Batek daki zer eramaten duen pertsona bat zabor edukiontzi baten barruan gaua pasatzera, baina dakiguna da hainbat eragilek askotan ohartarazi dutena: instituzioen aldetik egiten diren etxerik gabeko pertsonen desalojoek ondorioak dituztela. Eta ondorio horietako bat kale gorrian lo egiten dutenen estigmatizazioa eta kriminalizazioa direla. Izan Atxuriko kantxetatik, Euskalduna zubitik edota La Salvetik, etxerik gabekoak horrelako lekuetatik botatzeak, ez du egoera konpontzen, pertsona hauek lekuz mugitu eta ikusezin bihurtu baizik, hain ikusezin, zabor artean amaitzeraino.
Eta duela hilabete gutxi gaztetxo honen ongizatearen arduraduna zena, alegia, Bizkaiko Aldundia, non dago? zer dio? ez al du bere erantzukizuna aitortuko? 18 urte bete ondoren tutoretzarik gabe geratzen diren gazteen egoerari buruz galdetzen zaion bakoitzean egiten duen bezala, isildu edo ez ikusiarena egiten jarraituko du? badirudi baietz, eta ez da lehen aldia.
2019ko azaroan hogei bat gaztek, -haietariko batzuk haien ardurapean egondakoak-, Euskalduna zubiaren azpian lo egin zutela zabaldu zenean, diputatuari galdetuta, administrazioak pribatutasun -eta konfidentzialtasun- printzipioekiko errespetu zorrotza izan behar duela erantzun zuen, eta amaitutzat jo zuen gaia, honakoan bezalaxe.
Baina honez gero argi dagoena da, 2018an Foru Aldundiak abian jarritako gazte estrategiak ekarri dituen aldaketak, tutelatuak izandako gazte etorkinei zuzendutako egoitza-sistema desegin dutela. Ondorioz, gazteek, nahiz eta Aldundiaren ardurapean egon, adin-nagusitasunera iritsitakoan, zailtasun handiak dituzte egoitza-baliabideak lortzeko, eta horietako askok babesik gabe amaitzen dute, kalean.
Edonola, gazte hau ez da aste honetan Bilbon hilik agertutako etxerik gabeko pertsona bakarra. Izan ere, Casilda parkean etxegabe baten gorpua agertu zen egun horretan bertan. 40 urteko gizon bat, urte luzez kalean izan dena. Bizitza gogor baten istorioa zen berea, eta Bilboko gizarte-zerbitzuen arreta jasotzen bazuen ere, horrek ez du eragotzi heriotzak Bilboko banku batean aurkitu izana.
Bi istorio guztiz desberdinak, bi egoera eta ibilbide diferente, baina bi pertsona hauek zerbait zuten amankomunean: ez zuten non bizi. Eta heriotza hauek arazo larri baten izebergaren punta baino ez dira: Bizitoki-bazterketa larriarena alegia, Bilbon bereziki kezkagarria dena, non 700 etxerik gabeko pertsona bizi diren, horietatik 300 lagunetik gora, kale gorrian.
Erakundeak ez dira gai izaten ari bizitzeko etxerik ez duten pertsonak behar bezala artatzeko eta, horrexegatik, Bilboko Udalaren gainezkatzearen aurrean eta Bizkaiko Aldundiaren arduragabekeriaren aurrean, beste behin ere, erantzukizunak eta konpromiso zehatzak mahaigaineratzea eskatzea derrigorrezkoa da. Zentzu horretan, gogoratu behar da 'Etxerik gabeko pertsonentzako euskal estrategia' berria onartzeke dagoela oraindik ere eta horrek aukera bat eskaini dezakela egoera honi modu irmo eta osoan aurre egiteko. Aurrekontu nahikoa eta ausardia politikoa beharrezkoa izango da administrazio publikoak zerbitzu egokiak garatu eta inor ez dadila kalean bizi. Bitartean, kaleak hil egiten duela salatzen jarraitu behar izango dugu.