Aste Nagusia 2016

Alex Arregi: "Gustura baino gusturago biziko nukeen unea"

Erabiltzailearen aurpegia Alex Arregi 2016ko abu. 16a, 09:30

andoaingojubilatuak.blogspot.com

Aste Nagusia jai handia da Bilbon, oroitzapen ederrak utzi ditu gure gogoan, baina deustuar gisa, esan beharrik ez dago, handiagoak direla Deustuko jaiek gugan utzi duten arrastoa... Ze nolako giroa eta grina bizi genuen garagardotegi zaharreko toldopean... Bertan batzen ziren kuadrilla arteko txapelketa, jolas, kontzertu gogoangarri, txosna giro eta abarrekoak. Kontxo, gatozen harira! 

Bilboko Aste Nagusia ere garrantzitsua izan da gure izatearen garapenean; norbere neurriko laguntza eskaini genuen txosnetako barra zein sukaldetan baina akaso buruan iltzatuta geratu zaidan oroitzapenik nabarmenena Belladona taldeak, Tijuana In Bluerekin batera Areatzan eskaini zuen emanaldia izan zen.

Gerora, hainbat talde ikusi ditugu zuzenean, gure musika proiektu apalekin ere emanaldi batzuk bizi izan ditugu taula gainean, barru-barrutik baina Belladonak eskaini zuen hura berezia izan zen; sutsua, indartsua, zintzoa. Aukeran, laburregia ere egin zitzaidala gogoratzen dut, gehiagoren behar sakon hori sentiarazten dizun zuzenekoa izan zen. Berriro gustura baino gusturago biziko nukeen unea. Ea ba, datorren Aste Nagusi honetan horren tankerakorik arnasteko beta daukagun.