Nik neuk aspalditik sentitu nuen Asiaren deia eta, motxila sorbaldan, hara abiatu nintzen. Baina non hasten da Asia? Edo non amaitzen zaigu Europa? Europan edo Asian mugaldeak nonahi aurkitu daitezke, hein handi batean konstrukto soziokulturalak direlako. Baina marra zehatzak? Ez hain erraz.
Hasteko, zehaztu beharko genuke gure galdera geografikoa ala kulturala den. Ala biak, apika? Lehenik eta behin, esan dezadan termino geografiko zurrunetan Europa eta Asia kontinente berbera direla (“Eurasia”), baina hori bagenekien, ezta? Bizitzan beste gauza asko bezala, continuum bat da esku artean daukaguna: badakigu Frantzia Europa dela, eta Korea Asia, baina erdibidean ez daukagu hain garbi, aldaketa poliki-poliki gauzatzen baita. Izan ere, “Erdialdeko Asia” deitutakoa Europarekin mugan dago, hau da, Asiako mendebaldean, eta ez erdialdean.
Goazen mendeetan atzera, historian zehar aldakorrak izan baitira Europaren eta Asiaren definizioak. Jakin badakigu geure historia Grezian hasi zela, baina argi dago nahiko ekialdean kokatzen dela herrialde hori. Greziarrak Ekialde Hurbileko kulturetatik elikatu ziren, eta hortaz, hasiera batean ez zuten Europa/Asia terminoetan pentsatuko. Noski, herri mugakideen artean sartaldekoak eta sortaldekoak bereizteko beharra izan zuten, eta hala, oso egiantzekoa da Europa hitzak (hizkuntza semitikoetan jatorriz) “eguzkia sartzen den lekua” esan nahi izatea, eta aldi berean, Asia-k “eguzkia sortzen den lekua”. Greziarrentzat Asia euren aurreko lurraldea zen, Anatolia (“sortaldea” grekoz) penintsula, non beraiek ere kolonia eta kokaleku ugari eduki zituzten. Halaber, Greziatik haratago, mendebalderantz, Hesperia zegoen (“iluntzeko lurra” grekoz), Italia eta Iberia penintsulak.
Hortik aurrera badirudi “Mendebaldea” kontzeptuari lotuta egon dela Europa zer den eta zer ez den. Greziarrentzat zein erromatarrentzat etsai persiarrak menderatutako lurrak Europatik kanpo zeuden, argi eta garbi. Asiatik etorri ziren, era berean, hunoak eta bestelako herri barbaro asko (avaroak, alanoak, eszitak, sarmatak...). “Okzidentea” (eguzkia “jausten” den lekua, latinez) ideia Erromak berak hezurmamitu zuen, europarron iruditeria kolektiboan gorde izan duguna.
Erromatar Inperioaren zatiketarekin batera, Europaren muturrak lausotuta egon ziren mende batzuez (bizantziarrak geografikoki Europan zein Asian baitzeuden), baina Islamaren sorrerak eta geroagoko Inperio Otomandarraren gailentasunak banaketa garden bat markatu zuten Europa eta Asia artean.
Hala eta guztiz ere, nortasun europarra aldatuz joan da, eta Asia beti bere irudi negatiboa izan da; ikuspegi horri orientalismoa deritzo, alegia, europarrontzat arrotza den oro exotiko, misteriotsutzat hartzea, dena bloke homogeneo bat izango balitz bezala. Istorio batek dio bidaiari europar bat XIX. mendeko Budapestera heldu eta gero Asia hor hasten zela aldarrikatu zuela, bertokoen ohitura eta ekanduengatik harrituta.
Ez zait inoiz bidezkoa iruditu, Asia “Europaren kontra” definitzea. Asian aniztasun ikaragarria dago, hiruzpalau zibilizazio desberdin gutxienez; Europan, ordea, benetako zibilizazio bakar bat. Esan genezake zibilizazio europarra Eurasiakoetako bat baino ez dela. Eta berriro ere muga geografikoei helduz gero, Europa bera Eurasia mendebaldeko penintsula multzo bat da: Balkanak, Italia, Iberia, Eskandinavia...
