Bigarren pisuan dauden gazteek barre egiten dute, baina bosgarren pisuko azken eskaileran daudenentzat horrela kokatzea lasaitasuna da. Nik gaztetatik urteak gehitzeko ohitura izan dut, badira urte pare bat berrogei urteko krisia pasa nuela eta laster berrogeigarren urteko krisia biziko dut. Horrela iristen denerako prest nago eta urte hori bizi izan duzunaren sentsazioa daukat. Kontua da hamarkadaz aldatu beharko dudala laster eta azken boladan etengabe galdetzen didatela zein urtetan jaio nintzen.
1975. urtean jaio nintzen, bai, Arias Navarrok espainolei Francisco Franco hil zela esan zien urtean. Ikastolako kumeak gara. Bertan hasi ginen antzerkia maitatzen.Ikastolan sortu genuen Gilkitxaro antzerki taldea. Garai horietan gazte koadrila batek osatzen genuen taldea. Helburu nagusia antzerkia egitea genuen, euskara hutsez beti, antzerkiaz gozatu eta antzerkian ikasiz jolastea. Gogoan dut lehen antzezlana; Gabriel Arestiren ‘Etxe aberatseko seme galdua eta Maria Magdalenaren seme santua’. Hamasei urte genituen eta Angel Zelaieta euskara eta literatura irakasleak gure antzerkirako zaletasuna eta pasioa ikusita, Gabriel Arestiren antzerkiak irakurtzeko proposatu zigun. Erronka bota ere; astean behin euskarako ordua antzezlana atontzeko erabiltzea. Ondo aprobetxatu genituen ordu haiek eta hilabete pare batean muntatu genuen antzezlana. Agian momentu horretan ez genuen ondo ulertu testua baina gozatu ederra hartu genuen. Ikastetxez ikastetxe ibili ginen antzezlana egiten.
Gaurko egunez Gabriel Arestik 81 urte beteko zituen. 50 urte dira aurten Gabriel Arestik 'Harri eta Herri' argitaratu zuela eta liburuaren etenik gabeko irakurraldia izan zen Arriaga antzokian. Aurten plazako farolan kartela zintzilik ikusi dugu; bertan da Gabriel gogora ekarriz poesia mailua dela. Argi dut zein urtetan jaio nintzen, 1975 urtean, Gabriel Aresti hil zen urtean.