Eulalia Abaitua argazkilariari eskainitako erakusketa da Esteroskopiak 16+16 izenekoa, eta irailaren bukaera arte ikusgai izango da Euskararen Etxean, San Inazion.
Eulalia Abaitua Bilbon jaio zen 1853an, argazkilaritzan aitzindaria izan zen. Bere lanari esker, XIX eta XX. mendeko Bilboren eta bertako biztanleen egunerokoa ezagutu daiteke.
19 urterekin Ingalaterran ezagutu eta sakondu zuen argazkilaritza Abaituak. Sasoiko herritarrak erretratatu zituen batik bat, eta bere ondarearen 16 argazki ikus daitezke Euskararen Etxeko aretoan.
Beirazko xafla esteroskopikoez eginiko argazkiak dira, eta berauetan pertsonak ageri dira eguneroko jarduera eta zereginetan.
Gainera, oraingo honetan, irudia eta hitza batu dituzte. Erakusketak ohiko formatuekin hausten du, eta bi eduki batzen ditu, batetik antzinako argazkiak, hiru dimentsioko betaurrekoen bidez ikusiko ditugunak; eta, bestetik, ahozko oraina, audiogidekin entzungo duguna, hau da, gaur eguneko hitzak.
Hiru dimentsioko kopia anaglifoak dira, betaurreko berezien bidez ikusi daitezkeenak. Bigarren aldea, berriz, ahozko edukiari dagokio; alegia, irudiei hitzak jartzeari. Entzungailuenbitartez, hamasei euskal emakume idazlek asmatutako istorioez gozatu ahal izango dute bisitariek, hiru hizkuntzetan: euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez.
Abaituaren hamasei irudi laguntzeko, testu bana eskatu zien emakumezko idazle banari Bilboko Euskal Museoak. Besteak beste, tartean dira Itxaro Borda, Karmele Jaio eta Mariasun Landaren testuak. Irudiei aurre egin behar izan diete, eta betaurrekoak jantzita, haiei begira, kontakizunak sortu dituzte. Iraganari hitzak jartzen dizkioten egungo ahotsak dira.
Erakusketak ez dauka ibilbide finkorik; hortaz, bakoitzak bere norabidea aukeratu ahal izango du.