Deigarria da hedabideek Guggenheim Bilbao Fundazioari laudorioak besterik ez egitea, urte hauetan museoan gertatu diren eskandalu eta gatazkak isilean gordetzen dituzten bitartean. Nik neuk horietako bat pairatu nuen: 2009 eta 2010 urteen artean, Museoko bekaduna nintzela, lan-ikuskaritza agertu zen praktiketan geunden 70 gazteri elkarrizketak egitera. Ondoren, ikuskaritzak dozenaka akta zabaldu zituen, Museoari bekak iruzurrez erabiltzea egotzita langile finkoak ordezkatzeko asmoarekin. Urte batzuk geroago epaitegiek berretsi egin zuten ikuskaritzaren salaketa eta zigorrak ezarri zitzaizkien, bai Guggenheim Museoari bai Novia Salcedo Fundazioari. Handik igaro ginen bekadun-prekarioen azken promozioa izan zen nirea.
Baina ez da hori izan Bilboko Museo ikonikoa estaltzen duen titanioaren distira lausotu duen pasarte bakarra. Guggenheim Bilbao Fundazioaren balioen artean “kalitatearen aldeko konpromisoa” aipatzen da eta “Museoaren arrakasta bere kudeaketaren bikaintasunarekin lotuta dagoela” ziurtatzen da. Aitzitik, diru publikoaz sostengatutako euskal erakundeen artean, Guggenheimen gertatu da lapurreta handienetako bat. Izan ere, Roberto Cearsolo Administrazio eta Finantza zuzendariak 500.000 euro baino gehiago desbideratu zituen bere kontuetara, Museoaren kutxetatik lapurtuta. Cearsolo 42 hilabeteko espetxe-zigorrera kondenatu zuten 2009an, museoaren dirua bidegabe jabetzeagatik eta merkataritza-dokumentuak faltsutzeagatik. Desfalkoa ia kasualitatez azaleratu zen, Kontuen Euskal Epaitegiak egindako beste ikerketa bati esker, 2005 urtean Museoak sei milioi euro galdu zituelako dolarrak erosteko operazio batean, bere arte-lanen funtsa handitzeko asmoz. Horrelako adibideekin, azal lodia izan behar da euren kudeaketaren bikaintasunaz harro agertzeko.
1997an Espainiako garaiko errege Juan Carlos Iak museoko argiak pizteko botoia sakatu zuenetik, luze jo du. Bide batez, emeritua ez da agertzen efemeridea gogoratzeko irudietan, kasualitatez edo. Egun, askok diote proiektu hura kritikatu zutenek orain bere hitzak jaten dituztela. Baina agian ez zeuden hain erratuta. Izan ere, “Guggenheim efektu” delakoa eztabaidaezina da, baina zertaz ari gara? Nola neurtzen da ustezko arrakasta hori? Eurotan, bisitari kopuruetan, hotelen okupazio tasetan? Guggenheim ez zen inoiz proiektu kulturala izan, proiektu ekonomikoa baizik. Egitasmo honek industriaren gainbeheraren ondoren hiri-eredu berri bat eraikitzeko oinarriak jarri zituen eta gaur egun ezin da ukatu EAEko erakundeek egin zuten inbertsioaren itzulera ekonomikoa; baina halaber, ezin dira alde batera utzi albo ondorioak: zerbitzuen sektorean oinarritutako ereduak, nazioarteko turismoa zein ekitaldi handiak erakartzera bideratua dagoena, enpleguaren prekarizazioa, etxebizitza prezio eskuraezinak eta gizarte-kohesio geroz eta ahulagoa ekarri dizkigu.
Edonola ere, mende laurden honetan Museoak marka bat izan badu, hori lan-prekarietatearena izan da. Asko eta askotarikoak dira Museoan sortu diren lan-gatazkak, greba desberdinetan amaitu direnak. 2016an egin zen Bilboko Guggenheim Museoko hezkuntza eta orientazio sailetako 18 langilek deitutako lehen lanuztea. Aldi baterako enpresa baten bidez azpikontratauak zeuden eta beraien eskaera nagusiak lan-baldintzak hobetzea eta subrogazioa ziren. Museoaren erantzuna, Eusko Jaurlaritzarekin, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Bilboko Udalarekin adostutako erabaki batean, ordura arte enpresak ematen zituen zerbitzuak lehiaketara ez ateratzea eta soilik hiru hezitzaile modu zuzenean kontratatzea izan zen, 18 pertsona kaleratuz. Asko izan ginen garai hartako protestetan parte hartu genuenok, eta prozesu mingarri bezain luze baten ostean, epaitegiek Guggenheim Bilbao Museoa Fundazioa zigortu egin zuten greba-eskubidea urratzeagatik, eta salaketa jarri zuten langileak berriz onartzera behartu zituzten, kaleratzeak baliogabetzat jo zituztelako.
Eta nabarmendu behar dugu, zalantzarik gabe, Museoko garbitzaileen borroka. Hezitzaileen greban bezala, zerbitzuen azpikontratazioa eta lan-prekarietatea egon ziren gatazkaren oinarrian, baina euren kasuan, hirugarren faktore bat gehitu behar diogu: emakumeen eta gizonen arteko soldata-arrakala, hain zuzen ere. Izan ere, ia langile guztiak emakumeak dira eta 20 urtez egon dira Museoan garbiketa-zerbitzua ematen, 600 euro inguruko batez besteko soldatekin; hau da, generoagatiko soldata-arrakala ia %50ekoa zen. Guggenheim Museoak eta enpresak, aldiz, ez zuten onartzen arrakala hori zegoenik, eta uko egiten zioten emakumeen lan-baldintzak hobetzeari. Bederatzi hilabete baino gehiagoko greba gogor baten ondoren, Guggenheimeko garbitzaileek %20ko soldata igoera eta kontratu partzialen amaiera lortu zuten. Badirudi inork ere ez dituela gogoratu nahi 25. urteurren honetan.
Memoria selektiboaren bidez iragana zuritu eta eztitu daiteke, baina horrek ondorio larriak dakartza, besteak beste, ibilbidean ikasitakoari uko egitea. 25 urte hauetako argi-ilunak aztertu eta onartzea lehen urratsa izango litzateke gauzak aldatu eta hobetzeko. Eta azaldutako guztiagatik, Puppyren milaka loreetatik harago, bada zer aldatu Guggenheim Museoan.