EGURRA BORTXATZAILEARI ETA GERRA MATXISMOARI

Erabiltzailearen aurpegia Ana Viñals Blanco 2025eko azaroaren 19a

Argazkia: David Hernandez

Komunikabideetatik eta erakunde publikoetatik askotan hitz egiten bada ere emakumeen aurkako indarkeriaz, komeni da gogoraraztea honako honetaz ari garela: "generoan oinarritutako indarkeria-ekintza oro, kalte fisiko, sexual edo psikologikoa dakarrena edo ekar dezakeena, mehatxuak, hertsapena edo askatasun-gabetze arbitrarioa barne, dela bizitza publikoan, dela pribatuan".

Inolako zalantzarik gabe, giza eskubideen esparrukoa da indarkeria-mota hori, eta, horregatik, indarkeria matxistako ekintza oro prebenitu, desagerrarazi eta zigortu egin behar dute erakunde publikoek, eta juridikoki erantzule izango dira betebehar horiek betetzen ez direnean. Alde horretatik, udalek, tokiko administrazio publikoak diren aldetik, giza eskubideak errespetatzeko, babesteko, sustatzeko eta betetzeko neurriak hartzeko betebeharra ere badute.

Horren harira, argi dago zerbait gaizki egiten ari dela, emakumeen aurkako indarkeriari buruzko datuek, hilabetez hilabete, zenbaki benetan kezkagarriak ematen baitituzte. Esate baterako, sexu-erasoen kopuruak Euskadin bakarrik % 29 egin du gora 2023tik 2024ra, eta Bilbo hiriari erreparatzen badiogu, % 48 egin du gora.

Errealitatea oso kezkagarria da. Bilbon, aurten, urtarriletik irailera arte (iraila barne), gizonek emakumeen aurka egindako 186 eraso ditugu dagoeneko. Gure hirian bakarrik, urtebete baino gutxiagoan, 186 eraso, eta askoz ere gehiago izango dira, oraindik bi hilabete falta baitira urtea amaitzeko.

Orain datu judizialei erreparatzen badiegu, matxismo bortitzak ere badu bere isla auzitegietan. Bizkaian bakarrik, sexu-delituengatik ezarritako zigorrek % 54,2 egin dute gora azken urtean. Hala, iaz, Bizkaiko auzitegiek 145 kondena-epai irmo eman zituzten. Eta horrek salatzen dena baino ez du erakusten; ez dezagun ahaztu oraindik ere emakume gehienek ez dutela salaketarik jartzen beldurragatik edo lotsagatik.  

Horregatik guztiagatik, komeni da identifikatzea zer egiten den ondo eta, batez ere, zer egiten den gaizki erakunde publikoetatik. Bilboko Udalaren kasuan zehazki, guk uste dugu indarkeria matxistei aurre egiteko jarduera, proiektu edo esku-hartze berriak bultzatzen jarraitu aurretik, komeni dela dauden tresnen eta protokoloen berrikuspen eta ebaluazio sakona egitea lehenik, haiek hobetu ahal izateko.

Iritsi da garaia azken urteotan bildu ditugun udal-tresna guztiak sistematikoki ebaluatzeko, Udalak egiten duen lana berrantolatzeko, eta, horrela, gure hiriko emakumeak eta neskak hobeto babestu ahal izateko.

Izan ere, ezin dugu normalizatu gure tamainako hiri batean emakumeen eta neskatoen aurka egindako erasoen halako kopurua. Dudarik gabe, emakumeok jasaten dugun indarkeria matxistak justifikatzen du alarma-egoera eta arreta instituzional, sozial eta mediatiko osoa. Indarkeria matxistak eraso egiten digu. Indarkeria matxistek gure hiria inbaditzen dute, eta, ondorioz, lehenbailehen jardun beharko genuke aplikatzen diren protokolo, zerbitzu-karta edo hitzarmen guztiak hobetzeko, erasoen kopurua murriztu ahal izateko.

Premiaz jarduteko ordua iritsi da, lan teknikoari keinu politiko irmoekin lagunduz eta indartuz. Izan ere, beste delitu-tipologia batzuekin gertatzen den bezala, aurten Bilbon egindako 186 sexu-erasoek soberan justifikatzen dituzte "egurra bortxatzaileari" edo "gerra matxismoari" bezalako mezuak.