Dagoeneko aipatu genuen XVI. mendean Refranes y Sentencias liburua lekuko geneukala eta, halaber, Mikoletaren eskuliburua XVII.-ean. Hortik aurrera zeharkako lekukotasunak baino ez daude (adibidez, Juan Mateo Zabala bilbotarraren El verbo regular vascongado del dialecto vizcaino XIX. mendeko obran), XX. mendera arte. Iñaki Gaminde euskalariak lehen eskuko lekukotasunak jaso zituen Begoña, Buia eta Larraskitu auzoetan, 1987ko Bilboko euskara aztertzeko materialak artikuluan, eta Bilboko Larraskituko euskaraz (1994) eta Bilbotarron euskararen zuzuan (2004) liburuetan bilduak (eta bide batez, gaurko Bilboko euskara modernoa ikertzen jarraitu du beste artikulu batzuetan).
Lehenik eta behin, argi utzi behar dugu Refranes y Sentencias-en islatutako hizkera hein handi batean euskara arkaikoa zela eta Euskal Herri osoan garai hartan ohikoak ziren ezaugarri batzuk zeuzkala, geroago erabat galdu direnak. Hori dela eta, beharbada ez digu Bilboko euskarari buruz hainbeste esaten, baina Mikoletaren garairako Bilboko euskara bereizten hasia zen. Edonola ere, testigantza biak erkatuz ondorio interesgarri batzuk atera daitezke hiriko hizkerak zeuzkan bereizgarrien gainean. Tamalez, XX. mendeko berri-emailengandik jasotakoa ez da horiekin bat etorri.
Egia esan, ez dira gauza asko iraganeko bilbotarren euskara ezaugarritu zutenak. Gutxi batzuk esanguratsuak dira beste inon aurkitu ez direlako, baina gehienak Euskal Herri sartalde muturrekoak dira, arkaismoen eta berrikuntzen nahasketa idiosinkratiko bat. Dena dela, hemen ez dira kontuan hartuko bizkaieraren kontu orokorregiak (esaterako, alabea = alaba, nogaz = norekin, dau = du, dot = dut edo dotsut = dizut), ez digutelako balio Bilboko euskara Bizkai osokotik banatzeko, baina saiatuko gara ezaugarri nabarmen guztiak azaltzen. Edonola ere, Mikoletaren hizkerak errepaso oso bat merezi du. Hasi gaitezen.
XVIII. mendera arte edo bizkaierak bokal sudurkariak zeuzkan, frantsesez edo portugesez bezala, eta Mikoletaren liburuan horren aztarnak topatzen ditugu, zein tazatan atsegin dau edan, launti ala sakontxu honetati? idazten duenean (baina hiztegian laua – cosa llana), edo arrauntzea– huevo, (baina arrautza gorringoa – yema de huevo). Ez zekien bokal sudurkariak nola islatu idazkeran, eta batzuetan kontsonante sudurkari bat (<n>) egongo balitz bezala markatu zuen.
Gaur egun zeharo hedatuta badago ere, badirudi txistukarien nahasketa (s, z, ts eta tz) Bizkai sartaldean hasi zela, eta XVII. mendeko Bilbo bete-betean harrapatu zuen, Mikoletaren hizkeran anabasa ederra sortzeraino. Egileak berdin idatzi zituen azala zein asala, bizarra eta bissarra, açia zein asia (hazia), syla eta zyla (zilborra), oz, ossa eta osza (hotza), edo maza (mahatsa). Beraz, hots horiek ez zekien desberdin ahoskatzen, eta idazteko orduan zalantza handiak izan zituen. Seguruenez, lardaska hau Bizkai osoan barrena zabaltzen Bilbo hiriaren garrantziak lagundu zuen. Horiek horrela, ez kezkatu gaur egun txistukari guztiak ez badakizu behar bezala ahoskatzen, aspaldiko kontua da bilbotarron artean! Hori bai, idatzi itzazu ondo.
Ez zen, hala ere, kontsonante nahasketa bakarra. Bizkaiko sartaldean geitu (deitu) eta gedar (deiadar) bezalakoak badira ere (eta Bilbon ere baziren), Bilboaldekoa dugu duztia esatea, guztia orokorraren ordez, eta hala dago bai Refranes y Sentencias-en (andra duztiok buru zuri), bai Mikoletaren obran (garbi ezazuz ene erropa duztiak). Egun Uribe Kostako hizkera batzuetan oraindik horrela esaten da.
