Ezjakintasunari zerga

Erabiltzailearen aurpegia Alba Fatuarte 2021ko api. 13a, 08:23
Bizkaiko Foru Aldundia

Ez zen beharrezkoa Nostradamus izatea aurreikusteko hasi berri den errenta kanpainak sekulako kaosa eragingo zuela Bizkaian, eta hala izan da. Izan ere, errenta aurrez aurre egiten ohituta dagoen jende askok arrakala digitalarekin talka egin du eta egoera honek herritarrengan piztu duen ezinegonak sarearen kolapsoa eragin du lehen egunetik.

Gogoratu beharra dago ez garela egoera honetara bapatean heldu. 2010 urtean, Errentaren kanpainan aurrez aurreko laguntza-zerbitzu publikoa eskaintzeari utzi zion Bizkaiko Foru Aldundiak. Egun batetik bestera, zergapekoen datuak eskura zitzakeen langile publiko batek eskaintzen zuen zerbitzua, banku edo aurrezki-kutxetan eskaintzera pasa zen, baina han ezin ziren datuak Ogasunarekin kontrastatu. Lehen pribatizazio horrekin, Administrazioak uko egin zion errentako teknikariek iruzurraren aurka egiten zuten lehen iragazkiari. Gipuzkoako edo Arabako Foru Ogasunak ez ziren ausartu Bizkaiko urratsak jarraitzera, ezta Estatuko Zerga Agentziak ere, eta guztiek aurrez aurreko zerbitzua eskaintzen jarraitu dute, baita iaz ere, COVID-19ak eragindako zailtasun guztien gainetik. 

Hamarkada bat geroago, EAJk eta PSEk zuzendutako Bizkaiko Foru Aldundiak iragarri zuen errenta aitorpen guztiak internet edo telefono bidez onartu beharko zirela, banku-bulegoetan aurrez aurreko arretarik jaso gabe. Modernitatearen izenean, eta izapideak egitea oso erraza izango dela behin eta berriz azpimarratu ondoren, aurrez aurreko arreta zerbitzua ezabatu egin dute, eta pertsona baten laguntza fisikoa kasu gutxi batzuetara mugatuko da. Erabaki hau Foru Zerga Arau Orokorraren aurka doa; izan ere, bere 2. artikuluak Ogasunarekiko betebehar formalak betetzetik eratorritako zeharkako kostuak mugatzen ditu, eta 83. artikuluan Administrazioaren betebehar gisa ezartzen du zergapekoei laguntzea. Iaz arte, Bizkaian bizi zirenek Ogasuneko bulegoetan, telefonoz edo bankuetan argitu zitzaketen beren zalantzak. Osasun-arrazoiengatik ogasuneko bulegoetan egindako aforo murrizteak eta bankuetako arreta ezabatzeak telefono bidezko arretak gainezka egitea eragin du. Horrela, gero eta gehiago dira datozen egunotan telefono entzungailu batekin borrokan aritu beharko diren biztanleak, bereziki adinekoak.

Legegintzaldi honen hasieran, Bizkaiko Ogasun Sailak bere proiektu nagusiak aurkeztu zituen: Ogasunak egindako faktura bakoitza kontrolatzea eta errenta aitorpen guztiak on-line egitea. Baina pandemiak dena nahastu zuen, eta jeltzaleek, Ignazio Loiolakoaren "triskantza garaieten ez da etxe-aldaketarik egin behar" esaerari jarraiki, Batuz izeneko fakturazioaren hasiera urtebete atzeratzea erabaki zuten. Atzitik, Bizkaiko Ogasunak arinegi eutsi dio errenta-kanpainaren erabateko automatizazioari, nahiz eta 2020a automatismoekin zerikusirik izan ez duen ezohiko urtea izan den. Enplegu-erregulazioko espediente batean egon denari, kaleratze bat jasan duenari edota Soldatak Bermatzeko Funtsetik kobratzeko borrokan ari denari; berdin die; zergapeko guztiok hiru orri jasoko ditugu Ogasunetik; lehenengoan errenta-aitorpena bera, bigarrenean errenta-aitorpena on-line eskuratu ahal izateko jarraibideak, eta hirugarrenean, lehen edo bigarren orrian ezer ulertu ez dutenentzat, aholkularitza pribatu batera jotzeko informazioa.

Zoonosi hitza ezaguna egin aurretik, Iruarrizaga Ogasun diputatuak arrakala digitala pairatzen dutenak lasaitzeko asmoz adierazi zuenez, "mundu guztiak badu lagun diezaiokeen senitartekoren bat gertu". Eta une hartan ezinezkoa bazen ere diputatuak pandemiak eragindako ondorioak aurreikusi zitzan, ez zien jaramonik egin Eustatek adierazten zituen datuei, zeinen arabera, bakarrik bizi diren euskal herritarren erdiak ez du ordenagailurik etxean, edo langabezian edo enplegurik gabe dauden pertsonen %40ak ez du Internet erabiltzen.

Administrazioa modernizatzea eta automatizazio handiagoa lortzea bete beharreko helburuak dira, baita Errentaren kanpainan ere. Baina ezinezkoa da errenta aitorpen proposamenen %100 behar bezala eginda egotea. Erabaki honekin, Bizkaiko Aldundiak zergapekoei zuzendutako laguntza gutxitu du eta erantzukizun osoa herritar xumeengan uzten du. Administrazioak zerga-araudi osoa ezagutzera eta tresna teknologikoak trebetasunez erabiltzera behartzen gaitu, eta bi baldintza hauetako bat betetzen ez badugu, nahi gabe dirua oparitu dieziokegu Ogasunari, ezjakintasunari zerga ordainduz.

Azken finean, PFEZaren Araua aldatu gabe, Bizkaiko Foru Aldundiak diru gehiago bilduko du errentarik baxuenak dituzten herritarren artean, aholkularitza pribatu bat ordaintzeko aukerarik ez dutenen artean, hain zuzen. Hala ere, PFEZak zerga progresibo bakarra izaten jarraituko du, gehien irabazten dutenek gehien ordaintzen duten zerga bakarra baita. Baina zergadunei behar bezalako arreta eskaini gabe, Iruarrizaga eta Rementeria kontrako norabidean doaz.