XIX. mendean euskarak prestigioa galduta zeukan hirian eta, diotenez, gero eta erdaldunduago zegoen ("Ene, ara toroa plazaan manzania jaaten", Juan Antonio Mogelek zioen bezala, "bilbotarren erdi erdera erdi euskera daukate Bizkai guziko euskaratzat"). Burgesia hiritarra erosoago sentitzen zen Espainiako merkataritza-guneekin harremanetan, gaztelaniaz, eta hizkuntza hau gero eta ohikoago bihurtu zen gure kaleetan. Garaiko aberats erdaldunek arlotetzat zeukaten inguruko landa eremuko biztanleria elebiduna, eta ideia horrek XX. mendera arte iraun zuen, "Arlotadas, cuentos y susedidos vascos" obran islatzen zen bezala.
Aldi berean, Bilboko erdal hizkerari buruzko jakinmina piztu zen, nortasun bilbotar harroaren sorrera hartan hiriaren identitatea berresteko tresna gisa erabili baitzen. Emiliano Arriaga idazleak "Lexicón Etimológico, Naturalista y Popular del Bilbaíno Neto" argitaratu zuen 1896. urtean, zeinaren hitzaurrean Bilboko erdarak bi osagai izan zituela aitortzen zuen: El que se ha usado en Bilbao, hasta que el estrambótico y necio cultiparlismo lo ha invadido por completo, era una peregrina combinación del antiguo euskera con el castellano viejo.... Era berean, Unamunok ere bertako hizkuntz bitxikeriak baliatu zituen lagunarteko hizkera moduan bere obra batzuetan.
XX. mendean sartuta, Mikel Zarate euskaltzainak Txorierriko gaztelaniaren inguruan idatzi zuen bere doktorego tesia ("Influencias del vascuence en el habla castellana", 1975). Liburu horretan ere Bilboko hizkerari buruzko erreferentziak ematen dira, kontuan hartuta Txorierri eta Bilbo hiriaren arteko harreman estuak. Gugandik hurbilago, 2012an, Bergareche eta Seibane hizkuntzalariek "El castellano del País Vasco" artikulu bilduma argitaratu zuten, non hizkuntza maila guztietako gertakariak ikertzen diren. Ikus ditzagun Bilboko erdararen ezaugarri batzuk.
Fonetikatik hasten bagara, gaur arte nabarmena da bilbotarrok daukagun diptongoak ahoskatzeko joera, hau da, ai (caído), ei (leído), oi (oído), au (aún) bokal segidak topatzen ditugunean silaba berberean ahoskatzen ditugu, gaztelania estandarraren arauak gorabehera. Izan ere, ortografiak tiletaren bitartez (aí, eí, oí, aú) markatzen du bokal horiek silaba desberdinetan esan behar direla goiko adibideetan; beraz, zergatik egiten diogu muzin? Bada, euskararen muinean baitago bokal segida horiexek beti diptongo moduan ahoskatzea; hiato gutxiko hizkuntza da euskara, bi bokal silaba desberdinetan egon direnean beti sartu zaigulako tarteko kontsonante bat. Nik txikitan ez nuen ulertzen zertarako balio zuten gaztelaniaren tileta horiek, erregelak bazioen "hiatoa" (silaben arteko haustura) markatzeko zirela, non ote zegoen hiatoa ba? Halaber, oso sarritan -au amaierako partizipioak ahoskatzen ditugu bilbotarrok: pensau, pasau, comprau, aparcau... eta hori bizkaierazko -adu > -au aditz formekin ere bat dator (pentsau, pasau, topau, amatau...).
