Agintari daltonikoak

Erabiltzailearen aurpegia Ane Zabala 2014ko mar. 13a, 08:50

Beti margotu izan dut. Txikitan paisaiak egiten nituen, mendi erraldoi berdeak tontorra elurtuta eta dena argitzen zuen eguzki izugarri handiaz. Urteak aurrera egin ahala denetariko marrazki eta koadroak egin ditut. Koloreek beti liluratu egin naute. Arin ikasi genuen gorria, urdina eta berdea nahasten kolore guztiak lortzen zirela. Nahasketa infinituak egin ahal ziren ortzadarra lortzeko. Mihise zurian pintzelekin buruan genuen ideia zurrunbiloa irudikatzen genuen.

Gure gelan bazegoen mutiko daltonikoa. Bereziak ziren hark margotutako koadroak. Gorria eta berdea nahastu egiten zituen eta gu ez bezala mendiak gorri edo eguzki berdeak margotzen zituen. Orduan ez genuen ulertzen baina orain bai ulertzen dut zer den daltonikoaren gaitza.

Hamarkada luzetan gure kaleak kolorez tintatu dira, hamaika  aldarrikapen koloreekin identifikatu ditugu. Emakumeen borrokak morez jantzi ditu  kaleak. Emakumeen kontrako indarkeria matxista zaletzeko ere kamiseta eta pankarta moreak eraman ditugu kaleetan zehar.  Azaroaren  25a dela eta puntu lilak eskegi ditugu balkoi, hiri eta herrietako paretetan. Urteetako borroken ondoren ere jarraituko du moreak kaleak tintatzen.

Insumisioak 20 urteko desobedientzian horiz antzeztu zituen txoko guztiak. Buzo horiekin kuarteletako hormak apurtu zituzten, polizia eta militarren aurrean era baketsuan desobedientzia zibila aldarrikatu zuten. Milaka gaztek egin zioten uko ejertzitoari gizarte desmilitarizatu bat eraikitzeko helburuarekin, baita kartzela-zigorrak beren gain hartuz ere.

Okupatutako eraikin hutsetan laranja kolorea gailendu da. Aske guneak sortu dira gure plazetan giza eskubideak eta eskubide zibil eta politikoak babesteko kamiseta laranjak ez ezik, puxika laranjak ere zerura bidali dituzte. Gure hezkuntza propioaren alde kaleak ere kolorez bete ditugu eta arkatz jiganteekin LOMCErik ez idatzi dugu. Langileak elastiko horiekin euren lanpostuen defentsan atera dira, grebalariak aske usteko kamiseta gorriak eraman ditugu. Gorria, laranja, horia, berdea, urdina eta morea. Ortzadarraren koloreak baino gehiago dira: askatasunaren ikurra da. Ortzadarra ikusteko euria eta eguzkia behar izaten da.

Orduan ez nuen ulertzen baina orain bai ulertzen dut daltonikoen gaitza, akats hau duten pertsonak ez dira gai koloreak behar bezala bereizteko. Hogeita batgarren mendean kalearen mobilizazioak gure gizartea eta etorkizuna aldatuko dute, baina jai daukagu gure agintariek ez baitituzte kaleetako koloreak behar bezala bereizten.