16 egun

Erabiltzailearen aurpegia Ane Zabala 2014ko eka. 19a, 09:45

2014 urtea hasi genuenetik 169 egun pasatu dira. Konturatu orduko beste urte berri bati ongietorria ematen egongo gara. Urteak aurrera egin ahala, egunak luze eta gauak labur pasatzen dira. Egutegiko orria aldatzen duzun aldi oro urtearen abiadurak kezkatzen zaitu.

Denboraren formulak adinarekin aldatu egiten dira. Umetan alderantzizkoa zen; egunak labur joten ziren, ikastolako orduak ziztu bizian pasatzen zirelako eta, aldiz, urtebetetze egunerako beti faltatzen ziren egutegiko bost orri edo. Denboraren formulak aldakorrak badira ere, esamolde batzuk beti errepikatzen dira: Sanferminetan Pobre de mi abestu, eta zapia kenduta ematen zaio amaiera. Ondoren betiko esaldia etorri ohi da, "gutxiago falta da hurrengo sanferminetarako!”. Urrutitik ikusita urtero irudi berdinak utzi dizkigutela ematen du; mila bisitari, zapi gorriak, zezenak, ezinbesteko atzerritarrak... Baina aurreko urteko txupinazoa euskaldunok ez dugu erraz ahaztuko.

Pagasarriko puntan geundela, lagun baten mezua sakelakoan jaso genuen. Argazkian ikurrina erraldoia udaletxe plazan. Muntaia bat zela pentsatu genuen, photoshoparen miraria. Menditik jaitsi ginenean egia zela ohartu ginen. Ikurrina erraldoi bat zintzilikatu zutela udaletxe aurrealdean Sanferminetako protagonista bilakatuz. Hogei minutuz Euskal Herriko benetako hiriburua bilakatu zen.

Denboraren formulak bizitako momentu asko burmuineko leku berezian gordarazten dizkizu. Esaterako, nire lehengo Sanferminak. Hamar urte nituen, uda Zangotzako Rocaforte herrian pasatu genuen. Itsasoa faltan bagenuen ere, gure lehenengo sanferminak bizi genituen. Goizean goiz ‘La veloz sanguesina’ hartu eta entzierroa ikustera joan ginen. Ez genituen zezenak ezta korrikalariak ikusi. Baina gure imajinarioan entzierroko lehengo lerroan izan ginen, zezenen aurrean lasterka. Egun pasa nekagarriaren ostean, Zangotzara bueltan ginen. Gero etorri ziren koadrilarekin Iruñera eginiko bisitaldiak, nire burmuinean arrasto gutxiago utzi dutenak.

16 egun barru Iruñera joateko nahia piztu zait. Ostatu bila hasi eta dena betea dago! Ostatuko nagusiak gure galderari barre egin dio. "Aspaldi dena erreserbatuta dugu, gu eta Iruñeko hotel guztiak", esan digu. Baina, lasai, uztailaren seian bertan agertuz gero zuentzat logela bat izango dut, gaineratu digu. Azken momentuan atzerritar askok kale egiten omen du. Horrez gain, goitik beherako gure itxuraren azterketa eginda ziurtatu digu bertan agertzen bagara gela izango dugula. Berarentzako itxura txukuna omen gurea. Baina ostatuaren prezio ikusita, badakit ez garela bertaratuko eta ziurrenik Zangotzan ikusiko dugu elkar. Uztailaren seian ez bada, urriaren 19an eta oinez, ez korrika zezenen aurrean.