Nabarmentzekoa da, bestetik, Mikoletak dagoeneko ustiot (uste dut) eta ustiozu (adibidez, zeuk zeure probetxua ustiozu) tankerako aditz forma laburtuak baliatu zituela, beste lekukotasunetan baino goizago agertzen baitzaigu -eo- > -io- aldaketa hau. Horretan ere berritzailea izan zen Bilboko euskara.
Mikoletaren eskuizkribuan agertzen diren gauza bitxien artean (gaurko ikuspuntutik), NONDIK adierazteko bi atzizki zahar dauzkagu (-rean eta -rik) honako adibideotan: hiztegian honerean – de aquí; oherean jaigiteko goxean (ohetik jaikitzeko goizean); ezarzu zurirean (isuri ezazu zuritik); besteok dira Italiarik etorriak; norik ekarri do[z]uz pastelok?.
Era berean, NORAINO esateko gino postposizioa Bilboaldeko berrikuntza dugu, Mikoletaren idazkietan ez ezik (atzerengo gino kontentu izanik), Refranes y Sentencias-en ere azaltzen baitzen (inurri gino lagun gura; lauzatu gino daroa betatu). Gaur egun Mungialdeko herri batzuetan gorde da (eta beharbada Orozkon).
XVII. mendeko Bilbon NORENTZAT kasuan jadanik -entzat eta -entzako lehian ikusten ditugu Mikoletaren ikasliburuan (eta baita Gamindek XX. mendean jasotako testigantzetan), esaterako, enetzat daukan obena (niretzat daukan onena), jaunentzat– para el señor, baina goxeti jaigitea dala ona osasunentzako, ez da hau denporea gorraentzako. Bizkaian egunotan gehien-gehienetan -entzako erabiltzen dugu, nahiz eta atzetik izenik ez badauka -entzat den euskara batuan esan behar dena.
Pertsona izenordainetan geroago berriro topatu ez den forma "berri" bat erakutsi zigun Mikoletak: lehen pertsona pluraleko guek. XI. mende inguruko Donemiliagako glosetan (Errioxan) guek ere idatzi zen (guek ajutu ez dugu), baina bilbotarraren obran NOR kasuan baino ez dago, guek ginean (gu ginen), guek gagoz (gu gaude), NORK forma guk izanik.
Aditzei begira zeresan handia dago Bilboko euskaran. Refranes-en eta Mikoletaren eskuizkribuan, Euskal Herriko sartalde osoan bezala, aditz partizipioetan ebagi, irigi, eugi eta jaigi modukoak dauzkagu, eta ez batueraren ebaki, ireki, eduki eta jaiki. Gehienak oraintsu arte gorde dira inguruko herrietako hizkeretan, baina euki (eduki) aldaera aspalditik nagusitu zen. Aditzen beste forma jokatugabeetan, ordea, izaiten, emaiten/emoiten edo galtzaiten (galtzen), hartzaiten (hartzen) bezalako aldaera arkaikoen alboan ahaztuten, adituten, aginduten bizkaitar berriak ere baziren.
Batueratik aldentzen den beste alderdi bat aditz batzuen jokabidea da. Garai hartako Bilbon, Bizkai sartaldean bezala, daude gure gaurko dute zen, arkaismo ederra. Horretaz gain, aditz berberean dituz eta dauz forma berriak agertzen hasi ziren (biak batueraren ditu izanik). Baina adizki horiek laguntzaile moduan erabiltzen ziren, Mikoletaren hizkeran dagoeneko "eduki" (daukat, daukazu...) zelako jabetza adierazteko baliabide nagusia, eta hori orain arte mantendu da Bizkai osoan.
Alabaina, arlo honetan garai jakin bateko benetako ezaugarri bilbotarrak (Refranes-en eta Mikoletaren obran) hauexek izan ziren: adizki batzuetako -n eza (RS: adiuntza onean nentorre, baia ezer ez nekarre, gaztelauna negia senar; Mik: dakidala zer edaten doda, zeinbatan ebe berorrek?), eta -zuz > -uz disimilazioa (RS: idiak eta behiak hil ezauz, eskerrak indauz; Mik: norik ekarri douz pastelok?, jantzi egidauz). Oso aztarna gutxi utzi dituzte egungo hizkeretan, eta esan genezake Bilboaldetik desagertu zirela.
