Eta hala izanda, Patrizio bera seguruenez galestarra zen jaiotzez, Britannia erromatarrean k.o. V. mendean sortua, gutxi gorabehera gure Prudentzioren garai bertsuan. Diotenez, mutikoa zela Irlandara eraman zuten bahituta, eta handik ihes egin bazuen ere, apaiz egin eta gero herrialdera itzuli zen bertako populazioa kristautzera. Edozelan ere, Patrizio zelta zen hizkuntzaz eta kulturaz, Irlandako gaelikoen antzera.
Mende horietan erresuma txiki ugariren nahaspila zegoen Irlandan. Historiaurreko tribu anitzetatik eratorri ziren klanen eta haiei lotutako buruzagien menpe zegoen lurralde osoa. Batasun politikorik ez bazegoen ere, Goi Errege (irlanderaz ard rí) baten figura sakratua bai. Sendi nagusien oinordeen artean hautatua, Tara muinoan zin egiten zuen bere kargua, eta iturri zaharren arabera, jatorriz Amalur jainkosa batekin ezkontzaren bitartez erdiesten zuen bere botere sinbolikoa.
Gaelikoen erlijio politeista suntsitzeko asmoz iritsi zen uhartera Patrizio, eta zelten sinesmenak ondo ezagututa, euren iruditeria propioa baliatu zuen jentilak fededun bihurtzeko. Nagusiki bi alderditan sumatu dezakegu bere estrategia hori. Batetik, mito indoeuropar gehien-gehienetan jainkoak hirunaka zeuden aurkeztuta, bereziki indiarretan (adbz. Indra, Varuna, Vishnu), germaniarretan (adbz. Týr, Odin, Thor) eta zeltetan (adbz. Taranis, Teutates, Esus); esana da Patriziok hirusta landarea horrexegatik erabili zuela kristautasunaren santidade hirukoitza azaltzeko orduan, bertokoek ezaguna baitzuten horrelako hirutasun jainkotiarra. Ikur zelta gisa behin eta berriro erakutsi den triskelak ere antzeko metafora sakratu bat dauka barruan, gure lauburuak bezalaxe, baina oso egiantzekoa da zelten aurrekoa izatea, kontuan hartuta Harri Aroko aztarnategi irlandarretan ere agertu dela (Newgrange). Bestetik, San Patriziori egozten zaio Irlandako sugeen kanporatzea, eta kondaira bitxi horri kutsu paganoa antzematen zaio: erlijio zaharraren bazterketa bera izan daiteke ekintza hori ulertzeko modu errealago bat, antzinako kultura europar askotan, han eta hemen, sugeen gurtza aurre-indoeuropar bat topatu da eta, besteak beste Pirinioetan, Baltikoan eta Grezian.
Egunotako ospakizunetara itzuliz, nabarmentzekoa da San Patrizio eguna baino lehenago Euskaraldiaren antzeko ekimen bat antolatzen dutela 1902. urtetik, Seachtain na Gaeilge (“irlanderaren astea”) izenekoa, hizkuntzaren erabilera bultzatzeko helburuarekin.
Baina nortzuk ziren “zeltak”? Zer dakigu euren hizkuntzez?
Funtsean, Erdialdeko Europatik Brontze Aroan migratutako herriak ziren, Europan zehar norabide desberdinetan sakabanatu zirenak, gehienbat ekialderantz (Grezia, Anatolia) eta mendebalderantz (Galia, iberiar penintsula eta irla britainiarrak). Izan ere, Irlandan eta Britannian bi uholde zelta egon ziren, linguistikoki bata q-zelta deitzen duguna (goidelikoa) eta bestea p-zelta (galo-britainiarra). Dirudienez, irla britainiarretan Harri Arotik zegoen populazioarekin, hainbeste megalito utzi zituztenekin, nahastu ziren asimilazio prozesu batean.
Historia hala gertatu zenez, bestelako banaketa bat gehitu behar dugu: zelta “kontinentala” eta zelta “insularra”. Egundaino iraun duten hizkuntza zelta guztiak (galesera, irlandera, gaelera eta bretoiera) bigarren multzokoak dira, gugandik urrutixe, zelta kontinentala (galiera eta zeltiberiera) latinaren presiopean desagertu zen eta.
Gurean ere egon ziren. Ez da oso urrun joan behar Bizkaian eta Araban hainbat lekutan induskatu diren kastroak eta oppida (“oppidum”, singularrean) zelta-estiloko Erroma aurreko bizitokiak aurkitzeko. Erromatarrak iritsi aurretik, herri euskaradunak zeltek inguratuta zeuden, eta seguruenez hein handi batean nahastuta ere bai. Hain zuzen ere, jatorri zeltikoko toponimo ugari badira Euskal Herrian, ez soilik -ika amaiera dutenak Bizkai sartaldean (Gatika, Sondika, Gernika, Gabika, Gorozika...), baizik eta -(a)ma dutenak ere Bizkaian, Araban, Gipuzkoan eta Nafarroan (Lezama, Osma, Ultzama, Zegama, Sesma...), eta are gehiago, Bergantza (< Brigantia) eta Bergantzu (< Brigantium) bezalako leku izen zelta gardenak Araban.
