Beste erresuma iberiarretatik XII. mendean aldendu zenez geroztik (horiek batzeko abian ziren eta), Portugalek historia dibergentea izan du hainbat alderditan. Zentzu horretan, herrialdeak ez zeukan aukera gehiagorik biziraun nahi bazuen, bere begirada Leon-Gaztelatik harago ipintzea baino.
Independentzia lortu zuen errege berberak berehala ingelesekin itun militarra sinatu zuen 1147. urtean. Harrigarria bada ere, gertakari hau txiripaz gauzatu zen, Ingalaterratik Lur Santura zihoazen soldatu gurutzatuek eguraldi txarragatik Oporton gelditu behar izan zutelako. Ingelesen laguntzarekin Lisboari setioa ezarri zioten, artean musulmanen eskuetan zegoen eta. Portugal funtsean Oporto inguruko erreinu txiki bat zenez, ez zuen botere nahikorik Badajozeko taifa menderatzeko. Izan ere, gaurko hiriburu portugaldarra nortzuen eta norvegiarren kontrolpean egon zen hiru urtez Portugalen parte izan baino 4 hamarkada lehenago. Ingalaterragatik izan ez balitz, beharbada Lisboa ez zatekeen inoiz Portugal izango.
Aitzitik, Lisboako setioa arrakastatsua suertatu eta portugaldarrek gaztelua bereganatu zuten. Geratzeko aukera eman zieten bertako biztanleei, eta, Espainian ez bezala, populazio musulmanak Lisboako auzo garaietan jarraitu zuen mendeetan zehar. Mende bat geroago hiriburu bilakatu zuten, sorgunea izandako Oportok estatusa galduz.
Lisboatik hegoalderagoko lurraldea ere laster jausi zen Portugaleko tropen oinetara, eta Algarve (“mendebaldea” arabieraz) Andaluzia baino 3 mende goizago konkistatu zuen Alfontso III.enak, Portugaleko lehen erregearen birbilobak. Hortaz, XIII. mendean barneko “errekonkista” amaitutzat jo ahal izan zuten eta indarrak bestelako zereginetara bideratu. Europa kontinentalerako bidea itxita, Atlantikorantz jo zuen Portugalek. Lisboa penintsularen hegoaldeko badia erraldoi batean kokatuta egoteak ere lagundu zuen, eta horren lekuko dugu Belemgo dorrea itsasadarraren bokalean, non ozeano zabala helmuga zuten ontziak agurtzen zituzten.
Jakina denez, Ingalaterrarekiko aliantzak gaur arte iraun du, eta herrialde bien arteko hurbiltasun politikoak ere bai, Espainiaren (Gaztelaren) kontrako ezkutu gisa askotan baliatuta. Elkarren babesa norabide bikoa izan zen, eta XIV. mendean portugaldarrak Gaztelako koroaren erregegaia zen John Gantekoaren armadan partaide izan ziren. Noble ingelesa errege gaztelauaren alabarekin ezkondu zen eta haren izenean abiatu zen tronua eskuratzera. Halere, porrot egin zuen bere asmo horretan.
Harrezkero, Espainia eta Portugalen arteko harremana Errusia eta Ukrainaren artekoa bezalatsukoa izan da: espainiarrek uste dute portugaldarrak euren “anai-arrebak” direla, eta gehienei iruditzen zaie herrialde bakar bat izan beharko luketela. Bortxaz ahalegindu ziren 1762. urteko inbasio espainiarretan, nahiz eta jazoera hori Espainian irakasten ez den (Nafarroako konkista irakasten ez den bezala). Hiru aldiz saiatu ziren Portugalen sartzen eta hiruretan atzera egin behar izan zuten espainiarrek, bertakoek eta inguruak akuilatuta. Lehenengo inbasioan, 22000 soldatuk ipar-ekialdeko muga zeharkatu zuten Oportoraino heltzeko asmoz, baina tropak gaizki hornituta zeudenez, lurraldeko gerrillek garaitu ahal izan zituzten. Bigarren inbasioan, hain menditsua ez zen Beira probintzian sartu ziren eta Lisboara bidea hartu zuten, baina ordurako ingelesak iritsiak ziren Portugalera, eta anglosaxoiei esker armada portugaldarra garaile atera zen. Hirugarren inbasioan, Extremaduratik eraso egin zuten espainiarrek, baina bataila galdu zuten, inongo gotorlekurik hartu gabe.
Mesfidantza gaur arte sumatu dezakegu, espero denez. 2020ra arte Lisboatik irteten zen tren batek penintsula osoan zeharkako bidea egiten zuen Madriletik eta Irundik pasatuz. Pandemia garaian eten egin zen zerbitzua eta ez da orain arte berrezarri, herrialde bien arteko desadostasunengatik. Esan genezake Portugalek kasik ez duela trenbide loturarik Espainiarekin, soilik Galiziatik (Oporto-Vigo) dago irteera eraginkor bat. Espainiako gobernuak dio abiadura handiko trenbide sarea lehenetsi nahi duela, baina Portugalek nahiago du korridore atlantikoa bultzatu, nonbait Madrilen eraginari beldur diote eta (abiadura handian bi ordura baino ez litzatekeelako egongo). Eta horrela bi hiriburu europarrek elkarri bizkar emanda jarraitzen dute.
Holakoxea izan da herrialde txiki baten patua auzo indartsu eta inperialista baten alboan. Hasieran Leoni eta Galiziari atxikita bazegoen ere, bananduta eman dituen mendeak ez dira debalde igaro, eta Portugalek eragin eta hautu oso desberdinak izan ditu historian zehar, Espainiatik bereiziz: atzerriko aliantza berriak, kultura arabiarraren oinatza, Atlantikora aiherra… Nago euskaldunok badugula zer ikusi eta zer ikasi Portugaletik.
Tintontzian geratuko dira oraindik ere mintzagai batzuk, Brasilekiko erlazio berezia, esate baterako, baina horri euren kolonia zaharra bisitatu ostean helduko diot, etorkizunean inoiz, batek daki.