Kontsonanteei begira, ez dago gertakari esanguratsurik gaur egun (hitz amaierako -r-a gogorrago ahoskatzea ez bada ere), baina ez hain aspaldi Bilboko erdarari "seseoa" egozten zitzaion, hainbat eta hainbat testu eta herri kantatan islatu den bezala (ikusi gorago "susesido"). Sisipasa bilbotar hau desagertu zen arren, Bergareche eta Seibaneren liburuan (180. orr.) erakusten da Bermeo eta Lekeitio artean oraindik bizirik egon dela (gainontzeko Bizkaian ez badago ere). Dena dela, fenomeno hau seguruenez Mikoletaren hizkeran zegoen txistukarien nahasketarekin lotuta dago.
Hala ere, Bilboko erdarak erdara izaten jarraitzen du, eta hori, esaterako, argi ikusten da esaldien entonazioan, nahiz eta askotan berezitzat hartu dugun. Aipatutako liburu berberean oso ikerketa interesgarri bat plazaratzen dute Gorka Elordietak eta Aritz Irurtzunek (136. orr.): Bilboko entonazioa Gasteizko erdararen antzekoa da, eta Madrilekotik ere ez dago oso urrun; ostera, Lekeitioko euskaldunen entonazioa oso bestelakoa da.
Beste alderdi batean ere nahiko bitxia dugu geure erdara: esaldietan hitzak nola ordenatzen ditugun. Ez da hiztun guztiongan berdin agertzen, baina ohitura dugu, euskararen moduan, informazio garrantzitsua aditzaren aurretik ematea, alegia, galdegaia (entzuleak jakin behar duena) azpimarratzeko baliabide hori erabiltzen dugu. Adibide batekin erakustearren, "a Peio he visto" edo "que no viniera le dije" bezalako esaldiak ez dira batere arraroak gure artean, baina gaztelaniaren ikuspuntutik erabat arrotzak dira.
Ildo horretatik, indar handiagoa daukan beste joera bat izenordain atonoen ezabaketa da ("lo", "la", "le"). Euskarak horrelako izenordainik ez daukanez (3. pertsonako izenordainik ez dago euskaraz, erakusleak baitira), Bilboko gaztelanian batzuetan jakintzat ematen dugu informazio hori, esaterako, "has comprau el libro?" galderari "sí, he comprau" (bai, erosi dut) erantzuten zaionean, "sí, lo he comprado" esan beharrean.
Kontu txikiagoen artean, Bergarechek berak (bere liburuan) "soler" aditz laguntzailearen eta "ya" partikularen erabilerak aztertzen ditu, euren maiztasuna Euskal Herriko gaztelanian oso ezohikoa baita, eta kasu batzuetan agramatikalak dira gaztelaniadun gehienentzat. Ikerlariak "ohi" eta "ba-" euskal partikulekin parekatzen ditu, esanez euskararen kalkoak direla "ha solido venir" (etorri ohi izan da) edo "ya tengo visto" (badaukat ikusita) bezalakoak.
Bilboko erdara hizpide daukagula, ezin dugu albo batera utzi bertako lexiko aberatsa. Barietate estandarretik ez datozen hitzak beti izan dira hizkuntzaren ertzetan gordeak, maila informal horrek eskola, literatura eta hedabideetan erabiltzen denari ihes egiten diolako: irainak, hitz zatarrak, ume hizkerakoak, eguneroko errealitatea ordezkatzen dutenak...
Gure familia XIX. mendeko Bilbon bizi izan zen, euskara kaletik desagertzen ari zenean. Ordezkapen horren lekuko izango ziren, oharkabe seguruenez, eta garai horretako euskal berbek gaurdaino iraun dute geure hizkeran. Asko eta asko euskaratik datoz eta normal-normal baliatzen ditugu lagunarteko erdaran ere: a lepo (lepora), a lolo (lotara), biritxindor (< begi-txindor), botxo (Orozkon potxo "zulo"), karramarro, kurrusku (koskor), magurio, mokordo (Mikoleta), morrosko, pista (< *begizta, "makar"), pistojo (< pistatsu, Arriagaren arabera), sagutxu, sinsorgo (< senzurge, Arriagaren arabera,< zentzunge, "zentzu gabe" bizkaieraz), sirimiri (< xirimiri; Gaztelan chirimiri formapean hedatu da), txala (< txahal), txalo, txibirita/txiribita (bitxi-lore), txintxo ("apeta"), txiripa, txirla, txirlora, txorongo, txoto, txotxolo, zanpaburu (< zapaburu).
