uriola.eus

GAUEAN: 10 urte esku-hartze komunitarioaren baitan

Erabiltzailearen aurpegia   Jendartea

GAUEAN Ibarrekolandan duela 10 urte baino gehiago errotuta dagoen proiektua da. Harribide Elkarteak Ekaitz Taldearekin egindako sareari esker jarri zen martxan, etorkinei gaua pasatzeko leku bat emateko proiektu gisa.

GAUEAN: 10 urte esku-hartze komunitarioaren baitan
Irudiak: Harribide Elkartea | Ikusi handiago | Argazki originala

Ruth Martínezen hitzetan, Harribideko etorkinentzako harrera programaren koordinatzailea dena, GAUEANen bidez egiten den lana afaria eta lo egiteko leku bat ematea baino haratago doa, leku fisikoa eskaini ez ezik, ahal den neurrian eroso sentiarazteko lana egiten delako: haiekin afaltzea eta lo egitea, sozializaziorako eremu bat eskaintzea; adibidez, mahai-jokoen bidez…

Proiektu hau Harribidek kudeatzen duen programa baten atal txiki bat baino ez da. Horrekin Ruthek argi utzi nahi du ezin dela ulertu GAUEAN modu isolatu batean. Gainera, programak eskaintzen duena kalitate onean ematen dela bermatzeko, gehienez 6 pertsonek erabili ahal dituzte eskainitako errekurtsoak. Aldi berean, kantitate hori bermatzeko, Harribideren bidez jarraipena egiten da momentu oro, eta erabiltzaileei eskatzen zaie ikastaroren bat egitea, hau ere Harribidek kudeatzen duena, jakiteko goizean esnatzen direnean norabait joango direla.

GAUEAN proiektuaren bidez egiten den lana 2010ean gauzatu zen lehen aldiz Ibarrekolandako Parrokian kokatuta dagoen lokalean. Proiektua 2010ean era profesionalizatu baten hasi zen, Ruthek deskribatzen duen moduan. Momentu horretatik aurrera, eta denbora tarte oso txikian, gauzak asko aldatu ziren. 2011 urtean kokatu behar gara, proiektuak jada urte bat zuenean. Momentu horretan Zorrotzaurreko fabrika zaharretan hainbat etorkinek egiten zuten lo. Zenbait komunikabideren bidez, gazteek auzoan zuten presentziaren aurkako kanpaina hasi zen, auzoan egondako istiluak eta lapurretak haiei egotziz, auzokoen testigantzak erabiliz eta egindako polizia-sarekaden argazkiak argitaratuz, gazteen aurpegia estali gabe.

Ruthek adierazi du urte berean krisiaren eragina areagotu egin zela zerbitzu publikoetan, eta ezin zutenez proiektuarekin jarraitu, geldialdi bat egin behar izan zuten. Hala ere, lehenengo urte horietan Ibarrekolanda eta San Inazioko auzokideekin egindako harremanagatik, proiektuak jarraitu zuen, bigarren etapa bat hasiz boluntarioen bidez. Proiektuak bide berdina jarraitu zuen, baina profesionalak egon beharrean, auzokideek GAUEANek jarraitu behar zuela iritzita, komunitatea eraiki zuten proiektuari jarraipena emateko.

Horrela, proiektuaren birmoldaketaren bidez, “gauzak aldatzeko aukera egokia” ikusi zuten, etorkinen gaian auzokideak hezi ahalko zirelako, aurrez aurre haien errealitatea ezagutuko zutelako eta boluntariotza egitea erabakitzen zuten pertsonek zenbait formakuntza ikastaro jasoko zituztelako. 2012ko maiatzetik hona, horrela mantendu da proiektua, azarotik ekainera Ibarrekolandan dagoen lokalaren ateak irekiz, bai behar duten gazteentzat, bai boluntarioak diren auzokideentzat, Harribidetik diseinatzen den ibilbide-orria jarraituz lan egiten dutenak.

Ibrak, bere garaian GAUEANeko erabiltzailea izan zena, proiektuari esker garatutako autonomia azpimarratzen du. Hori ez ezik, GAUEANi esker izan dituen aukerei buruz ere pozik hitz egiten du. Horren adibide moduan, Ibrak gutxi barru lanpostu bat lortuko du jasotako formakuntzari esker eta proiektuan boluntarioa izan zen pertsona batekin egindako harremanagatik. Berarentzat oso garrantzitsua da lan hori lortzea, azken finean, inposatzen dioten burokrazia administratiboan emango duen lehenengo pausua delako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa