Garbigailuaren independentzia

Erabiltzailearen aurpegia Ane Zabala 2014ko eka. 5a, 09:03

Etxe berrira etorri ginenean sukaldea berriztu eta etxetresna berriak ere jarri genituen. Sukalde eraberrituan tresna bakoitzak bere lekua hartu zuen, armairuetan sartuta egongo balira lez. Hozkailuak ez du hozkailu ematen kamuflatuta baitago, labea ez dago suaren azpian eta garbigailua ondo neurtutako ezkutuko zuloan sartuta dago.

 

Sukalde txikia izanik, ondo neurtu eta diseinatu zuen diseinatzaileak. Dena martxan jarri zutenean pozik estreinatu genuen sukalde berria. Txikia izan arren, hamaika bazkari eta afariren lekuko izan da, etxeko leku kuttuna izan da beti. Hementxe, kamuflatutako tresna hauek gure arteko eztabaida luzeen entzule isilak izan dira. Leku berean izan dira beti, isilik, euren eginbeharrak betetzen.

Baina badira hiru aste garbigailua bere zulotik atera nahian dabilela. Hasieran zentimetro gutxi batzuk mugitzen hasi zen, baina konturatu orduko, sukalde erdian topatu genuen. Hor geratzen da, ezin baitu gehiago aurrera egin, atzetik duen hodiak ez diolako ibilbide gehiago egiteko aukerarik ematen. Berriz ere bere zulora bidali arren martxan jartzen dugun bakoitzean zulotik aterata topatzen dugu garbigailua, patxada ederrean sukaldearen erdian!

Egia da, gure sukalde zaharreko garbigailuak arropa zikinak garbitzen zituen bitartean ska antzera dantzatzen zuela eta sukaldeko irratiko doinuen erritmora garbitzen zituela izarak. Baina gerria mugitzen bazuen ere, bere lekuan geldi-geldi egoten zen garbigailu zaharra. Hortaz, ez genuen bere erritmo kuttuna zein zen deskubritu, erretiroa helduta eraman baikenuen Garbigunera, hantxe bere azken dantza egin zezan.

Inoiz ez zitzaidan otuko garbigailuari bere ideia politikoengatik galdetzea, faborez! Baina zulotik ateratzeko duen indar eta nahiaren ondorioz pentsatzen hasia naiz gure sukaldetik atera eta bere bidea egiten hasi nahi duela, bai; independentziaren bidea hartu duela, bere kabuz, beste errealitate batera abiatzeko nahia dauka. Kokoteraino dago gure izara, trapu eta arropa zikinak garbitzeaz, zulo estu eta ilun batean egoteaz, ezin dantzan egin, egunean infinitu buelta ematen bi hormek estutzen duten bitartean. Gure afarietako hitzak entzun ostean bera ere bere bidea egin nahian ibiliko da? Garbigailu independentistak ez du oraindik indar metaketarik lortu sukaldean, labea eta hozkailua geldi baitaude. Baina garai berriak datoz eta, batek daki, beste tresnak ere garbigailuarekin batera zulotik atera eta bidea egiten has daitezke.

Gure errealitatea berezia da eta, beraz, erantzun berezia eman beharko diogu. Badugu hemendik eta igandera arte hausnartzeko tenorea. Gure garbigailuen esku dago. Bitartean, amets egin izan dut: garbigailua Bidebarrieta kalean zihoan, danborrak bueltak ematen zituela dantzan, zer zentrifugatu zalantzan.