Beste hainbeste ezagunak izan dira bilbotarron artean, eta glosario batean baino gehiagotan zerrendatu dira; nik nire familian erabiltzen diren batzuk baino ez ditut ipini. Bestelakorik aipatzearren, txinbo da txori mota baten izena eta bilbotarrei emandako goitizena, Asua ibarrera joaten baitziren harrapatzera; harrezkero, horrexegatik izan da Txorierri deitua. Txinboak ehizatzeko eskopeta txikiari txinbera esaten zaio, baina gaur egun txoriekiko zeukan lotura erabat galduta daukagu. Emiliano Arriagak bere hiztegian idatzitako esaldi batean, "a chuchu de txirloras... sospales también arrapas", lau euskal mailegu daude: txutxu ("aitzakia"), txirlora, sospal (zozpal) eta arrapar (harrapatu). "Txutxu" berba bitxia Iñaki Gamindek ere bere liburuaren izenburuan erabili zuen, baina palatalizaziorik gabeko forman: Bilbotarron euskararen zuzuan ("harira", "inguruan"). Bestalde, geure erdaran oso emankorra ez bada ere, Bilbon presentzia handia izan du -txu atzizki txikigarriak, gehienbat pertsona izenetan, baina baita Santutxu ("santu txikia") auzoaren izenean ere, adibidez.
Arriagak beste osagai bat aitortzen zion Bilboko erdararen berezitasunari. Idazleak "castellano viejo" esaten zuena orain badakigu asturleonesaren aztarnak direla, Kantabrian, Enkarterrin, Aiaraldean eta Burgosko Merindadeetan egon den hizkera-multzoarenak. Bilboraino ailegatu zen bere eragina, ez Gaztelatik berez, baizik eta mugakidea daukan eremu jakin zabal horretatik. Iturri horretatik etorri diren hitz batzuk ere gurasoengandik jaso ditut: arbejilla ("ilar", Arriagaren hiztegian; Asturiasen arbeyu), borono ("abarkadun" edo "baldar", Arriagaren hiztegian borona "artopil", jatorri zeltikoko hitza), campa (Arriaga; Gaztelan ezezaguna), chon ("txerri" edo "zikin"), eslegir ("aukeratu" Arriagaren hiztegian; eus. esleitu ere hortik dator), muble ("korrokoi" arraina; Arriaga), redeño ("salabardo"), tarisco ("hozkada", "koskada"; Arriaga). Denboran atzerago baldin bagoaz, XX. mende hasieran gure birraititak bere amari idatzitako gutun batean alcuerdo (Arriagaren hiztegian) eta juno ("ekain", asturieraz xunu) bezalako aldaerak ere bazeuzkan.
Izan ere, asturleonesaren bereizgarri diren beste bi ezaugarri Bilboko erdaran ere egon daude. Batetik, Mikoletak ezkutatu bazuen ere (gaztelania estandarrean idazten saiatu zen eta), bertoko hizkera erromantzeak -u ahoskatu du hainbat hitzetan, erdal maileguetan erakutsi zuen moduan: arku, bateleru, baxu, borreru, diabru, ferreruelu, fruteru, gustu, karu, kobru, largu(ro), papu, puñu, sonbreru, siku, trapu, trastu, xelseru... Konparazio baterako, Mikoletak "aguaducho – uriolea" idatzi zuen, baina Arriagak, ordea, aguaduchu aldaera jaso zuen. Orain arte -u-dun forma lexikalizatu batzuk gorde dira Bilbon: kurrusku, kukurutxu... Bestetik, -ín atzizkia guganaino iritsi zen, nahiz eta oso erabilera murritza duen (regulín, primín... formak entzun ditut nik). Asturiasen oso berezkoa dute txikigarri hau, eta kasualitatez edo irlanderaz ere bai (teach "etxe" > teachín "etxola", capall "zaldi" > capaillín "pottoka", pota "lapiko" > poitín "lapikoko", "etxeko pattarra"). Bilbotik mendebalderago, antzinako sardinera santurtziarren izenetan ere Isabelín, Maritxin (Maritxu + -ín), Marutxina edo Socorrín bezalakoak topatzen ditugu.
