Irailaren 15ean egin genuen Bilbon Hiriaren Egoerari buruzko eztabaida. Ezohiko Osoko Bilkura izan zen, eta alkateak orain arteko agintaldiaren balantzea egitea eta oraindik egiteko dagoena aurreratzea izaten da normalena kasu horietan. Gainerako bozeramaile politikoek gure azterketak azaltzen ditugu, ongi doana eta ongi ez doana adierazi ahal izateko aprobetxatuz une hori .
Gure iritziz, esperotako balantzea egin zuen alkateak, baina ez zion agintaldi honi soilik heldu, eta, aitzitik, alkate denetik egin duen lanaz hitz egin zigun, eta horrek nabarmen utzi zuen, beste behin ere, ez duela hiriak bera gogoratzeko moduko legatu argirik. Eta, oro har, eztabaida nahiko neurrizkoa eta errespetuzkoa izan bazen ere, sentsazioa dugu tentsiozko azken lasaitasun-uneak bizitzen ari garela datozen hauteskundealdien aurretik, eta kontserbadoreek, bereziki, muga asko zeharkatuko dituztela bozketa horietan. Ikusiko dugu.
Bitartean, hamabost minutuko mintzaldiak eman zigun aukera aprobetxatu genuen guk hiriaren pultsua modu objektibo batean erakusten saiatzeko. Onartzen dut zaila dela inpultsu ideologikoak kontrolatzea eta ohitura alderdikoiei eustea, baina, hala ere, uste dut zintzoak izan ginela ongi egiten diren gauzak onartzeko eta gaizki egiten direnak kritikatzeko garaian.
Balantza positiboan, obra txikiak esaten zaienen kudeaketan gobernu honek egiten duen ahalegina onartu genuen, edo zerbitzuen kudeaketan egiten duena, hala nola hondakinen bilketan. Gizarte-ekintza sailak egiten duen aurrekontu-ahalegina ere balioan jarri genuen, gizarte-larrialdietarako laguntzen kudeaketa-eredua nabarmenduz. Baina badago, halaber, balantze negatibo bat, positiboa baino zabalagoa: onartzen dugu hobetu beharreko zenbait gai –hala nola bizikidetzari eta gizarteratzeari buruzkoak, gure hezkuntza-ereduko segregazio-arazoak edo langabezia-tasa altua– konplexuak direla, baina hori horrela izanik ere, gobernu honek mespretxatutako gai garrantzitsuetan nabarmentzen da arazo larriena. Eta puntu honetan esan behar dut Hiriaren Egoerari buruzko eztabaidan alkate bat eta hiru akats nabarmen izan genituela.
Lehenengo akatsa, Bilboren erronka handia ez da segurtasuna, etxebizitza da
Bilboren erronka handia herritarren segurtasuna dela oihartzun mediatikoan modu artifizialean sartu nahi izatea izan zen lehenengo akats handia. Ildo horretan eta, zalantzarik gabe, segurtasuna Bilboko gizartearentzat gai garrantzitsua bada ere, ez da, inondik inora, daukagun arazo handiena.
Alkatea erratu egin zen diskurtso populista eta ultrakontserbadore bat eginez, hainbat mezu klasiko eta huts sartu nahian, hala nola berak esandako “ez diogu delitugileak jazartzeari utziko eta ordaindu dezatela egin dutenagatik”. Bere gobernua aspaldiko urteetan azaltzen ari den datuak mespretxatu zituen modu interesatuan, eta datu horiek erakusten dutenez, Bilbon badago segurtasun-pertzepzioko arazo bat, baina ez, ordea, herritarren segurtasunik ezeko arazo bat delitu txikien kopuruari dagokionez.
Gainera, bere korronte ideologikoarekin enpatikoak izaten saiatuz, segurtasunean oinarritutako bere ikuspegia ulertzera iritsi ahalko ginateke, baina inoiz ere ez fokua interes elektoralista handia izaten duen delitu txikian jarriz, baizik eta gure hirian tratu txarrak eta abusuak jasaten dituzten eta bortxatu edo erail egiten dituzten ehunka emakume eta neskaren segurtasunean.
Datuek ez dute gezurrik esaten. Segurtasunari dagokionez, erronka ez dira ebasketa txikiak, emakumeen eta nesken aurkako indarkeria matxistak dira erronka handia, eta horregatik honako galdera hauek egin genituen: noiz haziko da udal-aurrekontua prebentzioaren eta indarkeria matxisten aurkako borrokan? Noiz izango dira borroka feministak zure gobernu-ekintzaren lehentasunezko ildo bat? Urteak aurrera doaz eta indarkeria matxista larriagotzen ari da. Errelatuaren politika alde batera utzi behar du gobernuak, eta koherentea izan behar du, Bilbon emakumeen eta nesken segurtasuna indartuz.