Gauzak horrela, Europaren ideia baztertzaile horretan sinistekotan, geure burbuilatik laster irtengo gara edozein norabidetan abiatuta. Bi “kontinenteen” arteko mugaldeak ez daude gugandik oso urrun. Beharbada adibide argigarriena Balkanetako herrialdeak dira. Otomandarren menpe egon ziren luzaro, eta Asiako tradizioez jantzi ziren. Indian, Persian edo Arabian sortu ziren janari, doinu, usadio eta abar batzuk Serbiaraino edo ailegatu ziren. Garai batean ezin zitekeen zehaztu penintsula horretan non hasten zen Asia eta non Europa; parametro kulturaletan, bederen. Harrigarriro, Grezia ere, Europaren sorgunea, “asiartu” zitzaigun mende horietan, harik eta potentzia mendebaldarren babesean independentzia lortu arte. Eta hala ere, gezur galanta da hori: edonork ikusi dezake gaurko Grezia kulturalki europarra bezain “asiarra” dela. Akaso inoiz ez baitzen benetan “europarra” izan, kontzeptu mugatu hori erromatarrek asmatu zuten eta.
Iparraldera begira, askotan entzunda izango dugu Europa Ural mendietan amaitzen dela, “Errusia erdian”, eta horixe dugu zedarri konbentzionaletako bat, egiazko muga islatzen ez duena. Ural mendiak ez dira mugarri orografiko nabarmenik (gailurrik altuena ez baita 2000 metrotara ere iristen), eta ez dago banaketa politiko edo kulturalik alde batetik bestera. Latitude horretan taiga motako basoa dago Ozeano Baretik Finlandiaraino, eta apur bat hegoalderago estepa, Mongoliatik Hungariaraino. Hain zuzen ere, badira hor Asia eta Europa artean zangalatrau ibili izan direnak: herri uralikoak eta herri altaikoak.
Hizkuntza uraliko gehienak Errusian hitz egiten badira ere, Finlandia, Estonia eta Hungaria jatorri uralikoko herrialdeak dira. Hungariarrek eurek (magiarrek) Uralen Asiako aldean ei zeukaten lehendabiziko sorterria. Are gehiago, Mongoliatik irten zen nazio bat, kalmykiarrak, Europa geografikoaren barruan bizi dira (Errusian). Kazakhstan herrialdearen zati bat ere Europa barruan dago, adostutako muga fisikoen arabera.
Hegoalderago Kaukasoa edo Kaukasia topatzen dugu, sarritan aipatzen den Europako beste mutur bat. Alabaina, hango mendilerroa mendebaldetik ekialdera doa, eta zaila da jakitea zein alde dago Europan eta zein Asian. Bere hegoaldeko isurialdean Georgia, Armenia eta Azerbaijan ditugu, Turkia, Iraq eta Iran mugakide dituztenak. Leku askotan irakurriko duzue Georgia eta Armenia europarrak direla; Azerbaijani buruz ez dago adostasunik. Zein irizpide ari dira hor baliatzen? Kristauak ala musulmanak ei diren? Bistan da geografiaz haraindiko aldagaiak erabili dituztela.
Handik ez oso urrun, Anatolia penintsulak marrarik garbiena erakusten bide digu. Esana da Istanbulen bertan bi munduen arteko zeharkaldia egin dezakezula. Nazio turkikoek, ostera, kate bat osatzen dute Txinatik (Xinjiangetik) Europako atarira, horietako asko gure kontinentean barrena ere hedatuta (gagauzak, karaimak, tataroak, bashkiroak eta abar).
Geure ikuspegitik azpimarratzekoa da euskarak ere Asia eta Europa artean ibili diren hizkuntza askorekin ezaugarri ugari partekatzen dituela, bestelako hizkuntza europarretan aurkitu ohi ez direnak.
Amaitzeko, utzidazue nire ukitu pertsonala gehitzen hemen. Neuk hemendik hara eta handik hona bidaiatu nuen, hegaldirik hartu gabe. Iparreko bidea hartuta, Siberia osoa trenez zeharkatu nuen, eta “Asiako” lehenengo hirian (Yekaterinburg, Errusian) ez nuen kutsu berezirik sumatu. Itzultzean, Zetaren Bideari jarraitu nion, Txinako Xi'anetik abiatuta: Lanzhou, Xining, Urumqi, Kashgar... zalantzarik gabe, talka handiena Kazakhstanen sartzean eduki nuen: Almaty hiriburu ohia, herrialdearen ekialdean kokatuta, erabat europartzat jo nuen begi-kolpean. Aldaketa izugarria izan zen paisaian, giroan, kulturan eta jendearengan, Txinako Herri Errepublikatik etorrita. Egia da, bestalde, geroago Iranen sartuta, sentsazio hori Azerbaijanera heldu arte ez nuela nabaritu; baina dena dela, Turkia ere bere osotasunean nahiko europarra iruditu zitzaidan.
Ikusi dugunez, badira lotzen gaituzten kontu asko eta historikoki edota kulturalki banantzen gaituena ausazko samarra da. Gaurko munduan inoiz baino ageriago gelditu da esteka hau: nekez saihestu genezake Asiaren eragina gurean, koronabirusaren kasuan frogatu den bezala.