ONU-Habitat Nazio Batuen hiri-asentamenduetarako agentzia espezializatuaren arabera, hiria izateko eskubideaz hitz egiten dugunean biztanle guztiok gure hiri eta herriez bizitzeko, erabiltzeko, okupatzeko, ekoizteko, eraldatzeko, gobernatzeko eta gozatzeko dugun eskubideaz ari gara. Horrela, hiriek hiri-espazio justua, inklusiboa, segurua, jasangarria eta demokratikoa ahalbidetu behar dute, bizitza duina ziurtatu ahal izateko. Azken batean, bizilagunek bizi diren hirian eraldaketak sortzeko duten eskubideaz ari gara, beren historiaren jabe izateko eskubideaz, beren etorkizunaren zati izateaz, beren patua irudikatzeko eta, batez ere, diseinatzeko gai izateaz.
Horregatik, Bilbo nolakoa den edo nolakoa izan beharko litzatekeen erabakitzea ez dagokie soilik udal-gobernua izateko ardura dutenei, baizik eta gure hiri maitean bizi garen guztioi dagokigun zerbait da. Finean, hirietan bizi garenok gara hiri horien jabeak; Bilbo guztiona da eta ez gutxi batzuen irudira egindako apeta. Guztiok izan behar dugu gure hiriaren eraldaketaren protagonista. Bilboren historia, oraina eta etorkizuna geurea da.
Baina, nola bultzatzen ari da gure hirian gobernagarritasun demokratikoa? Benetan parte-hartzaileak al dira udal kontseilu sektorial ugariak edo hiriko kontseilua? Nork ezagutzen ditu espazio horiek? Nork parte hartzen du horietan? Eta, batez ere, zein da herritarrei ematen zaien benetazko erabaki-ahalmena? Horiek dira erantzun behar ditugun galdera nagusiak; horretaz gain, erantzunean aitortu beharko dugu herritarren parte-hartzea ”gobernu ona edo gobernu irekia” deritzonaren zutabeetako bat dela.
Ildo beretik, nahiz eta egia izan Bilbon, azken urteotan, pauso txikiak eman direla, pauso horiek motelak eta eskasak izan dira. Izan ere, aurrekontu parte-hartzaileak horren adibide esanguratsuak izango dira; pixkanaka, diseinua demokratizatu egin da, baina, azken finean, gaur egun, udal-aurrekontuen % 0,3a baino ez dira. Horregatik galdetzen diogu geure buruari, udal gobernua botere pastel hori partekatzeko prest al dago?
Gure ustez, horrek agerian uzten du funts publiko gehiago erabili behar direla herri-ekimenerako eta kudeaketarako; aldi berean, argi erakusten du udal gobernuan mesfidantza handia dagoela herritarrek “aldaketaren eragile” gisa dituzten eskumen eta merezimenduei dagokienez. Izan ere, baliabide publiko horiek gizabanakoen jardueran sortuak direnez, gizarte-multzoari dagozkio, ez soilik horiek administratzen dituzten erakundeei.
Hitz egin dezagun Barrutiko kontseiluen egungo eredua sakonki eraldatzeaz. Funtsean, horiek dira Bilboko Udalak gizartearen parte-hartzea bultzatzeko dituen tresna formal eta klasiko bakarrak. Udal-gobernuak, askotan, aldian-aldian bete beharreko izapide huts gisa ikusten ditu elkarrizketa gune horiek; gainera, horietan parte hartzen duen jende askok erabateko denbora galeratzat jotzen dituzte. Hortaz, auzoak ez dira auzoen errealitate konplexuaren adierazgarri eta auzoetan ere ez dago erabakitzeko benetako ahalmenik udalak hirian aurrera eramaten dituen esku-hartzetan.
Zehazki, lurralde-dimentsioari dagokionez inolako proportziorik ez duten zortzi barrutiko kontseilu daude Bilbon. Ibaiondo barrutia 10 auzok osatzen duten bitartean, Abandoko barrutian bi auzo baino ez daude. Hori bai, barruti guztiek aurrekontu-kopuru bera jasotzen dute, 1,5 milioi euro, beraien beharrak edozein direla ere. Horregatik guztiagatik, Elkarrekin Podemosek beti defendatu izan du parte-hartze eredu zaharkitu eta bidegabe hori birpentsatzeko beharra.
Gainera, espazio formal horietan, ez dago gazteen parte-hartzerik. Gazteenak erabat baztertuta daude hiri honetako erabaki instituzionaletatik, gure hiriaren nortasunean aldaketak ekarriz; egungo izaera horrek ez du ia zerikusirik Bilboko historia aberatsarekin, alegia Bilbo interesgarri eta ezagun bihurtu zuen parte-hartze politiko eta sozialaren ibilbidearekin. Orain gure nortasuna nazioarteko ekitaldi handietan oinarritutako marketin globalaren bidez eraikitzen da ia esklusiboki. Erabaki politiko horiek ondorio zehatzak dituzte, hala nola etxebizitzaren prezio garestiak; prezio horiek egituraz prekarioagoa den gazte jendea kanporatzen dute. Ondorioz, galdera hurrengoa litzateke: Zer etorkizun espero dezakegu Bilbon herritarren parte-hartzerik ez badago?
Horregatik, protestatik proposamenera igarota, Elkarrekin Podemosetik herritarren parte-hartzea bultzatzeko bururatzen zaigun modurik onena teoria praktikara pasatzea da. Horrela, urtarrileko osoko bilkurarako, Gobernu Taldeari Uribarri auzoan herritarren kontsulta-prozesu bat garatzea proposatzen diogu, Bilbo Barria Dorrea izeneko bizitegi-eraikin berrian dauden lokalen erabilera guztion artea erabakitzeko. Lokal horiek Amenabar Etxegintza Bizkaia SL eraikuntza-enpresak utzi dizkio Bilboko Udalari, eta udal-ekipamendurako erabili behar dira.
Era horretan, gobernagarritasun demokratikoa defendatuz, funtsezkoa da hiri-kudeaketari modu benetan parte-hartzailean ekitea, auzotarrak baitira auzoen beharrak zehazten dituztenak. Gainera, udal ondarearen kudeaketan parte hartzeko modu horrek gure kalitate demokratikoa hobetuko luke eta, batez ere, Bilbon etorkizun hiritar askoz bidezkoagoa eta inklusiboagoa ziurtatuko luke.