Musu estralurtarrak

Erabiltzailearen aurpegia Ane Zabala 2014ko mar. 20a, 12:03

Denok dugu buruan izaki estralurtar baten irudi tipikoa. Azal berdea, begi handiak, ile bako buruan bi antena eta biluzik ibiltzen irudikatzen dugu. Harridura aurpegiz gure kaleetan gertatzen denari begira imajinatzen dugu, ezin ulertu ikusten duen hori. Ilea eduki arren eta, antena beharrean, bisera eramaten badut ere izaki estralurtarra sentitzen naiz askotan. Ezin ulertu nire begi txikiek ikusten dutena. Egunero entzun eta ikusten ditugu agintariak berba eta berba egiten, elkarrizketak eskaintzen, euren artean ika-mikan, batek gauza bat esan eta hurrengo goizean besteak erantzun. Berbaldi indirekto infinituak dira, periodikoetako orriak bete, irratietako minutuak irentsiz. Boterean jarraitzeko arima ere salduko lukete, eta aginte makila ezin utzi, eskuetan indarrik ez badute ere, iltzatuta jarraitzen dute. Antena bako estralurtarrak haria galdu eta deskonektatu egiten gara. Periodikoa itxi eta irratia itzali egiten dugu.

Aspaldi hartu genuen erabakia azal zuriko estralurtarrak izango ginela; ez bagara ere, estralurtarrak sentitzen gara planeta zoro honetan. Bai, gusturago ibiltzen gara izaki estralurtar gisa. Periodikoa ireki eta berbaldi infinitu horiek irakurri beharrean eguneroko zinta umoretsura salto egiten dugu, irratia piztu eta diala aldatuz bada uhinak astintzen dituena, kolpez kolpe. Indar berezia dugu eta egunero urrun eta bahituta daudenei kili-kiliak bidaltzen dizkiegu. Zapatak beharrean espazio ontzi txiki bi daramatzagu oinetan, planeta ez berotzeko asmoz oinez ibiltzen garelako batetik bestera. Musuak eman eta jasotzea gustatzen zaigu. Ez dugu eman ez diren musuen damurik eduki nahi. Herrialde ezberdinetako ohiturak hartu eta batzuetan musu bakarra, bestetan bi eta, askotan, hiru ere ematen ditugu.

Pentsatuko duzue musu merkeak garela. Agian bai, baina gustura jasotzen dugu pailazoaren musua, milaka gaztetxok bezala. Musu-truk gauzak egitea gustatzen zaigu, trukeak salbatuko du-eta gizarte kontsumitzailearen hondamendia. Zerbaitengatik trukean musu jasotzen duzunean buruko antenak hazten doaz. Zientzialariari kasu egiten diogu eta badakigu musuak oso osasungarriak direla: ikerketen arabera musu ematen duen hori urte gehiago bizi da. Konbentzituta gaude bizi estralurtarra garatu ahalko luketen tokia dela gure herria, ez dela Jupiter, Saturno edo Martera joan behar. Gizaki askok horrela begiratzen gaituzte, Estralurtar urdinak bezala, begi batekin eta oso barregarriak bagina lez. Baina guk botere txikia dugu: musu estralurtarrak ematen ditugu.