Horiek esanda, gutxi gelditzen zaigu deskribatzeko. Zehar galderetako aditz trinkoekin Mikoletak bi estrategia erabiltzen zituen: batetik, izan aditzari dagokionez gaurko batueraren den forma (eguna den ekuszu, ekusteko ezer falta den), perpaus erlatiboetan dan idatzi bazuen ere (urian dan pastelerea, e[g]iten dot gura dana), eta bestetik, oraindik Bizkaian daukagun ba- aurrizkia, atzizkirik gabe (adi zate badauke 'begiratu daukaten'). Kausa perpausetan ohikoena zen zeren (edo zerren, edo ze, Refranes-en bezala) esatea, aditz jokatuan atzizki/aurrizkirik ipini gabe (zeren ez dozu bihortuko, zerren da beroago goxetarako, ze e[z] naz horren delikadua, ze gauza baltza da bakartasuna, ze neuk hartuko dot neurea), baina behin zegaiti (zegaiti enetzat honeik dira) eta beste batzuetan -lako ere badaude (gura dolako, zuk aginduten dozulako).
Amaitzeko, aurkeztu ditzagun Bilbon entzuten ziren hitz eta aldaera batzuk. Mikoletaren garaian guztiz arruntak ziren -lan amaiera zeukaten adberbioak: nolan, zelan, edozelan, horrelan, halan. Aipatuak ditugu duzti, gei eta gedar aldaerak, baina berba f-dun batzuek ere gaurdaino iraun dute, adibidez, frakak edo firua (haria). Bizkaian hitz u-dun batzuk ere badaude, Bilboaldean ullea (ilea), uruna (irina) eta uzena (izena) gorde dira. Egun geure amaren edo aitaren amari amama esaten badiogun arren, Mikoletaren hiztegian eta Gamindek bildutako testigantzetan amandrea zen hitz bilbotarra antzina. Mikoletaren eskuliburuan dauden beste bitxikeria batzuk arenegun (herenegun), ara(i)ngino (oraindino, oraindik) eta sugatea (sukaldea) dira. Formagatik ez, baina esanahiaren aldetik oso zaharra den hitz bat dendari dugu, 'jostuna' esan nahi baitzuen Ipar Euskal Herriko iraganeko autoreengan zein Mikoletaren eta Landucciren hiztegietan (azken hori XVI. mendeko Gasteizkoa); Bilboko Dendarikale (Tendería) kaleari berari ere hortik etorriko zitzaion izena. Bizkaiko sartaldera lotzen dute Mikoletak idatzi zituen karran (korrika) eta tornua (korapiloa) berbek, nahiz eta azkenak gaur troñue aldaera daukan.
Apaiz bilbotarrak esan bezala, hauexek ziren asteko egunak Bilbon: ilena edo astelehena, martitzena, eguaztena, eguena, barikua, zapatua, domekea. Hilabeteen izenak, ostera, soilik landa eremuan erabiliko ziren euskal ondarekoak, Mikoletak honela diosku eta:
Los doze meses, tambien tienen sus propios nombres vascongados: pero ya no se vsan, sino en las montanas y entre labradores, porque en las villas los llamamos de los miſmos nombres del romance y assi se pratica, y nadie los entendera aun entre Vizcaynos en las villas por los nombres de Vasquenze y assi escuſo el ponerlos aqui.
Adierazpen horrek frogatzen digu euskara Bilbon bertan erabilia zela, lexikoaren gaineko erdararen eragina gorabehera, idazleak praktikotasun edo erabilgarritasun irizpide bat baliatu baitzuen hilabeteak ez zerrendatzeko.
Esan dezagun, bada, laburbilduz, Bilboko euskarari Euskal Herriko mutur batean egotetik etorri zitzaizkiola ezaugarri gehienak, hiria bera ez baitzen gune oso garrantzitsua izan XVII. mendera arte edo, eta bertako bereizgarriak sortzen hasi zireneko, Bilbo erdararen eraginpean zegoen. XIX. mendean zehar hirigunea erdaldunduta, Begoña, Buia edo Larraskitu bezalako baserri auzoak alboko herrietara begira jarri ziren, batzuk Txorierrira, besteak Nerbioi Ibarrera (Basauri, Arrigorriaga), erdiguneko euskara "bilbotarra" desagerraraziz. Aurreko artikuluan aipatu genuen moduan, ingurune baserritarrenak eta hiritarren hizkerak ez dira inoiz berdin izaten. Baina zer gorde da iraganeko euskara horretatik Bilboko gaztelanian? Hurrengoan azalduko dugu. Laster arte!