Neuk ez dut uste bidaia handirik egingo dudanik, baina arlo honetan esperientzia handia daukadanez, hona hemen Europatik irten gabe aurten egin litezkeen ibilbide historiko-kultural interesgarri batzuk. Hasteko, dagoeneko egin ditudan lau aurkeztuko dizkizuet.
1) Europa eki-erdialdeko Budapest hiri erraldoitik Itsaso Beltzaren ondoko Odessa porturaino. Bidaia honetan Hungariako hiriburutik abiatuko gara Errumania eta Moldavia zeharkatzera. Ezin dut Budapesti buruz asko esan jadanik esanda ez dagoena: Danubio ibaiak banatzen dituen Buda eta Pest hiriak Europa osoko ederrenen artean daude. Hortik ekialdera joateko trenez egin daiteke lasai, Debrecen Hungaria ekialdeko hirian geldiune bat eginez. Errumaniako Satu Mare hirian Maramures eskualde zirraragarriaren atea izango dugu, nahiz eta hiriak berak ezer berezirik ez daukan. Maramures Errumaniako ipar-mendebaldean dago eta, diotenez, kultura errumaniarraren esentzia gorde du. Landa eremu honetan Sighet da herri nagusia, eta hortik beste herri polit batzuk ere bisitatu daitezke: Sapanta (eta bere “hilerri alaia”) eta “biserici de lemn” (egurrezko elizak) dituzten Desesti, Budesti eta Barsana, besteak beste. Ekialderago, Bucovina (edo Hegoaldeko Bucovina, beste zati bat Ukrainan dago eta) aurkituko dugu, baina Maramuresetik iristeko (dena trenez posible bada ere), Tihuta mendate famatuan barrena egin behar da, XIX. mendeko Dracula eleberrian agertzen zen “Borgo mendate” berbera. Giro alpinoa duen Bucovinan ospe handia dute eliza batzuetan margotuta dauden fresko koloretsuek eta euren urdin koloreak (adibidez, Voronet monastegian).
Moldavia herrialdera (Moldovara) heldu aurretik, Errumaniako Moldavia eskualdea bera ikusi beharko dugu, eta zer hobe Iasi bere hiriburua baino: etorbide zabalak eta jauregi ikaragarriak zain dituzue. Moldovako hiriburura, Chisinauera, ailegatzeko badago autobus bat Iasitik (uste dut 4 bat ordu direla) eta han herrialde oso diferente bat topatuko duzue, Europar Batasunetik kanpo. Gainera, Moldovako zati bat burujabea da Sobietar Batasuna desegin zenetik: Transnistria (edo Transdniester) Errepublika, populazio errusieradunarekin, non iragan komunistaren zaleek asko gozatuko duten. Transnistriako hiriburutik (Tiraspoletik) badago tren bat Ukrainako Odessaraino, itsasertzean kokatzen den hiri dotore eta animatua, kultura handikoa.
2) Balkanetako hegoaldean, ordea, beste ibilbide aparta bat deskribatuko dizuet, beharbada gutxitan urratutako bideetan barrena. Hasiera-puntua Grezia iparraldeko Tesalonikan izango dugu, Mazedonia eskualdeko hiriburua. Hiria Inperio Bizantziarrean kasik Konstantinoplaren mailan egon zen Tesalonika eta oraindik ere ikusgai dago monumentu eta hondar askotan. Inguru horretan ere badago zer ikusi: Kavala portu ederra edo Veria herri otomandarra, esaterako. Iparraldera joz gero, Mazedonia herrialdean sartuko gara, hau da, orain ofizialki “Iparraldeko Mazedonia” deitzen dena. Trenez egin daiteke Tesalonika eta Skopje hiriburuen arteko bidaia. Herrialde horretan oso gomendagarriak dira Vitola eta Ohrid herriak. Ohrid izen bereko lakuaren ertzean dago, eta hor dugu Albaniarako sarbide erraz bat, auzoko herrialde hori uraren bestaldean baitago. Albanian zehar mugitzeko minibusak erabili beharko ditugu. Tirana hiriburu kaotikoa bisitatzeaz gain, ezin dira Berat eta Gjirokastër gotorlekuak galdu. Azken horretatik kostaldean dagoen Sarandë herrira joan gaitezke hortik itsasontsiz Greziako Kerkyra (edo Corfu) uhartera zeharkatzeko, antzinako Errepublika veneziarraren kokaleku bat.
