez du esan nahi kasuren bat gertatu ezin daitekenik, Bilboko Altamira auzoan orain dela gutxi gertatu den bezala. Baina mediatikoki hainbesteko oihartzuna izan duten gertaeren zergatia, bizilagunen esanetan, ez zen okupazioa bera izan, baizik eta bizikidetza eta segurtasun falta.

Bestetik, garrantzitsua da argitzea zer desberdintasun dagoen usurpazioaren eta bizilekua bortxatzearen artean. Norberaren bizilekua, legez, bortxaezina da, eta norbait zure etxean sartzen bada, bortxaketa delitua egiten ari da, lau urte arteko espetxe-zigorrarekin. Guardiako epaitegiak berehala eman dezake kaleratze agindua, etxebizitza hori ohiko bizilekua dela egiaztatu ondoren; eta hori berdin aplikatzen zaio bigarren bizilekuari, bilbotar askok Kantabrian duten horri, kasu. Okupazioa, ordea, etxe hutsetan gertatzen da, eta ez da bortxaketa, usurpazioa baizik, delitu arinagoa dakarrena.

Baina bortxaketa ez da okupazioaren fenomenoa bezain mediatikoa, eta hor dago gakoa. Izan ere, polemika faltsu honen onuradun zuzenak komunikazio talde handiak dira, baina ez bakarrak. Izan ere "desokupazio" deituriko enpresek ere probetxua ateratzen ari dira. Enpresa sasi-legalak dira, eskuin muturrarekin lotura dutenak eta, gehienetan, banketxeentzako lan egiten dutenak kaleratze ilegalak indarrez egiten.

Beraz, izan gaitezen zorrotzak eta deseraiki ditzagun gutxi batzuen mesedetan zabaltzen diren diskurtso populistak, gizartearen zati handi bati eragiten dioten beste arazo batzuk ezkutatzeko asmoz eraikitzen direnak. Eta Bilbon, etxebizitzaz ari garela, arazo handi bat dugu, baina ez okupazioarekin lotuta, alokairuen prezioen igoeraekin edota pisu turistikoekin baizik. Hori da gehiengo bati eragiten dion benetako drama soziala.

Etxebizitza duin bat izateko eskubidea egikaritzetik oso urrun gaude Bilbon: okupazio baino askoz ere etxegabetze gehiago gertatzen dira hiri honetan urtero, baina eskumako sektore mediatiko eta politikoei ez zaie interesatzen horretaz hitz egitea. Eta ez zaio interesatzen, funtsean, legeak gogortu nahi dituztelako bankuen mesedetan, kaleratzeak erraztuz eta lege horiek gero eta jende gehiagori aplikatuz. Izan ere, aurretik azaldu bezala, banketxeak dira etxebizitza hutsen jabe nagusiak.

Eta bien bitartean, okupazio mugimendua kriminalizatu nahi dutenen aurrean ere argiak izateko unea da. Orain inoiz baino gehiago, kapitalismoaren, kontsumo kultura basatiaren eta jabego pribatuaren aurrean, alternatiba politko bezala hamarkadetan eraikitako okupazio mugimendua defendatzeko unea da, duela 9 urte jada, Kukutza defendatu genuen bezala. 

Kukutza, okupatutako eraikin huts bat baino askoz gehiago zen: Kultur fabrika bat zen; alternatiba soziokomunitario oso bat osatzen zuena eta auzoarekiko bizikidetza modu bikainean zaintzen zuena; ekonomia soziala eta herritarren parte-hartzea oinarri zituena; Errekalde auzoko behar sozial eta kulturalak hein handi batean asetzen zituen ekipamendua, Udalaren utzikeriak uzten zuen hutsunea betez. Proiektu arrakastatsua zen, baina ez zion erantzuten Bilbon nagusi den arkitekto famatuen eta postaleko irudiaren
logikari, eta horregatik erabaki zen harekin amaitzea. Kukutza okupazio baten emaitza izan zen, eta nahiko genuke beste berrogei Kukutza gehiago egotea, Bilboko auzo bakoitzeko bat.