Valentziera-katalanarekin gertatzen denez, galiziera eta portugesa ere hizkuntz sistema bakar baten parte dira, bien dialektoen artean ezin baitira muga zehatzak ipini. Erresuma berberaren menpe zeuden bitartean, hizkuntza bakartzat hartzen ziren, latinetiko garapen eta aldaketa partekatuak izanda. Galiziera-portuges zaharrak zazpi bokal zeuzkan, hizkuntza erromantze gehienen moduan, eta bost bokal sudurkari: ã, ẽ, ĩ, õ eta ũ. Azken horiek bere bilakabide fonetiko esanguratsuenak sortu zituen, alegia, n kontsonantearen galera bokal artean: luna > lua, bona > boa, mano > mão… (harrigarriro, gauza bera gertatu zen euskaraz: arena > harea, corona > koroa, catena > katea…). Halere, hitz amaieran kontsonante sudurkaria “neutraldu” zen, ingelesezko ng hots moduan ahoskatuta, nahiz eta egungo portugesez ahoz galdu den (aurreko bokala sudurkarituz): um ‘bat’, bem ‘ondo’, bom ‘on’. Galizieraz eta portugesez bokal arteko l kontsonantea ere desagertu zen: color > cor (coor zaharra), celu > céu ‘zeru’, baina kontsonante herskariekin bilduta r bihurtu zen: clavo > cravo, blanco > branco, plato > prato.
Hizkuntza biek komunean dituzten ezaugarri guztiak gorabehera, denboraren poderioz urrunduz joan ziren, banaketa politikoa zela eta. Galizierak ez bezala, portugesak estandarizazioa eta gramatizazioa jasan zituen Errenazimentu garaian, europar estatu modernoen sorreran hizkuntza nagusi guztien antzera. Portugesaren ortografia orduan finkatu zen, galizieratik aldentzen duten nh, lh eta ê bezalako grafiekin, eta b/v letrak eta hotsak ondo bereizita.
Galiziera, ordea, Leon-Gaztelako gortearen hizkuntzaren gerizpean gelditu zen: eragin fonetiko, gramatikal eta lexikoa handik jaso zuen, eta mendeak pasa zituen hizkuntza gutxitu gisa, prestigiorik gabekoa, etxe barrukoa, lagun artekoa. XIX. mendera arte ia idatzi gabe egon zen galiziera, garai horretako Rexurdimento-ri esker (pizkunde galiziarra) berriro idazteari ekin zioten eta. Mugimendu horren barruan portugesarekiko erlazioaren eztabaida sortu zen, “gaztelaniaren eraginik gabeko galizieraren aldaeratzat” jo baitzuten portugesa. Hori dela eta, galizieraren “reintegracionismo” deritzonak portugesera hurbiltzea du xede, batez ere ortografian. “Berriro sartze edo batze” horrek ondorio politikoak dauzka, gaztelaniatik eta bere eraginetik askatuko bailuke Galiziako hizkuntza, eta hain zuzen ere, bere arrakasta sonatuena izan zen Europar Parlamentuan galizieraren “ofizialtasuna” lortzea, ahoz zein idatziz, portugesaren idazkera erabiliz gero.
Iradoki bezala, gaur egun ere Portugal iparraldeko minhoto dialektoa galizieratik oso hurbila da, eta, esaterako, b eta v hotsak ez dira ondo bereizten (galizieraz eta gaztelaniaz bezala), baina portuges estandarrean bai, non idazkeran zein ahoskeran ondo markatzen diren. Oporton bertan “giro galiziarra” igarri nion hiriari, ez dakit nola adierazi: arkitektura tradizionala, kaleen antolamendua, elizak, eguraldia… Bidaiatzean herrialde batetik bestera dagoen aldea sumatzea gustatzen zait, normalean progresiboa delako, eta ez bat-batekoa. Helburu horrekin, Vigotik trenez joateko desira neukan (bi ordu baino ez dira), baina azken momentuko ezusteko batengatik, hegazkinez lurreratu behar izan nuen Portugalen.
Berehala ohartu nintzen gaztelaniadunen jarrera harroaz Portugalen. Bisitariak eta turistak izanda ere, gehienek ez zuten inongo esfortzurik egiten portugaldarrek ulertu ziezaieten: gaztelania hutsean aritzen ziren, Espainian egongo balira bezala. Nago portaera horrek barruko sinismenak islatzen dituela.
Neu, pozarren ezezagun dudan beste hizkuntza batez inguratuta, portugesaren kontutxu batzuk ikasten ahalegindu nintzen; oinarrizko hitz eta esaldi batzuk bereganatu eta erabiltzea ez da zaila. Atentzioa eman zidatenen lehenengo ezaugarrietako bat izan zen hitz batzuetan atzizkiaren aurretik sartzen den -z- epentetikoa, baldin eta hitzaren amaieran nahiz atzizkiaren hasieran bokalak badaude, hala nola, só ‘bakarrik’ + -inho (txikigarria) > soZinho (euskaraz ere umeZaro eta nerabeZaro esaten ditugu, haurtzaro hitzaren ereduari jarraituz). Esango nuke ‘bakarrik egotea’ adierazteko horixe dela formarik ohikoena gaur egun, beharbada só fonetikoki txikiegia delako. Zentzu horretan, apenas hitza da só-ren ordezkapen arrunta ‘soilik’ adberbioaren esanahiarekin: apenas esse ‘soilik hori / hori baino ez’.
Egia da, bestalde, Portugaleko portugesean bokalak asko murrizten direla ahoskatzean, eta horrek ulermena ikaragarri zailtzen digu. Gainera, bidaian beranduago ikasi nuen -agem amaiera dutela euskaraz -aia duten hitzek, adibidez, viagem ‘bidaia’ edo paisagem ‘paisaia’, eta hitz femeninoak direla! Uma viagem ‘bidaia bat’, uma paisagem ‘paisaia bat’. Dirudienez, atzizkiko -m sudurkaria (etimologiatik ez datorrena) eta genero aldaketa imagem ‘irudi’ hitzarekiko analogiak eragindakoak dira. Era berean, bitxia gertatu zitzaidan espero ez nuen azalpen zaileko rainha ‘erregina’ forma (rei ‘errege’ bada, zergatik ez **reinha?).
Azkenik, nola ez, arabiarren eragina nabarmena da portugesean, gaztelanian bezala. Mendeetan zehar aldamenean bizi zen kultura horretako mailegu batzuk oso arrotz ditugu, gaztelaniak ez baitzituen hartu: alfaze ‘uraza, letxuga’, alfarrábio ‘liburu zaharra’, alfândega ‘aduana’… eta beste batzuk ezagunak izan arren, eraldatuta dauzka portugesak: bairro ‘auzo’. Eta hala ere, kultura arabiarra ez da soilik hizkuntzan agertzen; herrialde osoan azulejoak daude nonahi. Hegoalderago, auzo musulmanak izandakoak daude, Lisboako Mouraria eta Alfama bezalakoak, baina Lisboaren inguruan hurrengo artikuluan jardungo dut.