3) Tenperatura freskoagoak gustuko dituztenek beste aukera bat dute Finlandia eta Norvegia artean. Laponiako lurraldeak (“Sápmi” laponieraz) herrialde askotan hedatzen badira ere (Errusian eta Suedian ere bai), proposatuko dizuedan ibilbide hau Rovaniemin hasten da, Lappi eskualdeko hiri nagusian. Hor filmatu zen Julio Medem zinegile donostiarraren “Los amantes del Círculo Polar” sonatua. Halere, benetako Laponia kulturala apur bat iparralderago kokatzen da: Inari lakuan. Han laponiar gutxiengoak bere zentro politikoa dauka Finlandian. Lakuaren ertzean oso kanpin polit batean gelditu ginen orduan, eta lakuan bertan uharte bitxi bat dago: Ukko zeruko jainkoaren irla. Kilometro batzuk are iparralderago, Karasjok dago Norvegian, laponiarren hirigunea herrialde horretan.
Bi leku horietan kultura horren gaineko parke, museo eta eraikin batzuk bisitatu daitezke, inguruko natura ederra miresteaz aparte. Norvegiako iparraldean Europa kontinentaleko punturik iparraldeena dago: Ipar lurmuturra (Nordkapp). Alabaina, ez da bereziki interesgarria eta garestia izan daiteke hara joatea. Mendebalderago, tartean glaziarrez koroatutako fiordoak zeharkatuz, Alta herria topatuko dugu, badia oso zabal batean kokatuta. Bere atrakzio nagusia historiaurreko margoak dira, uraren ondoko harkaitz batzuetan eginak. Gure ibilbidea Tromso hiri norvegiarrean amaituko dugu, Lyngengo Alpeetatik oso gertu, harrizko mendi ikaragarriek inguratutako uharte batean dagoena, fiordo ezin ederrago batean.
4) Etxetik askoz hurbilago, Ipar Euskal Herritik ordu gutxitara, Perigord eta Quercy eskualde okzitaniarrek (Dordoina ibaiaren inguruan) asteburu luze baterako entretenimendua eskaintzen dute. Perigueux hiritik abiatuta, Sarlat, Rocamadour edo Beynac bezalako leku historikoak ezinutzizkoak dira. Bidean ere badaude herri txiki batzuk, hala nola, Martel edo Lacave, non Erdi Aroko dorre eta gaztelu itzelak ikusi daitezkeen. Hitz laburrez esanda, eremu horretan aurkituko duzuen den-denak bidaia merezi du. Ezin duzue huts egin.
Pirinioen bestaldean, penintsulan, badira egitea gustatuko litzaidakeen bidaiatxo batzuk, gutxi ezagututako landa eremuetan zehar, herri xarmagarriez beteak.
Izan ere, Lleidako Pallars eta Urgell eskualdeetako haran piriniotarrak nire jomugan daude. Mendien artean ezkutatuta, euskal jatorriko toponimo ugari daude hor: Esterri, Artiés, Salardú, Alós, Sorpe, Arestui, Biscarri, Araós, Isavarre, Unarre... Badirudi Vall d'Anèu-n Europako lehenengo sorgin ehiza egon zela, eta beharbada ez da harritzekoa euskaldunen eragina kontuan hartuta. Horretaz gain, arkitektura erromanikoa ikusi eta mendi txangoak egiteko aukera dago. Auzoko Andorra ere bisitatzea ez legoke gaizki, ez bainaiz inoiz egon.
Bestalde, beti izan dut jakinmina Errioxa garai eta Soriari buruz, gugandik hurbil daudelako, eta nahiko ezezagunak direlako. Interesgarria izango litzateke baskoien eta euskaldunen aztarna zaharren bila joatea lurralde horietan zehar. Badakizue erromatar garaiko euskal izen batzuk aurkitu zirela han, ezta? Sesenco, Oandissen, Agirsar...
Amaitzeko, Mediterraneora bidean Teruel eta Castelló artean dagoen Maestrazgo eskualdeak ere erakartzen nau. Askotan irakurri dut herri potolo historiko batzuk daudela hor. Badago Euskal Herriarekiko lotura ere: Albarrazin leinu nafar baten domeinua izan zer Errekonkista garaian, Gaztela eta Aragoitik kanpo XIII-XIV. mendeetan.
Espero dut eskainitako ideia batzuk aprobetxagarriak izatea! Uda on-ona pasa!