Valentzian izan zuen arrakasta handiena nahiz eta gurean ere dantzaleku batetik bestera joateko bidea izan zen. Bilboko zazpi kaleetatik paseatzen sasoi hura ekarri dut gogora. San Nikolas eliza parean autobusak gelditzen dira, ehunka lagun jaitsi eta kartela daraman emakumeari jarraika doaz. Nik ere jarraitu egin ditut.
Plaza Berrian sartu eta emakumeak bozgorailutik hiru azalpen arin eman ditu, bi minutu argazkiak ateratzeko eta aurrera jarraitzeko keinua egin du. Ondorengo geldialdia Unamuno plaza izan da. Mallonako eskaileren inguruko istorioak kontatu dizkigu gidak, idazle bilbotarra aipatu eta haren bustoa erakutsi, presaka argazkiak atera eta Erronda kalera abiatu da taldea. Musika teknoaren abiaduran mugitu dira Zazpi Kaleetako karrika batzuetatik. Izan ere,bizkaitar erako bakailaoak kale batzuk zapaltzen ditu bakarrik, beste asko baztertuz. Errondan Miguel de Unamuno jaio zen etxeari argazkiak atera eta lasterka San Anton elizara heldu gara, ‘ XIV. mendearen amaieran eraiki zen, estiloa gotikoa, begira bere diseinu liraina...‘ esan du gidak bozgorailutik. Izen bereko zubia alboan egon arren ez dugu gurutzatu, ez, errekaren beste aldea ez da dantzaleku egokia. Erriberako merkatu eraberrituan klik, klik, klik... hori izan da soinua. Erriberatik, Belostikalen dagoen Arana jauregia seinalatu eta Arriaga antzokiko plazara heldu gara. Bilboko antzoki zaharrena. Erritmo bizian Bidebarrieta kalean barna joan gara, Jardinez kalean pintxo tipikoa jan, Santiago katedrala minutu batean ikusi eta Artekale kalean gelditu gara, Gregorio Martin janari dendan. ‘Espainiako arrandegi zaharrena’ esan du gidak. Bertan ama ikusi dut bakailao erosten eta ez da konturatu baina hamaika argazkitan joango da munduko beste punta batera, bakailao erosten duen emakume espainol tipiko gisa.
Konturatu aurretik, San Nikolas eliza parean geunden autobusera igotzen. Dantzalekuz dantzaleku ibiltzen ziren gazte haiek bezala dabiltza Euskal Herria ezagutzen, Guggenheim, Zazpi kaleak, Donostia... Erritmo bizian ikusten dutena usaindu eta entzun gabe, diseinuzko droga gorputzean dutelarik; turismoa. Erritmo bizian ere, Zazpi Kaleak eraldatzen ari dira, ikusi besterik ez dago zenbat jatetxe zabaldu diren azken boladan. Hogei minutu, hamaika argazki, horrela bisitatzen dituzte Bilboko Zapi Kaleak. Oraindik harritzen gara, gure kaleetatik horrelako taldeak ikustean. Nik berdin pentsatzen dut ‘hara, hemen dute la ruta del bakalaukoek arratseko dantzaldia’.