Azkeneko kasuan, auzotarrek beraiek osoko bilkurara eraman zuten proposamen baten aurrean, udalak obren hasiera lehen bait lehen hasteko konpromezua hartu zuen. Ia bi urte igaro ditugu berririk izan gabe eta orain, hauteskunde garaia gertu dagoenean, Ábalos ministroa eta Aburto alkatea presaka ibili dira konpromezu handiena nork duenaren lehian. Gauzak horrela, joan den asteburuan, ministroak obrak hasteko proiektua mahai gainean zegoela adierazi zuen.
Segituan, EAJko burukidea den Itxaso Atutxak txio bat jarri zuen Bilboko gobernuak proiektuaren berririk ez zuela adieraziz, Bilboko alkateak hala adierazi zuelarik. Hedabide eta sare sozialetan gauzatu zen adierazpen kontrajarrien ostean, hiru egunetan, bilera egin zuten Ábalos ministroak eta alkateak. Gogoratu beharra dago EAEn instituzio maila ezberdinetan, Bilboko udalean ere, gobernu akordioa daukaten bi alderdietaz ari garela, beraz, lehiakortasun mediatikoa alde batera utzita eta bilera titularrak bota aurretik egitea eskertuko genuke, proiektuaren informazio zehatza ezagutaraziz. Hala ere, esan beharra dago, joan den asteazkenean, urtarrilak 23, izandako bileraren ostean, ez daukagula informazio gehiagorik. Ez aurrekontu finkorik, ezta epe zehatzik, ezta proiektuaren diseinuaren nondik norakoak ere.
Bilbo hiriko HAPOaren zirriborroan trenbidearen lurperatzea ez bakarrik auzoko baizik eta hiriko proiektu estrategiko moduan agertzen den arren, badakigu proiektu hauek burutu daitezkeela bost urteetan edo hogeita bost urteetan, edo izan daiteke obrak zatika burutzea, Irala eta Errekalde arteko trenbidearen lurperatzeari besterik ez zaio erreparatu behar. Horregatik ezinbestekoa da epe eta aurrekontuei dagokienez konpromezu irmoa hartzea.
Instituzioetatik gure auzoetarako azaltzen diren proiektuek hauen garapenerako beharrezkoa den kronologia eta dirua finkatuta izan behar dute, bestela, diseinu hutsak dira, eta diseinuek ez dituzte konponbideak bermatzen. Lau dira mahai gainean jarri diren proiektuak, eta urteak pasata, Zorrotzako auzokideek euren eguneroko bizitza oztopatzeaz gain euren bizitza arriskuan jartzen duen trintxera honekin elkarbizitzera behartuta jarraitzen dute. Orain, Bilbon gobernu kide diren bi alderdien ordezkariek, euren urteetako konpromezua ekainean gauzatzen hasiko dela adierazi dute. Foru Aldundi eta Udalerako hauteskundeak maiatzean izango direla kontuan hartuta, ez da harritzekoa
Bitartean, Zorrotzako auzoa, abiadura ezberdineko hiriaren paradigmaren eredu bikaina da. Bilboko gune batzuek ziztu biziko garapen urbanistikoa bizi duten heinean, Zorrotza, desindustrializazio garaiko irudi izoztua dirudi. Urteetako arazo bat da hau, hauteskundeak gertu daudenean, maila ezberdinetako gobernuek azaleratu egiten dutena baina Zorrotzako auzotarrek egunero pairatzen dutena.