Bilbo udalerriak aldaketa ugari jasan ditu bere historian zehar, jatorriz soilik gaurko Zazpi Kaleak izanik. Behin Abando, Begoña eta Deusto udalekin batuta eta Txorierriko herriak gure hiritik bananduta (XX. mendean), mendien arteko ibar estu batek osatzen du Bilbo. Horrela, Nerbioi-Ibaizabal inguruan hazi da hiria eta Bilboko edozein bazterretatik mendiak ikusgai daude; horixe da bere xarma bereizgarrienetako bat.
Badirudi Bilbok bere izena ibaiari zor diola, bere urak bilbe moduan hedatuz, lehen hirigunea bere ahoan kokatu baitzen, itsasadarra eta ibaia batzen diren lekuan: Bilbaho, Ibaizabalen aho bilbatua. Izan ere, hortik oso hurbil Askao (aho askea) errekatxoa zebilen, egun izen bereko kalea dagoen tokian, eta Nerbioiren ibilbidean hegoaldera, ez urrun, Ugao (ur + aho) ere bai. Gipuzkoan ere Oria ibaiaren ahoan Orio (< Oria-aho) dago.
Hala ere, aldatsetatik gorantza ezezagun samarrak dira Bilboko auzo batzuk behe-hiriko biztanleriarentzat, mendi-baso domeinuetara hurbilduz gero goiko estartak eta bidexkak beste garai bateko isla bihurtu dira eta. Basurtun bertan naturaren lehenengo zantzuak igartzen dira, izenetik hasita: Basoko ortua. Azken hamarkadotan garapen handia izan dute Basurtuko landa garaiek. Behinola Oro garagardoaren fabrika egon zen ospitalearen aurrean, eta hortik gora Bentak zeritzon eremu zabala. Mutikoa nintzela, horko hormetan oraindik ikus zitezkeen abereak eusteko burdin uztaiak.
Auzo horietako batzuk aresti eraikiak badira ere, hala nola Lezeaga eta Auntzetxeta, beste batzuen hastapenek 50. eta 60. hamarkadetako txaboletara garamatzate: Masustegi, Mintegitxueta, Altamira... Zenbaitetan ospe txarra eduki duten baztertuen babeslekua izan dira goiko auzoak: ijitoak, emigratuak, langileria pobretua. Erdigunetik uxatuta, muino eta maldetan topatu zuten hala-moduzko bizitzeko tokia. Harrigarriro, bizi-bizirik dago galiziar hizkuntza auzo horietako bizilagun askoren ahoetan.
Aipatutakoak gaur ondo urbanizatuta dauden herrixka tankerako auzoak izan arren, nekazal giroak oraindik dirau inguruan, Kobetan eta Kastrexana ganan, besteak beste. Bide batez, Kastrexana berez mendiaren bestaldera badago ere, hango zubiak badauka kondaira polit bat, Euskal Herriko beste muturrean errepikatzen dena, Zuberoako Ligi herriko zubiarena.
Dena dela, amak kontatzen zidan txikitan baserritarrak jaisten zirela mendietatik Bilbo erdigunera esne freskoa eta abarrekoak saltzen. Esan dezagun gutxi arte usadio zaharren gordelekuak izan direla auzook. Herriaren esentzia ez da galdu, ortuak eta abeltzaintza ez ezik (behiak eta ardiak Bilbon!), euskara ere XX. mende amaierara arte mantendu zelako. Gure arnasgune naturalek euskara bilbotarrari ere zirrikitu bat eman zioten Arraizen, Larraskitun, Buian...
Hego-mendebaldeko zeharkaldia eginda, haranaren aurreko aldean ere, ipar-ekialdean, antzeko egoera aurkitzen dugu. Hiriak bete-betean harrapatu eta barneratu dituen auzo garaiak, Otxarkoaga edo Arangoiti adibidez, nahiz eta bestaldekoek bezalako iraganak eduki, eta herrixka itxurakoak, Abasolo eta Artxandaren ingurukoak: baserriak, abereak eta iratzeak nonahi (Txomin Agirre idazleak zioen bezala: hi ez haiz mendikoa, ez dirudik gutarra, joan zaizkik hemengo garo usainak). Hain zuzen ere, orain Artxandako igoera zaharberritu nahi dute, eta beldur naiz ez ote dioten hiri barruko parke baten antza emango.
Hemendik animatzen zaituztet gure auzo horiek bisitatzera, hiri aldapatsu honetan gehiagotan komeniko litzaigukeelako porlanezko zorutik begirada altxatzea eta mendi-magaletara zuzentzea. Auzo garaiak ezagutu eta zaindu ditzagun!