Garai batean ugariak ziren gure inguruetan kea botatzen zuten tximinia luzeak. Etxe alboan genituen fabrikak. Egun garai horiek gogoratzeko tximinia luzeak baino ez dira geratzen, eraitsi zituzten eraikinak eta fabrika zegoen lekuan, langileen hotsak beharrean, txakurren zaunkak entzuten ditugu eta korrikalariak ‘footing’ egiten. Erreka alboan ontziola beharren museoa dago eta garabi erraldoiak jauregian egiten du gerizpea. Baina erreka ertzetik jarraituz, oraindik bada irla bihurtu ez den penintsula, bertan arraunlariez gain hutsik geratutako pabilioiek bizia hartu dute. Langileek okupatu dituzte, sormen fabrika txikiak bihurtu dira. Eraikin batzuetan zirku langileak topatu ditugu, besteetan musika sortzaileak, auzoa graffitiz bete dituzten artistak eta seigarren pabilioian aktore eta ikusleak elkarren artean topatu ditugu.
2011an ireki zituen ateak lehenengoz 6. Pabiloiak, antzerki munduko jende talde batek sortu eta kudeatzen duelarik. Ordutik hamaika proposamen ekarri dituzte Erriberara. Duela lau urte zabaldu zituen ateak, Aste Nagusian ; goza eta erlojua batera ez doazen astean. Lau urte pasa dira eta atzo berriz ere txanpainaz ospatu genuen denboraldi berriaren hasiera. Topa egin aurretik kabaret Chichinaboren estreinaldia izan zen. Kabaret ausarta, lotsagabea eta momentu askotan barrenak mugiarazten dituena; barre ala negar ezin jakin zer egin. Datozen egunetan gauero bertan izango dira, chichinabo fikziozko mundua sortzen.
Gonbitea eginda bertatik pasatzea baino ez dugu.