Izan ere, esango nuke gehienok oso gutxi dakigula Portugalen gainean, eta hau ez da ausazko konturik. Ausartuko nintzateke esatera Espainiari ez zaiola inoiz komeni Portugalen existentzia bera ere, doktrina nazionalista espainiarraren muina ukatzen du eta. Hori dela eta, hedabide espainiarrek inoiz gutxitan aipatu ere egiten dute herrialde hori, eta are gutxiago han zer gertatzen den azaldu.
IX. mendean, Asturiaseko Erresumaren agindupean, Vimara Peres noble asturiarrak (“Peru” Praviakoaren semeak) Minho eta Douro ibaien arteko lurraldea konkistatu zuen. Portus hiria ere (gaurko Oporto) atzeman zuen mairuen eskuetatik, eta halaber errekaren bestaldeko Cale hiria (gaurko Gaia); bien izenetatik (Portu-Cale) eratorritako Portugal konderria sortu zuen Alfontso III. Asturiasekoak.
Alabaina, oraindik hiru mende pasa ziren Portugalek independentzia lortu arte. XII. mendearen lehen erdian Portugaleko kondea Leon eta Gaztelako errege galiziarraren menpetik aldentzen ahalegindu zen, Santimamineko guduan bere amaren armada galiziar-portugaldarraren kontra aritu behar izateraino. Hamarkada bat beranduago, Leongo tropei ere aurka egin zien Valdevezeko batailan, Galiziatik ez oso urrun. Garaile irten zen portugaldarra. Errege galiziarrak 1143. urteko urrian onartu zuen bere erresumaren zatiketa: Portugaleko Erresuma jaio zen.
Eta horrek guztiorrek zerikusirik dauka Espainiarekin? Bai, hain zuzen ere “Hispania” (> Espainia) erromatarrek penintsulari emandako izena baita, eta horrela ulertu zen harik eta Espainiar Estatua XIX. mendean sortu arte. Beraz, “Espainia” proiektu inperialista baten ikurra izan da betidanik: penintsulako beste erresumen gaineko erresuma. Nafarroako Antso Nagusiak ere “Espainiako enperadore” titulua hartu zuen, garai hartan penintsulako monarka boteretsuena baitzen.
Gaur egun, Portugal Espainiatik kanpoko herrialde iberiko bat izatea mundu ikuskera horren kontra doa. XII. mendeko bataila baten zorizko emaitza da Portugalen sorrera, baina, euskararena bezala, Portugalen misteriorik handiena ez da bere jatorria, bere biziraupena baizik. Hurrengo ataletan horren berri izango dugu.