Zenbaitetan, apirilean zehar, gure hiriko kaleetatik ibiltzera eramaten gaituen egunerokotasunean geldialdi txikia egin eta 1937. urtean, kale horietan bertan, bilbotarrek bizi izandakoa etortzen zait burura, Roselliniren film baten fotogramak izango balira bezala.
Berdina gertatzen zait Astarloa kalea zeharkatzen dudan bakoitzean, batik bat, 7. zenbakira ailegatzean. Orain arropa marka multinazional ezagun baten makrodenda dagoen eraikinaren monumentaltasunak, bere momentuan bertan Emakume Antifaxisten egoitza kokatu zela gogorarazten dit. Aitortu beharra dut, batzutan, eraikinaren hirugarren pisura begiratu eta Faustina Baliño, Pilar Perez, Astrea Barrios, Lucía Pérez etab. imajinatu izan ditut Mujeres aldizkarian idatzitako artikuluen bidez, frankismoak emakumeentzako suposatzen zuen erasoa salatzen.
Hainbat dira adibideak, gure hiria Gerra Zibilaren eszenatoki garrantzitsua izan zelako. Artxandatik Deustura, Alhondegitik Prim kalera, Astarloatik Arenalera etab. Gustatuko litzaidake bilbotar guztiek, eta gure hiriaren marka internazionalki saldu ostean datozen hainbat bisitariek ere, halako hausnarketak izatea, baina horretarako ezinbestekoa da historiaren, gure historiaren ezagutza eta hedatzea.
2017. urtean, Bilboko hartzearen 80. urteurrena betetzen zelarik, udalak hainbat omenaldi antolatu zituen. Esan beharra dago, guztiak oposizioko udal taldeek aurkeztutako proposamenen ondoriozko osoko bilkuren akordioen betebeharrari erantzuten zietela eta batez ere, memoria historikoaren defentsan lan egiten duten hainbat elkarteei esker. Elkarte hauek salatzen duten moduan, asko dago egiteke gure hirian memoria historikoaren legea bere osotasunean bete dadin.
Demokraziaren alde borrokatu zuen generazio osoa bat galtzen goaz, pasa den martxoaren 8an, kartzela frankistetan eta Gurseko kontzentrazio esparruan preso izan zen Luis Ortiz Alfau bilbotarra joan zitzaigun, bere hiriko udala Serviniren auzian pertsonatuko ez den euskal hiriburu bakarra dela ikusita. Instituzioetatik egiten den memoria historikoaren lanketak, hausnarketa sakona eta aldaketa estrukturala behar duela argi dago, hezkuntzatik hasita, gure paisaia urbanistikoraino. Ez dago hitzerdika aritzerik, instituzioek, egia, aitortza eta erreparazioa zutabe giza dituen historia eraikitzea bermatu behar dute, urteurrenetatik haratago eta kalkulu elektoralistetatik at.