Pedalei asko eraginez eta gutxi aurreratuz. Bilbo jo eta ke ari da pedalei eragiten, bizikletaren erabilera segurua bultzatzeari dagokionez, behintzat. Izan ere, Bilbon bizikletaren erabilera etengabe hazten ari da. Hala ere, garrantzitsua da azpimarratzea bizikleta ez dela garraiobide iraunkor eta osasungarria soilik. Ez da pertsona batek mugitzen duen bi gurpileko ibilgailu soil bat. Bizikleta objektu baliotsua bihurtu da, zaintzen gaituena, eta Bilboko Udalak, mugikortasunaren eta jasangarritasunaren arlotik, askoz ere irmoago lehenetsi behar du, mugikortasun jasangarriaren gaian benetan aurrera egin nahi badu.
Denbora gutxian, hiriko bizitzarako garraiobide estrategikoa bihurtu da bizikleta. Funtsean, bizikletaren erabilerak baliotsua da bizigarritasunaren alde, baita osasunaren, ingurumenaren, ekitatearen eta soziabilitatearen alde ere. Bizikletak onurak sortzen ditu, bai joan-etorriak bizikletaz egiten dituenarentzat, baita gainerakoentzat ere, bizikletei esker espazio publikoa zabalagoa delako eta airearen kutsadura eta gure kaleetako kutsadura akustikoa murrizten direlako, eta horixe da Bilbon, batez ere, behar duguna.
Joan den otsailean egindako Udal Osoko Bilkuran, Elkarrekin Podemosen aldetik, konpromiso garrantzitsu bat lortu genuen Udal Gobernutik, Bilbon bizikleta bidezko mugikortasuna sustatzeko: Bizikleta Mugikortasun Plan Estrategiko bat diseinatzea 2023-2030 denboraldirako. Eta premiaz, modu irekian eta partaidetzarekin egitea ere bai, Bilboko hiri mugikortasunean inplikatutako kolektibo eta elkarte gehienen iritziak kontuan hartuz. Bi izan ziren gure proposamenaren arrazoi nagusiak. Lehenengoa, Bilboko Hiri Mugikortasun Jasangarriko Planean (PMUS) horrelako Plan Estrategiko bat jasotzen den arren, oraindik ez dagoelako horrelakorik, eta, bigarrenik, bizikleta delako edozein hiritako hiri-garapenerako elementu estrategikoa. Europako hiri nagusiek badute Bizikleta Mugikortasuneko berezko Plan Estrategiko bat, Garapen Jasangarriko Helburuei begirako 2030 Agendari egokitua, eta Bilbo ezin da atzean geratu, tropelaren azkenaren atzean.
Bizikletak beti gehiago ekartzen du jasangarritasunaren parametroetan
Bestalde, garrantzitsua da ulertzea bizikleta bidezko mugikortasuna beti gehiago ekartzen duela hiriko jasangarritasuneko parametroetan. Bizikletak ez dio inori kalte egiten, ez du kutsatzen, ez du zaratarik eragiten eta, gainera, berotegi-efektuko gasen emisioak modu errazean murrizten ditu. Ez dugu ahaztu behar isurketa horiek direla dagoeneko eragiten digun klima-aldaketaren arrazoi nagusia. Ildo horretan, eta Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioaren datuen arabera, kontuan izan behar da garraioa dela berotegi-efektuko gasen emisio guztien % 29, eta ehuneko horretatik % 93 dela autoek, furgonetek eta kamioiek eragiten dituztenak. Jakina, kontua ez da azken berrogeita hamar urteetan erabili ditugun ibilgailuak di-da batean kentzea, baina bada garaia karbonorik gabeko mugikortasun baterantz pixkanaka aurrera egitekoa, alegia planeta eta pertsonen osasuna errespetatzen dituen mugikortasun baterantz. Eta hemen bizikletak ere zeresan eta ekarpen handiak ditu.
Asko dira bizikletaren erabilera aregotzearekin lotutako onurak. Osasunari dagokionez, bizikletak osasun fisikoa eta mentala hobetzen ditu, bizi-itxaropena handitzen du eta sedentarismoa murrizten du. Mugikortasunari dagokionez, bizikletak trafikoaren pilaketa murrizten du eta bide-segurtasuna hobetzen du. Garapen ekonomikoari dagokionez, bizikletak enplegua eta inbertsioak sortzen ditu, tokiko ekonomiari laguntzen dio, ehun teknologikoa sortzen du eta osasun-gastua murrizten ere laguntzen du. Ingurumenaren eremuan, bizikletak mugikortasuna nahitaez deskarbonizatzen laguntzen du, ez du zaratarik sortzen, ez du emisiorik sortzen eta energia aurrezten laguntzen du. Eta, azkenik, gizarte-eremuan, bizikletak gizarte bidezkoago baterantz aurrera egiten laguntzen du, pertsona guztien mugikortasunerako eskubidea eta ondasun eta zerbitzuetarako sarbidea ahalbidetuz.
Azken finean, Bilbon bizikleta bidezko mugikortasunaren gaian oraindik ere gogor eragin behar zaie pedalei. Noiz izango dugu bizikletentzako aparkaleku bat, estalia eta segurua Termibusen? Noiz izango dugu bidegorri sare konektatu eta seguru bat? Noiz izango ditugu bizikleta-puntu gehiago goiko auzoetan? Benetan mugikortasun jasangarriko eredu bat sustatu nahi bada, Udal Gobernu honek (EAJ-PSE) bizikletaren ikuspegi ludikoa gainditu beharko luke, Bilbon, irmotasunez eta konplexurik gabe, bizikletaren kultura sustraitzea sustatuko duena, betiere Hiri Mugikortasuneko eta Mugikortasun Jasangarriko Planean adostutako guztia errespetatuz eta betez.
XXI. mendea jasangarritasunaren mendea da, eta, gainera, horri gehitzen badizkiogu klimaren eta energiaren krisietatik eratorritako arazoak, oso erraza da ulertzea jasangarritasuna bultzatzen duten elementu guztiak gai estrategikoak direla -eta izango direla- gizartearen garapen jasangarrirako. Har dezagun lehenbailehen gure gain zein garratzitsua izan daitekeen Bilbon bizikletak gu zaintzea, hiriko mugikortasunerako ezinbesteko elementua baita.