Agenda mediatiko eta demoskopikoaren pisuak eragina du alderdi politikoetan, baina alkatea erratu egin zen eta aukera bat galdu zuen arazo handia zorro-lapurrak ez direla onartzeko, etxebizitzarako eskubidea da Bilbok duen arazo handia. Etxebizitza bat, pisu bat, etxea da elementu garrantzitsuenetako bat bizitza duin bat lortzeko eta Bilbo, zoritxarrez, ez da eredu bat arlo horretan. Horregatik, gobernuaren iragarkiez haratago, norabide bakarrean egon beharko genuke lanean talde politiko guztiek etxebizitza-arloan. Ildo horretan, Bilbok bizitoki-larrialdiaren aurkako txoke-plan bat izan behar duela uste dugu, benetan eraginkorrak izango diren neurrien plan bat etxebizitza bat eskatzen duten 21.776 pertsonek eta familiek Bilbon duintasunez bizitzea lortu dezaten.
Bigarren akatsa, nabarmena da gardentasun instituzionalik eza
Gardentasun instituzionalik ezari buruzkoa izan zen bigarren akats handia. Gu izan ginen gobernu honen gardentasunik eza kritikatu genuen bakarrak. Gainera, ez dugu guk soilik oposiziotik esaten, Arartekoak berak ere horixe esaten du. Hilabete honen hasieran Euskadiko herritarren defentsaz arduratzen den erakundeak gardentasunik eza leporatu zien berriz ere, eta gai hori benetan larria da osasun instituzionala eta kalitate demokratikoa neurtzeko parametroetan. Zehazki, Arartekoak udal-gobernuari gogorarazi zionez, “herritarrek egoera aztertzeko duten eta gobernuaren ekintza kontrolatzeko dagoen funtsezko erreminta da informazio publikoan sartzeko eskubidea, eta, hori horrela, eskubide hori benetan bermatzeak administrazioen jarrera aktibo eta kolaboraziozkoa eskatzen du". Ildo horretan, galdera hau egin genion alkateari: noiz errespetatuko dituzue Arartekoaren gomendioak? Ez zion kasurik egin gure galderari eta ez zuen erantzunik eman, eta hori, gure ustez, beste akats politiko bat da.
Hirugarren akatsa, alderdi ekonomizista humanismoaren aurretik lehenestea
Hirugarren eta azken akatsa, ez zen politikoa izan, akats etikoa izan zen, eta, gure ustez, larria eta barkatzeko zaila. Ildo horretan, duela urtebete bezala, ez genuen ulertu Gaza eta Ramallah hiriekin senidetzeari ezezkoa eman izana, eta ez genuen ulertu, halaber, azkenaldian izan duen erreakzioa Espainiako Vuelta dela-eta Bilbon izandako gertaerei dagokienez, alkateak, bilbotar guztien ordezkari gorena den aldetik, gutako askori auzo-lotsa eragin baitzigun bere erreakzio esajeratuarekin, Palestinako herriaren giza duintasunetik urrun, batez ere. Oso erraza izan zitekeen gutxiengo baten protesta asaldatuak kondenatzea eta, aldi berean, modu masiboan Palestinako herriarekiko erakutsitako elkartasunaren balioan jartzea fokua. Baina Aburto jauna lehenengo urratsean geratu zen, sozialki lekuz kanpo eta modu ulertezinean Bilboren irudiarekin kezkatuta. Eta oso bitxia iruditzen zaigu hori, berak lotsa ikusi duen tokian guk Israelgo Estatuaren basakeria anker eta hiltzailearen aurrean isiltzen ez den herri baten harrotasuna ikusi baikenuen.
Bihotzean min ematen du gure alkateak, historiaren une honetan, zuzeneko genozidio batekin, 65.062 hildakorekin, eraildako 18.430 haur palestinar barne, Bilboren irudia eta ekitaldiak dakarren inpaktu ekonomikoa lehenestea, eta ez genozidioa. Egia esateko, partekatutako horren min handiko une honetan, lotsagarria izango litzateke fokua gure zilborrean edo ekitaldi handiak kudeatzeko gure gaitasun hipotetikoan jartzen jarraitzea. Ezen zerbaitek bihotzean min ematen badigu, gizartearen zati bati behintzat, 2023ko urritik egunero Israelgo bonbek eta goseak ankerkeriaz eraildako ehunka haur ikustea da.
Gure alkateari gogorarazi genion, halaber, humanismoa baldintzarik gabe gehien sufritzen duenaren ondoan egotea dela, hori egiteak trukean zerbait galtzea badakar ere. Alderdi politiko humanista bat giza duintasunaren defentsa interes ekonomizistaren aurretik lehenesten duena da. Horregatik guztiagatik, eta Aburto jaunak herritar gisa duen elkartasuna zalantzan jartzen ez badugu ere, uste dugu erratu egin zela ordezkari instituzional gisa. Azken batean, Borja Iglesias futbolariak esan bezala, “batzuek garrantzi handiagoa ematen diote ekitaldi bat gelditzeari genozidio bat gelditzeari baino”, eta hori akats barkaezina da.