Kasu batzuetan, atzerapausoak ere eman ditugula egiaztatu nuen, eskumako ordezkarien aldetik adierazpen transfoboak ez baitziren falta izan, “emakumeon ezabatzea” eta beste hainbat argudio zeken erabilita. Benetan kezkagarria da euren eskubideak eta existentzia bera aldarrikatzen duten pertsonen aurrean sortzen ari den erreakzio pozointsua. Baina, gutxi horien gorroto diskurtsoaz gain, oro har, badirudi gehienak ez direla gai izan parte-hartzearen ikuspegi formal eta zurrunetik ateratzeko eta, horrela, eztabaida kuoten eta meritokraziaren eremura mugatzen da.
Betiko tranpa da: legeak aspaldi behartzen du ordezkaritza orekatua betetzera, baina helburua ez da lortzen, legeak berak dituen mugengatik. Eta honen aurrean bi jarrera hartu daitezke. Bata, konformismoa, eta bestea gauzak aldatu nahi izatea, Davisen hitzetan, “gu ez baikaude hemen aldatu ezin daitezkeen gauzak onartzeko, baizik eta onartu ezin ditzakegun gauzak aldatzeko”.
Eta gauzak aldatzeko lehen baldintza geure buruari iruzur egiteari uztean datza. Horren ordez, has gaitezen emakumeon parte-hartzea sustatzeko baldintza errealak sortzen dituzten eredu eraginkorrak bultzatzen. Has gaitezen, beraz, gobernantza feminista praktikan jartzen eta botereen zein erantzukizunen birbanaketa sakon bat ahalbidetzen duten prozesuak martxan jartzen. Eta akaso, “has gaitezen” baino, “jarrai dezagun” esan beharko nuke. Izan ere, gobernantza feminista ez da eslogan hutsa; eremu askotan jada abian dagoen prozesu eraldatzailea baizik.
Izan ere, gobernantza feminista gauzak beste modu batean egiten diren bakoitzean, egunero, eraikitzen dugu, etxe barruan zein kanpoan: norbanakoaren gainetik, lan kolektiboari balioa eta ikusgarritasuna ematen diogunean; gizonek botereari uko egiteko mantentzen dituzten erresistentziei modu bateratuan aurre egiten diegunean; botere-guneetan zaintza ardurak eta denborak aintzat hartzen ditugunean; lidergoan diharduten emakumeen eragina mugatzen dituzten estereotipoak deseraikitzen ditugunean; inposatzen zaigun “iruzurtiaren sindromeari” aurre egiten diogunean; edota erabakiak hartzerakoan, eredu bertikal eta inposatzaileen gainetik, horizontaltasuna eta zeharlerrotasuna lehenesten ditugunean. Horietan guztietan, urratsak eginez eraikitzen dugu, pausoz pauso, gobernantza feministaren eredua, ez bakarrik emakumeen onerako, gizarte osoaren demokratizazioan sakontzeko baizik.
Martxoaren 8an atarian gaudela, baina, gai izan beharko ginateke, teoriatik harago, gobernantza feministaren eredua adibide zehatzetan irudikatzeko. Izan ere, mugimendu feministak kaleak hartuko ditu, bestek beste, neurri zehatzak eskatzeko, eta erakundeetatik erantzunak ematea dagokigu, kaleetan eskatzen dena defendatuz, konpromiso zehatzak, errealistak eta egingarriak hartuz, eta emakumeen bizitzetan benetako eragina izango duten prozesuak abian jarriz.
Eta Bilbo batean, zertan gauzatuko litzateke konpromiso hau? Ba hasteko, mugimendu feministak aspaldi utzi zuen Emakumeen Kontseilu delakoa eraldatuz eta indarberrituz, politika publikoetan eragin zuzena izateko espazio bihurtuz, eragileekin etengabeko lankidetza oinarri hartuta. Edota Emakumeen Etxea eta Jabekuntza Eskola sortzeko prozesua abian jarriz, baina ez edozein modutan, baizik eta mugimendu feministari espazioa eta erabakitzeko eskubidea aitortuz, botere banaketa mekanismoak ezarriz eta balio politiko eta eraldatzaileko espazioa sortuz.
Tamalez, PNV eta PSEren udal gobernuak betiko parte-hartze eredu mugatu eta hutsalari eusten dio eta oraindik ere ez da gai izan argitzeko ea Emakumeen Etxea gauzatzeko asmoa duen ala ez. Baina ez dakitena zera da, jada ez dela nahikoa izango espedientea betetzea edota aitzakiak jartzea. Egun gutxi barru kaleak berriz ere hartuko dituen mugimendu feministaren indar eraldatzaileak ez baitu zuriketa morerik onartzen.