Baina horretan guztiorretan ez da Bilbo bakarrik egon, Bizkai sartaldean barrena ere euskara eta asturleonesaren arteko holako elkarketa lexiko bat hedatu baitzen. Lagin bat ematearren, abondo ("ugari" Orozkon eta Zollon, Asturiasen ere bai), karraju ("pasillo", Kantabrian carreju), mankau ("min hartu"), troka (Kantabrian eta Merindadeetan torca; Bilbon Olabeagako Trokabidea dago) eta zarrau (Mikoletak bazekarren itsi-ren ordez) tankerako maileguak darabiltzate bizkaieradun batzuek. Bilboko erdarara bueltatuz, nahastura horren lekuko dugu pajarue berba, "kokin" edo "maltzur" adierazteko forma jostari bat, non -u amaieradun mailegu gordin bat ez ezik, euskararen artikulua ere badugun. Orobat, ume bat bizkar gainean eramateari a burrukutxus esaten diogu, konturatu gabe horren barruan burru ("asto") hitza, -(u)ku txikigarri kantabriarra eta -txu txikigarri bizkaitarra daudela. Aspaldikoa dirudi, ordea, Bizkai sartaldean (eta orain batuan ere) erabiltzen dugun potxingo hitzak ("putzu-zulo", "ziztil"), pozín ("putzutxu") maileguari gehitu baitzaio euskal -ko txikigarri zaharra. Ikusi dugunez, atzizki txikigarriek pilatzeko joera daukate; gure amama zenari ere Eskolintxu deitzen genion, bere izena Eskola(stika) zen eta.
Hori guztia esanda ere, ez dugu soilik arlo lexikoan mendebalderagoko eragina sumatzen. Esate baterako, "vaya" harridurazko partikula adjektibo edo adberbioekin erabiltzea agramatikala da gaztelaniadun gehienentzat (soilik izenekin iruditzen zaie zuzena), baina Bilbon vaya grande! ("ze handia!") edo vaya mal! ("ze txarto!") moduko esamoldeak ohikoak dira, Asturiasen bezala.
Esan dezagun, hori bai, gaztelania estandarraren presiopean goian erakutsitako hitz eta adierazpen guztiak gero eta urriagoak direla bilbotarron erdaran. Edozein hizkuntza, dialekto edo hizkera bezala, Bilbokoa ere bere historiaren isla izan da, Kantauri itsasertzeko mutur batean kokatuta eraginak ezker-eskuin jaso ditu, hiru munduren arteko bide-gurutze batean, Euskal Herriko ertz batean. Mendeetan zehar Bilboko euskara eta inguruko erromantzea bata bestearengana hurbilduz joan ziren, elebitasun egoera batean, erdarak euskara irentsi zuen arte. XX. mendean barrena, ordea, erabat aldendu dira elkarrengandik, gaztelania Madrilera begira eta euskara Euskal Herriko erdialdera. Beharbada hizkuntza bien arteko jauzia hain zabala izan ez balitz, bilbotar gehiago hurbilduko lirateke geure hizkuntzara. Halere, ez hartu ideia okerra hemen: barietate estandarrak ondo ezagutzea eta erabiltzea funtsezkoa da, hizkuntzari duintasuna ematen baitio (Etxeparek zioen "behar duien tornuia"). Eta ez diñot gauza txarra danik, baia ezin da ahaztu norik gatozen, jakin nahi badogu norantza joan.