Euskal Museo berritua osatuko duten lau eraikinen birmoldaketari esker, 2.000 metro karratu irabaziko dira, hau da, museoak gaur egun duen erakusketa-azalera %85 handituko da. Era berean, handitze horri esker, bisitari-kopurua hirukoiztea aurreikusten da. Lehen esan bezala, arkitektura proiektuarekin batera, diskurtso eta proposamen museologiko berri bat ere landu da, zeinetan teknologia berriek garrantzi handia izango duten eta euskara ardatz izango den.
Honek guztiak adierazten duena da, datozen urteotan Euskal Museoa hazi egingo dela, ez bakarrik espazioan, baita erreferentzialtasunean, aurrekontuan eta langile kopuruan ere. Baina hazkunde horrekin batera, bestelako aldaketa batzuk egin beharko lirateke, hain zuzuen ere kudeaketa ereduari lotutakoak. 2024 urtean Bilboko Euskal Museoa handiagoa eta berritzaileagoa izateaz gain, gardenagoa ere izan beharko litzateke.
Izan ere, gardentasun faltarekin eta praktika desegokiekin zerikusia duten aurrekari kezkagarriak ditugu, Euskal Museoa eta Bilboko Arte Berreginen Museoa kudeatzen dituen Bilbao Bizkaia Museoak sozieltateari lotuta. Deigarriena, 2011. urtekoa da, EAJk Sorkunde Aiarza Zamudioko alkate ohia Brreginen Museoko zuzendari gisa izendatu zuenean, prebarikazio delitu bat egiteagatik kargu publikoan aritzeko bederatzi urteko desgaikuntza berezira kondenatua zegoen bitartean.
Kontratazioari lotutako gertakari lotsagarriak ere ez dira falta izan museo hauetan azken urteotan. Batetik, lan baldintza kaxkarretan urteetan mantendu izan diren pertsonak eta, bestetik, EAJrekin lotura izateagatik zuzenean entxufatuak izan direnak. Adibide onartezin bat 2017 urtekoa da, komunikazio arduraduna hautatzeko prozesuan ikusi genuena. Lanpostura aurkeztu ziren 130 pertsonen artean, komunikazio arduradun postua esleitu zitzaion pertsonak ez zuen ez euskara gaitasun agirirk ezta maila bereko ardura postuan esperientzia egiaztaturik, bai ordea EGIrekin kontaktu zuzena. Deialditik kanpo gelditu ziren prestaketa eta esperientzia zabaleko profesionalak, baina akaso eskakizun garrantzitsuena betetzen ez zutenak, jeltzaleekin lotura izatea, hain zuzen ere.
Bide batez, esan beharra dago hautaketa prozesu hau eman bitartean, deialdiaren oinarriei buruz EH Bildu udal taldetik egin genituen informazio eskaerak ez zirela behar bezala erantzun eta pertsonalki, Bilboko Udalean zinegotzi naizenetik inoiz topatu izan dudan opakutasun-horma handienaren aurka jo nuela gai honi buruz galdetzen nuen bakoitzean. Osoko bilkuran ere prozesua berdintasun, merezimendu, gaitasun eta gardentasun berme guztiekin errepikatzea eskatu genuen, baina gobernu-taldeak uko egin zion.
Horrexegatik, argi esan dezakegu nahikoa aurrekari daudela Bilbao Bizkaia Museoak sozietatean, %100ean diru publikoarekin finantzatutako sozietate bati eskatu behar zaion gardentasun maila eta kudeaketa moduekin bat ez datozen praktikak burutu direla baieztatzeko. Beraz, ezinbestekoa da sozietate honen jarduera gertutik fiskalizatzea, urteko aurrekontuaren berri izateko, gastua nola gauzatzen den jakiteko edo kontratazio-prozesuak nola egiten diren kontrolatzeko, eta, jakina, baita museo horien jarduerari modu eraikitzaile batetik ekarpenak egin ahal izateko.
Gainera, kontuan izan behar dugu Bilbao Bizkaia Museoak sozietatearen estatutuek aukera ematen dutela parte hartze zabalago bat bermatzeko. Izan ere, 15. artikuluak zehazten du administrazio-kontseilua gutxienez lau eta gehienez hamar administratzaileek osatuko dute eta, gaur egun, kontseilua presidenteak, presidenteordeak eta lau bokalek osatzen dute. Beraz, tartea badago bokal gehiago izendatu edo egungoak alderdi bakoitzaren ordezkaritza politikoaren arabera izendatzeko. Izendapen horiek egitea, 13. artikuluaren arabera, Batzar Orokorraren eskumena da, eta batzarraren bazkide dira, erdibana Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Udala. Beraz, argi dago ez dagoela inongo legezko eragozpenik administrazio kontseiluan parte hartze zabalagoa eta aniztasun politikoa bermatzeko, estatutuek eurek aukera hau ahalbidetzen baitute. Borondate politikoa baino ez da falta.
Tamalez, PNV eta PSEk argi utzi dute ez dutela horretarako inongo asmorik. Izan ere, Bilbao Bizkaia Museoak sozietatearen Administrazio Kontseiluan Bilboko Udalbatzan ordezkatuta dauden talde politiko guztien ordezkaritza proportzionala izateari uko egin dio duela aste gutxi. Zergatik baina? Zergatik ez daude prest bilbotar guztion diruarekin finantzatzen diren kultur arloko beste erakunde batzuetan bezala jarduteko? Arriaga Antzokiko, Bilbao Arte Fundazioko, Bilbao Musikako edo Azkuna Zentroko administrazio organoetan udaltalde politiko guztietako ordezkariek parte hartzen badute, zergatik ezin da gauza bera egin Bilbao Bizkaia Museoak sozietatean? Zer dute ezkutatzeko? Beraiek eman beharko dituzte azalpenak.