Pandemia hasi zenetik askotan aurkitu dugu geure burua egoera berberetan, birusaren hedapenak eta horren aurkako neurriek behartuta. Olatuak gora eta olatuak behera ibili gara aldian-aldian, irtenbide bat topatu nahi eta ezinean. Izan ere, oraintxe iaz bezalatxu ei gaude.
Txarrak beste, abaguneak ere errepikatzen dira. Ziklikoa ote da gure bizitza? Neu ere orain abiapuntuan nago berriro, eta bizitzan behin baino gehiagotan gertatu zait. Holakoetan atzera begiratzeko momentua da, zer utzi dugun, zer daukagun eta zer ikusten dugun eta horren inguruan hausnartzeko.
Eta hala ere, bidaiatzeko orduan ibilbide zirkularren zale izan naiz, horrela ez baituzu leku berberetatik pasatu behar, ez bada zure azken helmuga abiatu zinen puntua delako. Bidaiaren amaiera hasieran topatzen duzu. “Amaya da asiera”. Hor mugarria.
Eta bizitzan ere horrela ibiltzen gara, ildaskak edo surguak zeharkatuz: “on track”, ingelesez esaten den bezala, aurrera eginez dagoeneko jorratutako bide batean, arrakastaren bila. Orratz bat binilozko disko baten gainean bezala, pista batean korrika eginez, ohartu gabe ezinbestean amaierarantz abiatzen garela.
“Kurtso” hitza ere pistaren esanahi berberekoa da, eta irailetik ekainera arte ibilbide borobil hori egiten dugu urtero. Ikasten ote dugu inoiz gure buelta horietan? Ingelesdunek fonetikoki hurbila den “curse” (madarikazio) hitza daukate, eta seguru askorentzat etengabeko errepikapen hori zigor antzekoa dela. Behin eta berriro antzeko egoeratan topatzen gara: irakaspenak praktikan ipintzeko garaia da, bizitakoari zukua eta mamia ateratzeko.
Nietzsche filosofo aleman ospetsuak ideia hau garatu zuen bere obra batzuetan. Bere ustez, gure bizipen guztiak errepikatzera kondenatuta gaude, akaso koma bat ere aldatu gabe, ihes posiblerik gabeko mundu determinista batean harrapatuta, etengabeko ziklo batean trabatuta. Idazleak dio posibilitate horren gainean sikieran gogoeta egitea geure “zamarik pisutsuena” dela, barruan eduki ahal dugun pisurik handiena. Azken finean, gure patuaren jabe ote gara?
Onartu behar dugu denbora lerro bat izango balitz bezala hautematen badugu ere, unibertsoaren osaketa zirkularra dela, hasi atomoetatik eta galaxietan buka. Adinarekin ikasi dut bizitza ez dela biribil bat, espiral bat baizik, ez zarelako inoiz leku ber-berberetatik pasatzen, ibai berberean birritan igeri egin ezin duzula bezala. Korrontea ez da sekula gelditzen.
Eta ez dago espiral horretatik irteterik, minotauroaren labirintuan egongo bagina bezala. Baina gure esku dago espiral hori goranzkoa ala beheranzkoa izatea, ahalegina eginez gero. Ausartuz gero. Behintzat, saiatu gaitezen. Eta bidea gozatu helmugara heldu arte.