Jakin badakigu gure hirian oraindik ere lan handia egin behar dugula euskararen erabilera sustatzeko. Gaurko egoera horrela izanda ere, atzera begiratzen badugu ikusiko dugu XIX. mendera arte euskara Bilboko hizkuntza nagusia izan zela, lekukotasunek erakusten digutenez. Beste iturri batzuen artean, 1653. urteko Rafael Mikoletaren eskuliburua erreferente bat dugu Bilboko euskara ezagutze aldera. Datu zehatz gutxi dakigun arren, badirudi Mikoleta apaiz bilbotarrak euskara ikasteko metodo bat ondu zuela merkatari ingeles baten eskaerari erantzunez, eta hain zuzen ere, eskuizkribua Londresen agertu zen. Horrek nolabait frogatzen du garai hartako euskararen erabilgarritasuna Bilboko salerosketetan. Ikasbideak lau atal nagusi dauzka: azalpen gramatikal xume bat, hiztegitxo bat, bi olerki eta elkarrizketa luze bat (gaztelaniatik itzulitakoa). Guztira 920 bat hitz desberdin daude liburuan.
Egunotan Bilbon euskara batua gailendu bada ere, Mikoletaren hizkera bizkaiera zaharra zen, zehazkiago Bizkai sartaldeko euskara, gaurko Mungialde, Txorierri edo Arratia eskualdeetakoa bezalatsukoa. Hala ere, egungo batua eta Bilboko euskara zaharra espero baino antzekoagoak dira, jarraian erakutsiko dugunez.
Zer esanik ez, Mikoletak baliatu zuen ortografiak zerikusi gutxi zeukan euskal ortografia modernoarekin (XX. mendean adostuta). Alde hau bereziki nabarmena da hatxeen erabileran, c/ch/qu/gu grafietan edota v-ren agerpenean, baina horietaz gain XVII. mendeko Bilbon s/z eta ts/tz hotsak nahasten hasiak ziren eta hori ere bere idazkeran islatzen da. Horietako berba batzuk aurkeztean euren grafia gaurkotu dugu. Hiztegitxoan izen eta adjektibo gehienak -a artikulua itsatsita agertzen ziren, garaiko ohiturari jarraituz, eta horrela utzi ditugu.
Aipagarria da, bestalde, badagoela beste iturri bat Bilboko euskara zaharra ezagutzeko, Refranes y Sentencias (RS) izeneko atsotitz eta esaera bilduma anonimo bat, Iruñean 1596. urtean inprimatua. Hizkera aztertuta, Bilbo inguruko XV.-XVI. mendeetako euskara dela ondorioztatu da. Testigantza hau ere kontuan hartzekoa da.
Liburu bietan gaur normal-normal erabiltzen ditugun hainbat izen eta adjektibo bere horretan agertzen dira, eta are gehiago, nahiko kultutzat ditugun zenbait hitz ere bai, hala nola, adiskidea (Mik, RS), ahaidea (Mik, RS), agurea (Mik, RS), atsoa (Mik, RS), atsegin (Mik, RS), hordia (Mik, RS), ibaia (Mik, RS), zauria (Mik, RS "llaga") edo ostikada (RS ostiko "coz"). Mikoletarenean gainera alkandora, arnasa, artaziak, gizena, kaia ("orilla de mar o río") edo zartagina ere badaude; Refranes-en laztan ("abrazo", "querer"), lehor, lurrun, mintegi ("vivero"), oski (zapata), ospe, txiro, zeken eta zidor ("sendero").
Izan ere, Euskal Herri mailan lekukotasun goiztiar garrantzitsua den heinean, seguruenez RS-gatik erabiltzen ditugu honako hitz hauek euskara batuan: anker, atzerri ("patria extraña"), induska ("hozar"), kirola ("regocijo", RS-n bertan jolas ere "regocijo" izanik), ogasun ("haberes", eta oasun "bienes"), ulertu. Horietaz gain, RS-n dauden sorotsi ("atender") eta urgazi ("ayudar") aditzak eskuarki erabiltzen ez baditugu ere, horietatik eratorritako sorosle eta urgazle ohikoagoak ditugu.
Obra bietan izen abstraktuak ere ez dira falta. Mikoletaren ikasbidean ahaidetasuna ("parentesco"), bakartasuna, bakea, jakintasuna eta osasuna modukoak daude; RS-n alperkeria ("vagabundez"), jakiteria, tamal ("lástima") edo zahartzaro.
Mota askotariko ekintzak adierazteko baliabideak ere bazeuzkan Mikoletaren euskarak, gaurkoaren antzera. Egin aditza baliatzen dutenak ugari dira: amets egin, barre egin, euria egin, hatz egin, hegaz egin (RS-en ere hegaz), putz egin ("soplar", RS puztu "hinchar"). Bestelako aditz "batu" batzuk ere badaude: agindu (Mik, RS), askatu (Mik "soltar", RS "desatar"), eskatu, gaixotu, garbitu, haserratu, iratzarri, izorratu ("empreñar"), ukatu (Mik, RS), eta RS-en irabazi eta sinistu ere bere horretan daude. Adberbio batzuk ere euren aldaera "modernoetan" agertzen dira: batzuetan, sarri, eta RS-en aurten ("hogaño").
Hiriko bizitzari erreferentzia egiten dion lexikoa ere oparo azaltzen zaigu: alkatea, auzia (Mik, RS "pleito"), auzoa (Mik, RS "vecino"), erosi (Mik, RS), giltza, lapurra (Mik, RS), mandataria (Mik, RS "mensajero"), merkea, oihala (Mik, RS "paño"), ostataria ("mesonero"), ostatua (Mik "mesón, posada", RS "posada"), teilatua, zorra (Mik, RS). RS-en behargin eta hesi ("seto") ere badaude. Gaurko Bilbora begira, biribila (Plaza Biribila) eta etsatxu (RS "casilla", La Casilla/Etxetxu) dakarzkigute, eta bestetik, eguraldiagatik ordutik egundaino arruntak izango ziren lainoa eta uriola ("aguaducho") hitzak. Hirian bizi izanda ere, basurdea eta hartza (Mik, RS) bezalako animaliak ere ezagunak izango zituzten.
Amaitzeko, ikus ditzagun zeharo ulerterrazak egingo zaizkigun Mikoletaren solasaldi eta esaldi solte batzuk:
- Ze egun dakar?
- Iluna, jauna.
- Zeuk edo daukaz[uz] begietan hodeiak, zerren nik dakust argirik zerua.
- Bada ez nago itsurik.
- Alonso, adiskidea, jakin egizu naxala ni hordi ona, ta dakidala zer edaten doda[n].
- Berak dirudi gizakume ona.
- Mutil itxi (<ysi>) egizu atea giltzaz.
- Non daukazu?
- Hemen daukat faltrikeran.
- Irakurri egizu bada.
Ondorioz, ikasi ahal izan dugu kontu askotan orduko euskara bilbotarra ez zegoela gaur egun hitz egin eta idazten dugun batueratik batzuek uste bezain urrun. Garai hartako bilbotarrekin erraz komunikatuko ginateke, euskara batua jakinda beharbada bizkaieradunek baino hobeto, hizkuntzak etengabe ari direlako aldatzen, eta XVII. mendeko bizkaiera ez baitzen gaurkoaren berdina. Bestalde, landa-eremuko hizkerak eta hirikoak ez dira inoiz bertsuak izan, munduko edozein tokitan. Hurrengo batean Bilboko euskararen bereizgarri batzuei buruz arituko gara. Egin dezagun euskaraz Bilbon!