LODI EZ DA IRAINA

Erabiltzailearen aurpegia Ana Viñals Blanco 2025ko api. 16a, 17:57

Pertsona lodiek pairatzen duten zapalkuntza ez da obesitatea, baizik eta lodifobia. Lodi adjektiboak, batez ere emakumeei esaten zaienean, ez du pertsona baten egoera fisikoa soilik adierazten eta tortura psikologiko bihurtu da irain edo txiste txar gisa emakume askorentzat, baita hainbat gizonentzat ere.

Zenbait pertsonak beren egoera fisikoa umorez hartzeak ez du esan nahi beste batzuek ez dutenik barru-barrutik sufritzen egoera hori bera. Milaka pertsona eraginpean hartzen dituen arazo soziala da lodifobia. Horregatik, erakunde publikoetatik ezin dugu arazo hori diskurtso politikoki zuzenekin konpondu, non guztia modu magiko batean dibertsitatearekiko azaleko errespetuzko ikuspegi batekin onbideratzen den. Sarritan, dibertsitateari egiten zaion orotariko aitortza horretan hasten da eta amaitzen da konpromiso etiko eta politiko instituzionala, baina benetan behar dena zera da, eraldatu nahi ditugun problematika sozialei ekitea eta haietan eragitea.

Logika horretatik abiatuta, lodifobia –arrazismoa edo matxismoa bezalaxe– zapalkuntza-sistema bat da mendebaldeko gizarteetan, eta desabantailazkoa eta bidegabea den eta bazterkerian sartzen dituen egoera batean jartzen ditu pertsona lodiak. Ez da nahikoa gure gizartearen aniztasuna aitortzea, zapalkuntza-sistemei zuzenean aurre egin behar diegu nahitaez, eta lodifobiaren aurka neurri zehatzak hartzea esan nahi du horrek.   

Ildo horretan, Elkarrekin Podemos osatzen dugunok proposamen bat aurkeztu genuen joan den hilean Bilboko Udalaren Osoko Bilkuran obesitatea osasun publikoarekin lotutako kezka bezala hartzen duen gezurra deuseztatzen hasteko, gutxienez. Urteroko martxoaren 4an zenbaitek Obesitatearen Eguna gogoratzen dute. Ez da Nazio Batuek edo Osasunaren Mundu Erakundeak bultzatutako deialdi bat, eta, aitzitik, eta erraz egiaztatu daiteke hori, Obesitatearen Mundu Federazioak antolatutako ekimen bat da, hau da, argi eta garbi industria farmazeutiko eta dietetiko handiaren zati baten "lobby" bat den erakunde horrek bultzatutakoa.   

Adibide gisa, Munduko Federazio horretan dugun estatuko gure ordezkaria –Obesitatea Aztertzeko Espainiako Sozietatea– Munduko Federazioaren frankizia bat da oinarrian, kasu honetan Novo Nordisk Pharma enpresak subentzionatutakoa eta kontrolatutakoa, hau da, irabazi handiak eman dizkion ozempic medikamentu ezagunaren enpresa ustiatzaileak. Produktu dietetikoen PronoKal Group enpresa, Lilly enpresa farmazeutiko iparramerikarra, eta Garagardoa eta Bizimoduak Ikertzeko Foroa dira Obesitatearen Espainiako Sozietate horren beste aitabitxiak.  Ikusi daitekeenez, osasun publikoa defendatzeagatik edo pertsonen ongizatearen aldeko lan desinteresatua egiteagatik bereziki nabarmentzen ez diren enpresei buruz ari gara hizketan.

Horregatik, erakunde publikoei premiazkoa zaigu egoeraren analisi kritiko bat egitea, lodifobiari aurre eginez, giza duintasuna defendatuz eta, batez ere, beldurrik gabe adieraziz obesitatearen estigma eskrupulurik gabe elikatzen duen negozioari aurre egiteak duen garrantzia. Enpresa edo negozio guztiak ez direlako berdinak. Estigmak puztuz eta traumak elikatuz inolako gizarte-erantzukizunik gabe irabazi handiak lortzen dituzten enpresak zein diren adierazteaz ari gara.

Gehiago jabetu behar gara lodifobiaren zapalkuntzaz, eta hori ez da esajerazio bat, sare sozialetan edo komunikabideetan barrena ibiltzea nahikoa da problematika horretaz konturatzeko; nola erabiltzen den loditasuna estetikoki presionatzeko edo psikologikoki eraso egiteko, batez ere emakumeei eta haurrei, haiek pairatzen baitituzte beste inork baino gehiago edertasunaren gizarte-arauak beren gorputzetan eta beren buruetan.

Zorionez, eta aho batez, gure proposamena aurrera atera zen, eta harro baieztatu dezakegu Bilbok lodifobiaren aurkako sentsibilizazio-kanpaina bat diseinatuko eta aktibatuko duela. Kanpaina horri hasiera emateko martxoaren 4ari Lodifobiaren aurkako Nazioarteko Eguna izen berria emango litzaioke, pertsona lodiek pairatzen duten arazoa obesitatea ez dela eta lodifobia dela sozialki erakutsiko duen udal-kanpaina baten bidez. Bere diseinuan dibertsitatearen naif ikuspegia gainditu beharko duen kanpaina bat, modu aktiboan aurre eginez erakunde publikoetan, geletan, lanean, modan eta gizartearen esparru guztietan sartzen ari den pisuarengatiko diskriminazioari. Lodi irain bat ez dela ulertzeko behingoz. Ez dezagun jarraitu gure gorputzak osasunaren izenean bortxatzen!