Euskararen lexikoan ere bere aztarna utzi zuten zeltek, mailegu batzuk hizkuntza erromantze goiztiarren baten bidez heldu bazaizkigu ere. Horietako zenbait aditu gehienek onartzen dute hizkuntza zeltetatik datozela, hala nola, andere (*anderā > irlanderaz ainder), erreka (*rīka > gaeleraz riach), galga (*gallikā > irlanderaz gall 'harlauza'), gereta (*clētā > irlanderaz cliath), gezi (*gaesos > irlanderaz gae 'lantza'), izokin (*esok- > irlanderaz eó), maite (*mati- > irlanderaz maith 'on'), mando (*mandos > irlanderaz mennar 'orbandun'), praka (*brakka), ui (*bīwā > irlanderaz bí) eta zilar (zeltiberieraz silabur).
Beste batzuk, ordea, proposatu dira baina ez dute zabalpen handirik izan, esaterako, arraun (*rawm- > irlanderaz rámha, bretoieraz roeñv), bertz (*kwarios > irlanderaz coire, galeseraz pair), berro (*beru > irlanderaz bior 'hesola'), birrin (*bregno- > irlanderaz bréan 'mindua'), dundu (*dubu- > irlanderaz dubh), erbi (*erbi- > irlanderaz erb 'orkatz'), erro (*erro- > irlanderaz err 'buztan, mutur'), ganga (*kambikā > irlanderaz camb 'oker'), gori (*goro- > irlanderaz gor 'gartze'), garrasi (*gāri- > irlanderaz gáir), karra (*karr- > irlanderaz carr 'gurdi'), lei (irlanderaz leáigh 'urtu', bretoieraz leizh 'heze'), leka 'lerde, heze' (*legetā > irlanderaz lige 'milika'), mardo/mardul (*māro- > irlanderaz mór), mendi (*monid- > galeseraz mynydd, bretoieraz menez), orkatz (*iorkas > irlanderaz iuchair, galeseraz iwrch), traka (*drkā > irlanderaz dreach 'itxura') eta zorri (*soro- > irlanderaz sor).
Hitzez gain, esango dugu hizkuntza zeltek eta euskarak 20 zenbakia oinarrian duen zenbaketa sistema komunean dutela. Gaur egungo irlanderaz islatzen ez bada ere, Eskoziako gaeleraz gorde dute: deich 'hamar', fichead 'hogei', fichead's a deich 'hogeita hamar', dà fichead 'berrogei', dà fichead's a deich 'berrogeita hamar', trì fichead 'hirurogei', trì fichead's a deich 'hirurogeita hamar', ceithir fichead 'laurogei' eta ceithir fichead's a deich 'laurogeita hamar'. Euskal Herritik oso gertu, Frantzian ere galieraren zenbaketa zaharraren lorratzak ikusi daitezke soixante-dix, quatre-vingts eta quatre-vingt-dix hamarkadetan.
Hizkuntzaz haratago, badaude antzekotasun batzuk mitologiaren arloan. Antzinaroko euskaldunek zuten zuhaitzekiko gurtza eta druida zelten azturak estuki lotuta ei daude, bereziki haritzei dagokienez, eta kondairetan jaso ditugun zeruaren eta ekaitzaren jainkoak baliteke zelten erlijio zaharrari zor izatea. Galtzagorriak bezalako iratxoak erabat arruntak dira zelten artean (leprechaun irlandarrak edo korrigan bretoiak), eta oro har jentilen eta mairuen lur ezkutua oso antzekoa da Sídhe deritzon mundu irlandarrarekin.
Amaitzeko, irudikatu dezagun Harri Aroko Irlandako populazioa, zelten aurrekoa, eta garai hartako Pirinioen inguruko biztanleak enbor bereko ezpalak izan zirela. Zentzu horretan John Rhys ikertzaile zeltistak 1884. urtean iradoki zuen irlandera zaharraren ond hitza (“harria”) aurre-indoeuroparra zela, IX. mendeko glosario batean idatzita zegoelako tribu iverniarraren berba bat zela. Rhysek berak iverniarrak eta iberiar penintsula lotu zituen, esanez tribu irlandar horretakoak euskaldunen ahaideak izan zitezkeela. Nolanahi ere den, guk hondar eta hondakin tankerako hitzak dauzkagu, euren askotariko esanahiei begira jatorriz “harri txikien multzoa” edo izan zitezkeenak. Halaber, harrigarria da ikustea Harriko Aroko material nagusien izenak irlanderaz carraig (“harri handia”) eta adharc (“adarra”) direla, *karrikā eta *adarkā, hurrenez hurren, euren forma berreraikiak izanda.
Beharbada, Atlantikoan barreneko aspaldiko bide ahaztuek etengabeko harreman kultural eta linguistikoak ahalbidetu zituzten Euskal Herriaren eta Irlandaren artean.