Hiztegi aberatsa da gurea. Tarte batez hutsik egon ostean, berbak bueltan etorri zitzaizkidan. Nik 'ez' hitza kenduko nuke hiztegitik. Froga egin eta egon zaitez egun oso bat 'ez' hitza erabili gabe, proposatu zidan kazetariak. Apustua onartu eta hurrengo 24 orduak 'ez' esan gabe pasatu nituen. Hitz joko ederra izan zen.
Goizeko kafea azukrearekin hartu nuen eta glukosa dosi gehigarriak, mingainari eragin aurretik adi egotera eta esaldiak ondo pentsatzera eraman ninduen. Orduan erreferendum bat egiteko egun aproposa izan zitekeela pentsatu nuen: hiztegitik ezezkoa desagertzearen inguruko galdera botatzea eta erantzun bakarra baiezkoa izatea. Euskal Herria herrialde independentea izatearekin ados al zaude? Galdera laburra, sinplea eta garbia. Zientzia fikziozko pelikula baterako abiapuntu ederra litzateke, nortasun arazoak dituzten pertsonaiez betetako filma litzateke, zinea eta giza eskubideen jaialdian estreinatuko litzateke... Lurrera bueltatuz, nire burmuineko pasahitza aldatu nuen eta gure hiztegitik beste hitz bat kenduko nukeela pentsatu nuen: mina. Asko dira-eta herri honetako minak; maitemina, herrimina, minbizia...
Erreportaje baterako galdera zen kazetariarena, hitz gurutzatuen mendeurrenekoaz. 100 urte bete dira egunkarietan hitz gurutzatuen jolasa argitaratu zenetik. Aitortu behar dut ez dudala jolasa gustuko. Gure hizkuntzak 'r' asko ditu. Dislexikoa naiz eta nire burmuinak ez du 'r' hizkia ondo kokatzen. Horregatik hitz gurutzatuekin arazoak ditut. Hizkuntzak berezko ezaugarriak ditu eta horiekin jolasten ikasten dago gakoa. Nik ikasi dut errearekin dantza egiten. Grabitatearekin edo garbitatearekin. Lagun batek, ordea, 'r' eta bestelako hizkiak begi bistatik kentzea atsegin du. Gure lagunak errotuladore gorri batekin irakurtzen du egunkaria eta gustuko ez dituen hitzak zirriborratu eta markatzen ditu. Denbora-pasa lez hasi zuen ariketak indarra hartu du eta gaur egun ia egunkari osoa gorriz tindatzen du. Bere ustez, badira hitz batzuk egunero-egunero ezabatu behar dituenak, gure lanbidean egunero erabiltzen ditugunak.
Errez beterik errotondan nindoala, hitzen korapiloa etorri zitzaidan burmuinera berriz; asko dira hartu beharreko bideak. Pasabidea, eskubidea, konponbidea, deklinabidea, arnasbidea, jarraibidea, zuzenbidea, norabidea, eginbidea… Bide laburrik ez da. Errepideak eta galtzadak zeharkatuko ditugu mingainari eragiten diogun bitartean. Hiztegitik desagertzen ez badira ere, hitz batzuk ez ditut sekula erabiliko.